Urte askoan, oinak dantzan

Argia dantza taldeak 'Aunitz-urtez' ikuskizuna estreinatuko du gaur, Bilbon, Arriaga antzokian

70 pertsona inguruk parte hartuko dute Aunitz-urtez ikuskizunean. ARGIA DANTZA TALDEA.
Maite Alustiza.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euskal dantzen ikuskizun berri batekin helduko da Argia dantza taldea gaur Bilbora. Aunitz-urtez ikuskizuna estreinatuko du Arriaga antzokian, 19:00etan. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, hamar dantza eskainiko dituzte hainbat musikari eta dantza talderen kolaborazioarekin.

«Denak revival-ak dira, molde eta ohitura zaharrekin», dio Urbeltzek. Euskal Herriko hainbat herritako ohiturak elkartu ditu oholtza gainean, dantzaren bidez. Hasteko, pare bat ezpata dantza; Eibarko Arrateko Amaren eta Iruñeko San Fermin Txikiren omenezkoak, hain zuzen. «Ezpata eta burdina jakintza metalurgikoarekin lotzen dituen tesi bat dago. Errementarien mundua islatu nahi izan dugu; nahiko fama txarra zuten, misteriotsuak ziren, eta alkimiarekin zuten lotura». Irradaka, erregelak, fandangoa, porrusalda eta ingurutxoak ere dantzatuko dituzte, baita «geografia munduan mitikoa den Irati basoko tradizioen inguruko dantza» ere. Orreagako erromeria-rekin amaituko dute ikuskizuna, Ama Birjina fidela doinua dantzatuz.

Lanaren izenburuaren atzean dagoena bereziki gustuko du Urbeltzek. «Baztango mutil dantzariak, Elizondoko festetan, plazaren inguruan biltzen dira urtero, txapela eskuan dutela, 'aunitz urtez' oihukatzen». Esapide horrek denboraz kanpo bizitzeko desio kutsua duela dio.

Guztira 70 pertsona inguruk parte hartuko dute ikuskizunean. Argia dantza taldeko dantzariekin batera, Elgoibarko Haritz taldeko dantzariak, Eibarko Kezka taldekoak eta Iruñeko Duguna taldekoak ariko dira. «50 gazte oholtza gainean ezpata dantza egiten ikustea izugarria da. Balioa ematen diote euskal kulturari». Zerbait berria egiteko proposamena heldu zitzaion Arriaga antzokitik. Taldeko partaideekin bilera egin, eta buru-belarri jarri ziren lanean. Ez da batere zaila izan, gainera. «Nik ideiak jartzen ditut, eta denon artean eztabaidatzen ditugu. Nirekin ondo portatzen dira, estimua eta errespetua sumatzen dut».

Urbeltzek badu esperientzia dantza emanaldiak zuzentzen. Hasieran saio monografikoak prestatzen zituen, eta Irradaka izan zen sorkuntza munduarekin harremana izan zuen lehen lana. «Ausardia guztiarekin azaldu ginen. Erantzun oso ona jaso genuen, eta niretzat aurkikuntza bat izan zen». Ordutik, egitura berari eutsi dio: «Beti egitura musikal bera errepikatzen badugu, antzeko emozioa sortuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.