Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala. Aitor Sarriegi. Gipuzkoako bertsolari txapelduna

«Uste dut ona litzatekeela bertsolari ez-profesionalak izatea»

Txapelketatan punta-puntan dabil Aitor Sarriegi azken urteotan. Euskal Herriko txapelketan finalera iritsi zen azkenengoan, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun berria da.

Beñat Zamalloa Akizu.
Donostia
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ospakizunen biharamunean, «ondo, lasai, gustura» zen Aitor Sarriegi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun berria (Beasain, 1976). Hala ere, «leherketa handiagoa» espero zuen txapeldun zela jakin zuenean. Txapeldunaren agurrean, kantatu behar zuenaren gainean pentsatzeak gehiago hunkitu zuen. Azken Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan finalista izanda ekin zion txapelketari. «Txartela ziurtatuta neukan bakarra nintzen parte hartzen zutenetan, eta baneukan derrigortasun moduko bat kasualitatea ukatzeko eta hori demostratu behar bat». Derrigortasun hori bertso mailarekin lotu du txapelketan txapelarekin baino gehiago.

Atzoko lasaitasunak berritik ere bazuen, txapelketan bizpahiru aste katarroarekin egon ostean. «Ez dut nerbiorik sentitu, baina nik uste dut azaleratzeko beste era batzuk daudela, eta, agian, hori da bat». Tolosan nabari izan zitzaion eztarria hartuta aritu zela. «Nik uste egoera pertsonalaren ondorio direla askotan. Neure burua ikusi dut normalean baino desorekatuago, zalantzatiago...».

Txapelketan sufritu ere egin du, Hondarribiko final-laurdenaren aurretik «asko» eta Tolosako finalaurrekoan «saioan bertan». Euskal Herriko azken txapelketan finalista izateak eragin zion saio aurreko «presioa» Hondarribian. «Fase hori pasatzen dutenak Euskal Herriko txapelketara doaz, baina zuk pasatzen ez baduzu, egongo da bat Euskal Herriko txapelketan kantatuko ez duena eta zure aurretik gelditu dena». «Gutxien-gutxienean» hori bere buruari eta jendeari zor ziolakoan iritsi zen txapelketara. Tolosan, «kalkulatzailea» izanik, puntu erantzunean poto egiteak lekutik atera zuen.

Bereziki prestatuak zituen puntu erantzunetan ez, baina ariketa bizietan luzitu da gehien txapelketa honetan: «Eta hori da harrigarriena neure buruarekiko ere. Beti ariketa erreflexiboetarako dohain handiagoak ikusi izan dizkiot neure buruari». Ez du «kolpeko bertsolari» moduan hainbeste ikusi bere burua. Sentipen «arraroak» izan ditu uste ez zuen ariketetan finago aritu denez.

Hobea izana

Teknikoki bertsolari hobea izana dela irizten dio. «Urteak ez dira alferrik pasatzen; motibazioa ez da bera... 25 urterekin nik txapelketa honen aurrean Uxue [Alberdi], Beñat [Gaztelumendi] eta beste belaunaldi horrekin neukan kezka handietako bat zen haginen zorroztasuna, zenbateraino koska egiteko gogoa izango zuten, eta hori aldatu egiten da urteetan». Horregatik iruditzen zaio «miresgarria» Jexux Mari Irazu txapelketan ikustea. «Ez dakit erlaxazio une batean nagoen. Nik uste dut gauza batzuk ikasi ditudala plazan, baina ordaindu dudala prezio tekniko bat ere berreskuratzea gustatuko litzaidakeena».

Buruz burukoan hazi zen saioa, eta Beñat Gaztelumendik orduan erakutsi zituen hagin zorrotzak eta kosk egiteko gogoa: «Ikusten nuen hazten ari zela, eta memento horretan estu samar sentitu nintzen». Hamarreko txikian Gaztelumendik gain hartu eta gero, saioko ariketa bizienean hartu zion neurria Gaztelumendiri. «Gero, puntutan, irristadatxo bat egin nuen, baina nahiko eroso sentitu nintzen. Puntutako saio osoa agian ez zen izan izugarrizkoa, baina uste dut rifirrafe politak izan zirela», dio entzuleak gehien piztu zuen ofizioaz. Kartzelara joateak «mesede» egin zion, bederatziko txikiarekin kezka zuelako.

Ohi denez, buruz burukoan, finalaren azkenean egin zuen gora giroak. 9.200 bat bertsozale zeuden borobilean jarrita Illunbeko zezen plazan. Ala ez?: «Nik nahikoa garbi dut, eta nahiko gertuko jendeari begiratuta esan dezaket, gainera, atzo Ilunben bildutako 9.000 lagunen artean ez daudela 9.000 bertsozale». Saioetarako oinarri polita izan litekeen ispilatzea omen da finaleko entzule kopurua.

Txapelketa gaztea dela esan izan dute, eta ez dator bat bertsolari batzuen hutsunea «beti» egon dela-eta: «1995ean, hutsuneak ziren Andoni [Egaña], Sebastian [Lizaso], Peña, [Xabier] Euzkitze, [Jon] Sarasua... Eta badirudi oraingo zerbait dela, baina 1985ean, Euzkitze eta Sarasua ziren Maialen [Lujanbio] eta biok gaur egun baino sei urte gazteagoak, Andoni izango zen gutxi gorabehera Maialen gaur egun baino urtebete gazteagoa...». Hortik ondorioztatu du final gaztea izan dela diotenean «gezurra» diotela. Aurreko finalak ere balio dio tesia indartzeko: «Orain lau urteko finalean, zaharrena Jon Maia zen; agurrean kantatu zuen, 35 urte zeuzkan; gazteena, Beñat [Gaztelumendi] zen, 20 urterekin. Aurten, gazteena Alaia zen, 24 urte betetzear, eta zaharrena, Irazu, 39rekin. 1991n, zaharrena Mendizabal zen, 35 urterekin». Aldaketa txapelketan baino gehiago «buruetan» dagoela pentsatzen du. «Agian, geure buruari ukatzen diogun zahartzaro hori aldatzen da, baina hor badago engainu bat».

Ulergarri zaio aurkeztu ez direnen jarrera, «nekosoa» delako: «Kontuan eduki behar da gure belaunaldian hasieratik finaletan ari direnek ia 20 urte daramatzatela finaletan kantatzen. Bukaera jarri behar zaio, edo selektiboa izaten hastea normala iruditzen zait». Hamasei urte daramatza txapelketatan Sarriegik.

Aurtengo txapelketako egoera ez da berria txapelketen historian, eta horretara «ohitu» behar dela pentsatzen du. «Bere garaian ohitu ginen bezala plazaz plaza zebiltzanen eliteko bertsolari gabedun txapelketak kontsumitzera».

Bertsolari ez-profesionala

Lau urte daude aurretik, eta ezin jakin zer gertatuko den urteotan, baina txapela defendatzearen aldekoa izan da beti. Euskal Herriko txapelketaren ostean, ez zuen berriz txapelketara aurkezteko asmorik, baina finalera iritsita eta txartela lortuta, zikloa beste lau urtez luzatzea erabaki zuen. Azaldu du zikloari beste bi urte gehitzea ere badela txapela defendatzea. Txapelketa nagusira aurkezteko asmoari eusten dio oraingoz.

Azken urteotan txapelketatan punta-puntan dabil Sarriegi; ez zaio, ordea, bertsogintza ogibide bihurtzea «burutik pasatzen». «Nik bertsoa zaletasun moduan daukat nire bizitzan, eta ez zait burutik pasatzen nire datorren hileko argindarraren faktura hil honetan egingo ditudan saioen menpe egotea». Urretxu-Zumarragako ikastolan dihardu lanean, eta plaza batzuk utzi izan ditu plaza «gehitxo» zirelako.

Bertsotarako bertsoarekin zerikusirik ez duen langintza batean aritzea ontzat jotzen du. «Beste gauza batzuen artean, guk kantatzen diogun publikoa ez da bertsotara dedikatzen, beste langintza batzuetara dedikatzen da, eta publiko horrengan eragiteko edo publiko horrengan sinesgarritasun bat izateko iruditzen zait euren antzeko erreferentziak edukitzea komenigarria dela». Antzeko erreferenteak ikasteko bidea euretako bat izatea dela du bide zuzentzat. «Nik uste dut bertsolaritzarentzat ona litzatekeela bertsolari ez-profesionalak izatea». Zalantza sortzen zaio zenbateraino mesedegarri den aztertzerakoan. «Batik bat kantatzen diogun herri horrengandik distantzia bat markatzen duela iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.