Musika

Urtemuga borobilaren atariko Getxo Jazz hasiko da bihar

Moises P. Sanchez pianistaren emanaldiarekin abiatuko da jaialdiaren 49. aldia. Camille Thurman & The Darrell Green Quartet, Charles Lloyd Quartet, Schetches of Latin Miles eta Immanuel Wilkins Quartet ere ariko dira igandera bitartean.

Chales Lloyd, 2017an Donostiako Jazzaldian emandako kontzertuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Chales Lloyd, 2017an Donostiako Jazzaldian emandako kontzertuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2026ko ekainaren 30a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohi bezala, ibilbide luze eta aitortua duten artisten eta bidea egiten ari diren musikarien alde egingo du Getxo Jazz jaialdiak aurten ere. Jazz jaialdiaren 49. aldia izango da aurtengoa, urtemuga borobilaren atarikoa, eta antolatzaileek festibalaren bereizgarriei eutsi nahi izan diete. Horiek horrela, jaialdiaren oholtza nagusian, Muxikebarrin, artista nagusiak ez ezik, taldeen lehiaketan parte hartzen duen banda batek ere joko du, egunero —igandean, lehiaketaren irabazleak beste kontzertu bat emango du—, eta azken urteetan bezala, Algortako Geltokia plazan doako emanaldiak izango dira. halere, ez dira ordaindu gabe ikusi ahalko diren emanaldi bakarrak, Muxikebarri parean eta Areetako hiri ingurunean ere izango baitira doako kontzertuak.  

Muxikebarriko kontzertuetan lehenengoa Moises P. Sanchez pianista eta konpositore madrildarrarena izango da: bihar arituko da. Sanchezek urteak daramatza jazza bestelako musikekin uztartzen —zenbaitetan, haren lanean agerikoak dira musika garaikidearen eta sinfonikoaren eraginak, baita rock progresiboarena ere—, eta horrek oihartzun handia eman dio. Grammy Latino sarirako hautagaia izan zen Unbalanced: concerto for ensemble diskoarekin, eta Espainiako Musika Independentearen saria bitan irabazitakoa da. Getxon Dedication II proiektua aurkeztuko du, hau da, orain dela hamabost urte New Yorken grabatu zuen diskoaren nolabaiteko segida. Agertokian Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta Cristina Mocha (ahotsa, artista gonbidatu gisa) izango ditu lagun Sanchezek. 

Beste molde bateko jazza ekarriko du Getxora Camille Thurman (New York, 1986) saxo jotzaile, konpositore eta abeslari estatubatuarrak, ostegunean. Jazz at Lincoln Center Orchestra ospetsuko lehen emakumea izan zen Thurman, eta, 2013an, Sarah Vaughn nazioarteko ahots lehiaketan parte hartu zuen. Urte berean argitaratu zuen lehenengo diskoa, Origin, eta, orduz geroztik, tradizioaren eta berrikuntzaren artean kulunkatzen diren beste hiru lan luze kaleratu ditu. Horietan errepertorio klasikoa eta konposizio propioak uztartu izan ditu. Getxo Jazzen, Darrell Green post-bop jazzeko bateria jotzaile ospetsuaren laukoteak lagunduta arituko da Thurman. Gregory Glassmanek (tronpeta), Paul Beaundryk (baxua) eta David Bryantek (pianoa) osatzen dute banda.

Jazz at Lincoln Center Orchestra ospetsuko lehen emakumea izan zen Thurman, eta, 2013an, Sarah Vaughn nazioarteko ahots lehiaketan parte hartu zuen

Getxo Jazzek aurten programatuko duen musikaririk beteranoena eta ospetsuena Charles Lloyd saxo jotzailea da (Memphis, AEB, 1938); 88 urte bete berri ditu, eta musikariaren curriculumari begiratu besterik ez dago haren pisuaz jabetzeko: 50etik gora disko grabatu ditu bere izenpean 1960ko hamarkadaren erdialdetik, eta XX. mendeko jazz musikari entzutetsuenekin egin du lan: Ornette Coleman, John Coltrane, Miles Davis, Keith Jarrett, Charles Mingus... Gainera, haren saxoa zenbait pop eta rock talderen diskoetan ere entzun daiteke. The Beach Boysen lau diskoren grabazioan parte hartu zuen, eta The Doors eta Canned Heat taldeetako kideek ere deitu zioten Lloydi haien lanetan jo zezan.

Lloyden azkeneko diskoa Figure in Blue da (2025), bluesetik baladara jauzi egin eta Blue Note zigiluak argitaratu duen lan bikoitza. Disko horretan, besteak beste, Duke Ellington, Billie Holiday eta Zakir Hussain omendu ditu musikari estatubatuarrak. Gerald Clayton pianistak, Harish Raghavan kontrabaxu joleak eta Kweku Sumbry bateria jotzaileak lagunduta ariko da Lloyd Getxon, ostiralean.

Maiatzean ehun urte bete ziren Miles Davis tronpetista jaio zenetik, eta, efemeride hori ospatzeko asmoarekin, hainbat proiektu ari dira gauzatzen hilabeteotan. Hain zuzen ere, Getxon Sketches of Latin Miles proiektua aurkeztuko dute Pepe Rivero (pianoa eta zuzendaritza musikala), Georvis Pico (bateria), Jorge Vistel (tronpeta), Reinier Elizalde El NegrĂ³n (baxua eta kontrabaxua), Yuvisney Aguilar (perkusioa), Roman Feliu (saxo altua) eta Daniel Lopez Donny (teklatuak) musikari kubatarrek. Proiektu horretan, zazpikoteak latin jazzaren eremura eraman du Davisen musika, baina tronpetistaren alderdirik elektrikoena alde batera utzi gabe.

Immanuel Wilkins saxofoi jole gazteak (Filadelfia, AEB, 1997) emango dio amaiera Getxo Jazzi, igandean. Wilkinsek 2020an argitaratu zuen estreinako diskoa, Omega laudatua, eta harrezkeroztik, estudioko beste bi disko plazaratu ditu, baita zuzeneko grabazio bat ere, hiru ataletan banatuta: Live at the Village Vanguard. Zuzeneko emanaldi horietan parte hartu zuten musikari berberek joko dute Getxon Wilkinsekin, hau da, Micah Thomasek (pianoa), Ryoma Takenagak (baxua) eta Kweku Sumbryk (bateria). 

Talde gazteen plaza

Getxo Jazz jaialdiaren ardatzetako bat da Europako taldeen lehiaketa, haren bereizgarrietako bat. Urtero antolatzen du, eta talde batek parte hartzen du Muxikebarriko kontzertu bakoitzean. Lau lehiakide izaten dira guztira, eta epaimahaiak irabazletzat jotakoak berriro jo ohi du azken eguneko kontzertuan. Urtero legez, hainbat taldek ematen dute izena, eta horien artean lau hautatu dituzte antolatzaileek: Saul Andreu Quartet (Espainia), Cristopher Perez Quartet (Espainia), Frame (Italia) eta Lirium (Frantzia).

Bestalde, kalean ere kontzertu ugari programatu ditu Getxo Jazzek. Hirugarren Milurtekoa atalaren barruan, Daniel Garcia piano jole espainiarrak Wonderland proiektua aurkeztuko du bihar, asteazkenean; Scanapiecco-Gere Quintet bikotea ariko da ostegunean, eta Idle Moments taldea ostiralean. Jaialdiaren azken bi egunetan bi euskal musikari ariko dira jaialdian. Larunbatean Iosu Izagirre kontrabaxu joleak Ilusio interpretatuko du, bere bigarren diskoa, seikote baten buru dela, eta igandean, azkenik, Borja Barrueta bateria jotzaileak Lambertiana bere azken laneko kantuak joko ditu.

Getxo Jazzek bestelako proposamenak ere bilduko ditu programazioan. Esaterako, larunbatean Jazz for Children ikuskizuna izango dute ikusgai eta entzungai gaztetxoenek, eta egun berean Mimo's Dixie Band taldeak dixie musika eta arte mimikoa eramango ditu Areetara eta Itzubaltzetara. Musikenen sortutako Thalatha taldea Geltokia plazan ariko da igande eguerdian, eta Indigo Jazz taldea, berriz, Muxikebarriren aurrean. 

KONTZERTU NAGUSIAK

Uztailak 1, asteazkena
19:00: Daniel Garcia Trio.

21:00: Moises P. Sanchez eta Saul Andreu Quartet.

Uztailak 2, osteguna

19:00: Scannapieco-Geremia Quintet.

21:00: Camille Thurman & The Darrell Green Quartet eta Cristopher Perez Quartet.

Uztailak 3, ostirala

19:00: Idle Moments.

21:00: Charles Lloyd Quartet eta Frame

Uztailak 4, larunbata

19:00: Iosu Izagirre Sextet.

21:00: Sketches of Latin Miles eta Lurium.

Uztailak 5, igandea

19:00: Borja Barrueta.

21:00: Immanuel Wilkins Quartet eta taldeen lehiaketaren irabazlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA