Beste talde batzuen abestien bertsioak egiteari utzi, eta bere abesti propioen bertsioak egiten hasi zen Urtz musika taldea. «Zein polita izango litzatekeen musika talde bat sortzea», esaten zion bere buruari Xabi Camarerok duela 39 bat urte. Hala, duela 38 urte sortu zuen taldea, klasekide batzuekin batera. Taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea da, hasiera-hasieratik.
Abesti mordoa sortu du taldeak urte horietan guztietan, hamaika estilotakoak, gainera. Horietako hamabost hautatu, eta bertsio akustikoan grabatu dituzte. Horietaz gain, abesti berri bat egin dute —Urtzen izena jarri diote—. Urtzen diskoan bildu dituzte denak, eta bi multzotan banatu: Bihotzak urtzen eta Izotza urtzen. Lehenengoa honako abesti hauek osatzen dute: Iragana hil baino lehen; Urtzen; Maite dut; Boulevardeko erlojua; Esnatzean; Gau ilun; Ihes, zu nigan eta ni zugan; eta Bizitzarekin dantzan. Bigarrenean, berriz, hauek: Hautsa astinduz; Kaixo; Xoxoak beleari ipurbeltz; Negua datorrenean; Ez gaitu inork geldituko; Oh, lur; Aingeru; eta Azken eguna.
Aspalditik zuen buruan Camarerok abestiak akustikoan grabatzeko ideia. Azaldu duenez, taldearen abesti gehienek estilo hori dute oinarrian, «gitarra akustiko batekin, piano batekin edo ahotsarekin bakarrik» baitaude grabatuta. Baina akustikotik urruntzen diren zenbait efektu gehitu zizkien: «Gehienak distortsionatu egiten genituen, soinu indartsuagoekin emateko».
Azken lanean biluztu egin dituzte orain arteko hamabost abesti, eta «beste modu batera jantzi». Abeslariak aitortu du eraldaketa horrek hainbat xehetasunez jabetzeko lagundu diela, baita asko ikasteko ere: «Konturatu gara beste soinu batekin ere lortu daitezkeela momentu lasaiak, eta indartsuak aldi berean». Abesti asko «oso desberdinak» gelditu direla adierazi du, eta «deskubrimendu» hitzarekin definitu du prozesua.
«Konturatu gara beste soinu batekin ere lortu daitezkeela momentu lasaiak, eta indartsuak aldi berean»
XABI CAMARERO Urtz taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea
Diskoaren izenburua bera bada esanguratsua, eta, taldearen izenaren antzekoa izateaz gain, Camarerok azaldutako eraldaketarekin ere zerikusia du. «Alde batetik, hasieran gogorragoak ziren abestiak urtu egin ditugu, haien bihotzera joan, eta berriro eraiki. Beste aldetik, diskorako egin dugun abesti berriak ere Urtzen izena du. Bertan esaten dugu gizakiok gure barnera begiratu behar dugula, barruko koloreak kanpora ateratzeko».
Antzokietako esperientzia
Taldeak hainbat musika estilori egin die leku bat, hala baladei nola rock kutsuko abestiei. «Ez diegu mugarik jarri abestiei. Beren lekua izan dute, nahiz eta estilo oso desberdinak izan». Orain, ordea, beste esparru bati eman nahi izan diote garrantzia: «Interesgarria iruditu zitzaigun disko bat hartu eta patxadaz entzuteko aukera izatea entzuleak. Abestiak jarraian entzuteko aukera ematea, modu erlaxatu batean».
Horrez gain, probatu nahi zuten diskoak bestelako oholtzarik izan ote zezakeen; esaterako, antzokia. «Haren iluntasuna eta isiltasuna gustuko ditugu. Hala ere, aitortu beharra daukat bertan jotzeari errespetu handia geniola; izan ere, dena oso argi entzuten da. Ondo eginiko gauzak oso polit geratzen dira, baina gaizki egindakoa ere agerian geratzen da».
Zuzeneko emanaldiak
1988. urtetik gaurdaino egindako hamabost abesti aukeratzea «oso zaila» izan dela aitortu du abeslariak: «Badira zenbait abesti nahi eta nahi ez disko honetan sartu behar genituenak. Aspalditik jotzen ez genituen beste batzuk ere sartu ditugu. Beste batzuk, berriz, itzalean geratu dira». Edonola ere, diskoan agertzen ez diren beste hainbat abesti ere jotzen dituzte kontzertuetan.
Jada hasi dute aurkezpen bira, eta Iruñean egingo dute hurrengo emanaldia, larunbatean. Datozen hilabeteetan, berriz, honako leku hauetan izango dira: martxoaren 5ean, Gasteizen; apirilaren 17an, Donostian; eta maiatzaren 23an, Donapaleun.
Horiek kontzertu akustikoei dagozkie. Baina argitu du haien betiko rock estiloari ere eutsiko diotela. Udara begira, esaterako, hainbat kontzertu dituzte lotuak; beraz, bi estiloak tartekatzen ibiliko dira uda amaitu bitartean behintzat.