Mateo Zikuta Gasteizen jaioa da, 1999an. Martin du berezko izena, eta Ziarrusta abizena. 2017 inguruan hasi zen rapean, Ziakhus izenarekin. Oraintsu plazaratu du estreinako lana Martin Zikuta ezizen artistikoarekin, eta El Garto musikari adiskidea (Garikoitz Ortiz de Villalba, Gasteiz, 1999) lagun hartuta: Ketura operazioa.
Ziakhus noiz bihurtu zen Mateo Zikuta? Eta zergatik aldaketa hori?
2019an atera nuen Ziakhus izenpean azkenengo lan moduko bat, Asteroide batzuk. 19-20 urte nituen, eta gero hutsune bat egon zen, kanpora joan nintzelako ikastera. Musika egin ez nuen tarte bat izan zen. Berriro hasi nintzenean, sentitu nuen musika egiteko nahikoa gauza aldatu behar nituela; tartean, instrumentalak. Ezin nituela jada Youtubetik lapurtu, eman behar niola beste osotasun bat lanari…
Ketura operazioa izenburuak Gasteizko leku bat dakar gogora?
Bai. Gasteiztik gertu dagoen paraje bat da: gerra zibileko bi bunker daude. Madril Brigadako soldadu gazteek hormigoian utzitako izenak eta sinboloak daude: Viva el ejército rojo, eta igitaia eta mailua. Irudi potentea da, gure musikak politikarekin duen harremanaz hausnartzera eraman ninduena. Horregatik jarri nion diskoari operazio izena, disko guztiak klase borrokaren eta kultur gerraren operazioak direla agerian uzteko.
Terminologia belikoa erabiltzen duzu.
Rapean tipikoa da, baina nik disko kontzeptual bat egin nahi nuen, testuinguru horretatik abiatuta. Gerrak kultur menderakuntzaz eta egungo testuinguru belikoaz hitz egiteko ere balio du. Apur bat zinikoa eman dezake, benetako gerrak gertatzen ari diren honetan, baina tira: balio du gerraz hitz egiteko ere. Esan nahi dut, gerrak balio du kultur gerraz hitz egiteko, klase menderakuntzaz hitz egiteko —ezkutuan dagoen gerra bat baita, hain zuzen—, baina baita, zalantzarik gabe, egungo testuinguru belikoari eta horrekiko posizio politiko bati buruz hitz egiteko ere. Eta horren inguruko aipamen zehatzak badaude.
«Uste dut hitzekin oreka lortu dudala: izaera kritikoa eta gauzak esplizitu esatearena; irudien bitartez hitz egitearena. Ez dut ebidenteegia izan nahi»
Intro bat eta hamar kantu ditu Ketura operazioa-k. Misilen zain da horietako bat, eta baditu zenbait ezaugarri aipatzeko modukoak. Esaterako, hasieratik garbi adierazten du zein duzun begirada, zein den gizartearekiko zure begirada kritikoa. «Ez dago bakerik eta si vis pacem. Etsaiaren eztanda ikusi nuen iris baten». Indartsu, alde batetik, eta lirikoa ere bai.
Uste dut hitzekin oreka lortu dudala: izaera kritikoa eta gauzak esplizitu esatearena; irudien bitartez hitz egitearena. Ez dut ebidenteegia izan nahi. Gaur egun eskasia handia dago horretan.
Bestetik, erreferentzien ugaritasuna, «gerraren artea» eta Sun Tzu aipatzen dira. Badago sample bat Oskorriren Ez zaitut katibu nahi kantuarena ere, eta beste kantuetan Obaba, J Martina, Xabier Lete eta abar ere aipatzen dira. Ez dira ausazko aipuak eta sample-ak, propio aukeratuak baizik.
Diskoan botatzen diren hitzezko erreferentzia horiek dira, nire ustez, rapak dauzkan gauza interesgarrietako bat; Name droping esaten den teknika hori. Iruditegi hori guztia sortu dut halako konstelazio bat eratzeko, eta balio du entzuleak geruza desberdinak ikusi eta entzunaldi bat baino gehiago egiteko. Horrek modua ematen du disko bera bi aldiz entzuteko, baina nazkatu gabe.
Diskoan ezinbesteko laguna eta bidaide izan duzu El Garto, musikaz eta ekoizpenaz arduratu dena. Nor da El Garto?
El Garto maisu bat da, intuizio handia eta gaitasun teknikoa dituena. Berak eta Unai Berbainddek koordinatu dituzte grabaketa eta nahasketa. Sample guztiak Euskal Herriko musikatik ateratakoak dira, baina modu ez-ebidentean. Ez ditugu trikitia edo txalaparta jarri, askok egin ohi duten moduan, baizik eta jazz, rock progresibo eta folk-rockeko soinuak bilatu ditugu. Sekulako lana izan da, eta esperientzia oso polita; musika horietara jo, entzun, eta gauzak aurkitzen saiatzea.
Badira jazzaren oihartzun batzuk edo soinu esperimentazio batzuk.
Bai, oraintxe bertan gehien gustatzen zaigun rapa apur bat ilunera jotzen duena da; loop errepikakorrek, pisutsuek eta dentsoek sortzen duten atmosfera biolento hori.
«Sample guztiak Euskal Herriko musikatik ateratakoak dira, baina modu ez-ebidentean. Ez ditugu trikitia edo txalaparta jarri, askok egin ohi duten moduan, baizik eta jazz, rock progresibo eta folk-rockeko soinuak bilatu ditugu»
Zurea ez den kantu bat aukeratzeko eskatu dizugu, eta esanguratsua izan da: Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren Poeta hoiek aukeratu duzu. Murmur-eko lehen gonbidatua Sara Zozaia izan zen, eta hark ere Lurdes Iriondo nabarmendu zuen. Esan liteke 1990eko hamarkadaren amaieran edo 2000ko hasieran jaiotakoek berriro begirada jarri dutela 60ko hamarkadako lehen kantagintzaren mugimendu hartan?
Bai, izan daiteke. Guk bizi izan dugu Euskal Rock Erradikal (RRV) horren forma estandarizatuenaren aje moduko bat. Nik 12-13 urterekin entzuten nuen musika gehiena estandar horren barrukoa zen, gitarra distortsioa, edo jai giroko tronpetak, eta abar. Eta, horren amaieran, horrelako irekidura momentu bat egon da; zerbait berriaren esperoan bezala geunden. Genero berri batzuk iritsi dira, eta nik uste dut jakin dugula atzera begiratzen, aurrera egiteko asmoz, eta ez folklorizazioaren zentzuan. Zalantzarik gabe, eta ez bakarrik Euskara Herrian, 60ko eta 70eko hamarkadetan eta gerora ere bai, orokorrean langile mugimendu internazionalaren aterpean egon dira adierazpen kultural batzuk. Eredu izan dira politikarekin duten harremanean, eta ez bakarrik hitzen aldetik, baita artistaren jarduna politikari nola lotzen zaion ere.
«Eta poeta isilik gelditu da, beldurrak eraginda», dio Letek. Egungo giro gatazkatsuan, hainbat gerra beliko eta kulturalen erdian, zer du egiteko poetak? Zer du egiteko musikariak, rap kantariak?
Nik uste dut galdera sinplifika litekeela, geure buruari galdetuta edonork zer duen egiteko. Bai, musikariak ardura berezi bat du, berak produzitzen duen objektu horrek karga ideologikoa eta karga semantikoa daukalako. Irudiak sortzen ditu, eta, zalantzarik gabe, zerbait eragiten du plaza publikoan. Baina nik uste dut denon kasuan exijitzeko modukoa dela horrelako esku hartze bat, posizio hartze bat, oraintxe guztia pikutara doalako. Artistak bere berezitasunetik egin diezaioke ekarpen berezi bat politikari, mezu batzuen bitartez, eta mobilizazio sozial bat eragin dezake; dirua lor dezake antolakundeentzat. Esaterako, martxoaren 21ean, Oihu bat Palestinara ekimenarekin egin antzera. Ez da nahikoa zerbait esatea edo txiokatzea, hori gutxien-gutxienekoa da.
«Musikariak ardura berezi bat du, berak produzitzen duen objektu horrek karga ideologikoa eta karga semantikoa daukalako. Irudiak sortzen ditu, eta, zalantzarik gabe, zerbait eragiten du plaza publikoan»
Nola ikusten duzu euskal raparen panorama?
Uste dut rapa, genero moduan, ez dela inoiz finkatu. Ez da egon nahikoa proposamen ezberdin, ez publiko horrentzako elikadurarik ere. Faktore soziologikoak ere badaude: Euskal Herrian ez da hainbestekoa izan raparen subjektu historikoa izan den gazteria marjinala. Inoiz norbaitek esan zuen Euskal Herrian lehenago gertatu dela traparen parodia, Gorpuzkingz eta momentu hori, benetako trapa baino. Gutxi-asko, Chill Mafia bai, hori har genezakeela traparen psikologia horren benetako eroale bat. Orain, egia da jendea pobretzen ari dela, eta raparen ondorengo generoak (urbanoa) hedatzen ari diren heinean, uste dut baldintza gehiago daudela gauza serioak gertatzeko rapean.
Zurea ez da oilarkerian eta beef-etan oinarrituriko rapa, baina, kritika sozialetik harago, badago zirikatze puntu bat zure hitzetan. 10 / 10 kantuan: «Hemen denok gara zerbait fidel. Entzuten zaborra jartzen naiz goibel. Euskaraz delako jartzen dira umel. Ez dira Eusko Label, dira Talobell».
Euskaraz izateagatik ez du zertan onarpen automatikorik eduki. Kritika, zentzu politikoan, zilegia eta beharrezkoa da. Nahi badugu zerbaitera heldu, egoera kulturala agerian utzi behar da. Disko asko ateratzen dira, eta ematen du inork ez duela ezer esateko ezeri buruz. Nik uste dut kritika, baina zentzu politikoan, zilegi ez ezik, beharrezkoa dela. Nik baliatu dut beef-aren kode bat, eta probokatu egin nahi dut, egoera kulturalari buruzko kritika bat agerian uzteko.
a ala b
Euskarri fisikoa ala streaminga? Ihes egingo dut, eta erdibideko zerbait esango dut: doako deskarga.
Areto txiki bat ala jaialdi handi bat? Eta berriro eskapatuko naiz, niretzat kontua ez baita non, baizik eta zertarako.
Autotunea, bai ala ez? Autotunea bai.
Folklorea, bai ala ez? Folklorea ez, gauza bat folklorizatzearen zentzuan. Tradizio batek dituen gauza emankorrak berreskuratu eta indartzea, bai.
Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala? Bigarrena esango dut. Horrela konpentsatzen dut lehen aukeratu dudan abestia (Xabier Leteren Poeta hoiek).