Urtea bukatu arte iraungo du Gabriel Arestiren omenezko kultur programak Bilbon

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua, eta idazlearen erreferentzialtasuna eta ondarea ohoratzea da asmoa. Ostiralean egingo dute lehen emanaldia.

Gabriel Aresti idazlearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira antolatutako kultur programaren aurkezpena, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gabriel Aresti idazlearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira antolatutako kultur programaren aurkezpena, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 4a
15:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaltzaindiaren egoitzako bilkuren aretoan egon ohi den Gabriel Arestiren erretratua eskuetan hartu, eta familia argazki zabala bildu dute haren inguruan gaur, Bilboko Plaza Barrian. Bihar beteko dira 50 urte idazlea hil zenetik, eta haren lana aitortu eta ezagutarazten laguntzeko antolatutako programaren berri emateko egin dute erretratua. Ostiralean hasi eta urte amaiera bitarte iraungo duen ekitaldi programa antolatu dute Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren, Bilboko Udalaren, BBK fundazioaren eta EITBren babesa izan dute horretarako. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, errezitalak, erakusketak, kontzertuak eta antzezlanak biltzen dituen hamar ekitaldiko egitaraua osatu dute guztira, eta bi erabateko estreinaldi ere badira tartean. Joxean Goikoetxea musikariak Bilboko BBK aretoan abenduaren 4an estreinatuko duen Aresti mug(h)arri pieza da bata, eta Bilboko Koral Elkarteak abenduaren 10ean Arriaga antzokian eskainiko duen kontzertu errezitala da bestea.

«Arestiren mezua transmititu egin behar dugu». Haren ekarpenaren balioa nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak programaren aurkezpenean. «XX. mendeko euskal idazlerik berritzaileena» izan zela esan du, batetik, eta euskararen biziberritzearen alde egindako lana ere goretsi du. Eta, zehaztu duenez, hain zuzen ere, lan horren guztiaren meritua «aitortu, balioetsi eta ezagutarazi» nahi ditu haren omenez antolatutako programak. «Gizarteari esan nahi diogu: hemen bazen Gabriel Aresti Segurola, hemen bada hark utzitako arrastoa, eta arrasto horretatik baditugu bide batzuk euskal kulturarentzat eta euskarazko kulturarentzat. Eta arrasto horiek oso nabarmenak dira».

«Gizarteari esan nahi diogu: hemen bazen Gabriel Aresti Segurola, hemen bada hark utzitako arrastoa, eta arrasto hori nabarmena da»

ANDRES URRUTIAEuskaltzainburua

Urrutiak goraipatu egin du euskal literatura modernizatzeko Arestik egindako ahalegina, bai eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi «fin zorrotza» ere. Eta, horrez gainera, Arestik Bilborekin izan zuen lotura estua aipatuz, gogora ekarri du hiri handiek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia ere. «Beharbada, orain falta zaiguna da orduko borondatea, orduko desio fermua, euskara hirietan ere aurrera ateratzeko».

Eta egin ere, Bilbon egingo dituzte urteurreneko ekitaldi guztiak.

Euskaltzaindiaren egoitzan hasiko da egitaraua, ostiralean. Bilboko Udalaren Txistularien Bandak kontzertua eskainiko du bertan, eta Arestiren garaikide izandako hainbat konpositoreren piezak eta Arestiren poemen errezitalak tartekatuko dituzte. Ondoren, Gabriel Aresti Katedrak bi eguneko kongresu akademikoa antolatu du; ekainaren 19an eta 20an izango da. Gabriel Aresti kultura elkarteak koordinatutako Gabriel Arestiren mandatua izeneko egileari buruzko artikulu bilduma urrian aurkeztuko dute, eta azaroan Euskaltzaindiak antolatuko duen hitzaldi zikloa izango da programaren beste mugarri garrantzitsuetako bat.

Presentzia eta garrantzia

Erramun Osa euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko idazkariordeak esan duenez, iaz hasi zituzten egitaraua prestatzeko lanak, eta hasieratik izan zuten argi «elkarrekin» egin behar zutela lan hori. «Aresti gaur egunean ere presente dagoelako, eta, urteurrenetan, askotan, iraganaz hitz egiten den arren, gure asmoa izan delako, gehienbat, gaurkoei buruz eta Arestik egindako lanak ereindakoari buruz hitz egitea».

Euskaltzaindiko ordezkariez gainera, aurkezpen ekitaldian izan dira Arestiren senideak ere, bai eta programa babestu duten erakundeetako ordezkariak ere.

Arestik utzitako ondarea gaur egun ere «bizirik» dagoela aipatu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, adibidez. «Gabriel Aresti ez zen bakarrik poeta bat izan; euskalgintzaren eta literaturaren alorrean bere benetako berritzailea izan zen». Eta idazle modura egindako lanaz gainera, editore, itzultzaile eta euskaltzale gisa egindako lana ere gogoan hartu beharko liratekeela aipatu du.

Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Eider Inuziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak ere hartu dute hitza aurkezpenean, eta Arestiren ekarpenaren balioa nabarmendu dute haiek ere. Aresti hirian euskara biziberritzeko prozesuan «itsasargi» bat dela esan du Irabienek, esaterako, eta euskara ikasi dutenentzako «ikur» bat dela ere zehaztu du.

Haiekin batera, beste hainbat erakundetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Bertan izan da Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultura elkarteko kidea, adibidez. Eta EHUk ere izan du ordezkaritzarik. Igone Zabala EHUko Euskara errektoreordea ez ezik, Bea Zabalondo Gabriel Aresti Katedrako kidea eta Patxi Juaristi katedrako zuzendaria ere izan dira aurkezpenean. Halaber, Vanessa Fernandez eta Asier Larrinaga EITB taldeko ordezkariak ere egon dira aurkezpenean, bai eta Gorka Martinez BBKko zuzendari nagusia eta Carmen Martinez Bilboko Koralaren zuzendaria ere.

Arestik Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere eragina duela gogorarazteko datu bat ere eman du Erramun Osak aurkezpenean. Euskaltzaindiko idazkariordeak aipatu duenez, Patxi Oroz euskaltzain izandakoak egindako zenbaketaren arabera, guztira 740 hizkuntzatara itzuli baita haren Nire aitaren etxea poema ezaguna.

EGITARAUA

  • Ekainak 6. Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren etxea emanaldia eskainiko du. Arestiren garaiko hainbat konpositoreren lanak interpretatuko dituzte, Arestiren poemen irakurketa ere tartekatuz.
  • Ekainak 19 eta 20. Euskaltzaindiaren egoitzan, egun osoz. Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa. EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta. Besteak beste, ondorengo adituak arituko dira hizlari bertan: Joseba Zulaika, Asier Amezaga, Larraitz Ariznabarreta, Amaia Elizalde, Ismael Manterola, Kirmen Uribe, Lourdes Otaegi, Alex Gurrutxaga, Idoia Gereñu Odriozola eta Mikel Aierbe.

  • Ekainak 26. Bilboko Bizkaia aretoan, 11:00etan. EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta, Patxi Juaristik eta Beatriz Zabalondok elkarrekin koordinatu duten Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena egingo dute. Unibertsitateko bost fakultatetako 35 irakaslek eta ikaslek egindako testuak eta irudiak biltzen ditu lanak.

  • Urriak 6. Guggenheim museoaren areto nagusian. Bilboko Koral Elkartearen Gabriel Arestiren omenezko kontzertua.

  • Urriak 8. Gabriel Aresti kultura elkarteak koordinatutako Gabriel Arestiren mandatua liburuaren aurkezpena. Idazleak hainbat alorretan egindako ekarpena biltzen du lanak. Kulturgile garaikideei eskatu diete Arestik, besteak beste, euskararen, literaturaren, antzerkiaren zein bertsolaritzaren esparruetan egindako lana aztertzeko, eta haren lanak etorkizunean izan dezakeen proiekzioaz gogoeta egiteko.

  • Urriaren 14tik abenduaren 13ra. Bizkaiko Foru Liburutegian. Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa. Panel informatiboez eta argazkiez gainera, idazlearenak izandako hainbat objektu ere bilduko dituzte.

  • Urriak 15. EHUren Leioako campuseko Mikel Laboa plazan, EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta, Gabriel Arestirekin antzezlana eskainiko dute Kandido Uranga eta Inazio Tolosa antzerkigileek. Emanaldia doakoa izango da eta kalean egingo dute.

  • Azaroak 14. Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez. Euskaltzaindiak antolatuta, Gabrielen ispiluetan barrena solasaldia. Arestiren poesiak euren sorkuntzan izan duen loturaz eta eraginaz hitz egingo dute hainbat poetak. Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza izango dira tartean.

  • Abenduak 4. Bilboko BBK aretoan, 19:00etan. Joxan Goikoetxea musikariak zuzendutako Aresti mug(h)arri pieza eszenikoaren estreinaldia. Sortzaileak emanaldirako propio sortutako piezak aurkeztuko ditu, eta musikarekin batera poemen irakurketak ere tartekatuko dira.

  • Abenduak 10. Bilboko Arriaga antzokian. Bilboko Koral Elkartearen kontzertua. Musika ez ezik, poemen errezitalak ere tartekatuko dituzte emanaldian, eta hainbat kulturgilek hartuko dute parte, antolatzaileek zehaztu dutenez, guztien artean emanaldi korala osatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.