Donostiako 60. Zinemaldia

Ustel usaina darie den-denei

'Arbitrage'-k ireki du Sail Ofiziala, goi finantzen eta Justiziaren ajeak erakusten dituen filmak

Nicholas Jarecki, Susan Sarandon eta Richard Gere, atzo, filma aurkeztu eta gero. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Robert Miller 60 urteko exekutibo arrakastatsu eta limurtzaile bat da. New Yorkeko luxuzko etxe batean bizi da, barra-barra dauka dirua, familiako kideek maite dute, eta bere alabaren adineko amorante bat du. Zuzentzen duen enpresa, ordea, kiebra jotzekotan dago, eta, gainera, auto istripu bat edukiko du. Hondamenasaihesteko, eskura dituen hari guztiak mugituko ditu. Hori da, gutxi gorabehera, Arbitrage Nicholas Jareckik zuzendutako estreinako filmaren argumentua. Kursaaleko auditoriuma lepo bete zutenen eta txalo egin ziotenen aurrean aurkeztu zuen, atzo, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren Sail Ofizialeko hamalau pelikuletako bat da. Goi finantzen munduaren eta Justiziaren ajeez mintzo da. Hori betetzen duten hezur-haragizko pertsonen bizipenak kontatzen ditu suspensezko thriller-en moldearekin, eta inor ez da libratzen; izan ere, ustel usaina darie den-denei.

Halere, zuzendariaren asmoa ez da izan egungo finantza sistema deskribatzea edo kritikatzea. Ez. Haren intentzioa ikuslea «entretenitzea» izan dela aitortu zuen emanaldiaren ondoren Kursaaleko prensa aretoan egindako agerraldian. Aretoa ere, auditoriuma bezalaxe, jendez goraino zegoen. Kazetariak, ikusnahiak, gonbidatuak, despistatuak... Eta horien guztien parean, galderei patxadaz erantzuten, zuzendari hasiberria —33 urte ditu—, eta eskarmentu handiko bi aktore: Richard Gere (63 urte) eta Susan Sarandon (65 urte).

Prentsaurrekoari behar bezala ekiteko, Gerek kafe bat eskatu zion antolakuntzako laguntzaile bati. Millerren papera jokatzen du. Aktore estatubatuarrari iruditzen zaio bere herrialdeko finantza sistemak une honetan ez duela ongi funtzionatzen. «Besteen diruaz jabetu den jendea oraindik zigorrik jaso gabe dago». Arbitrage-n Sarandon da Millerren emaztea, Ellen. Ahobizarrik gabe mintzatu zen atzo: «Besteen diruaz jabetu diren horietako batzuk AEBetako Gobernuan daude».

Eta finantzen munduko pertsonei burutik pasatzen zaiena aletzen saiatu ziren. «Jolasa da kontua. Diru asko duen jendeak dena jolas bihurtzea gogoko du», esan zuen Gerek. Beti irabazteak mendetasuna sortzen du zenbait pertsonengan, Sarandonen iritziz. «Zikoiztasunetik haratagoko kontua da. Hori da gertatu den guztiaren ernamuina». Thelma eta Louise-ko (1991) protagonistak bere buruari galdetu zion zer pentsatuko ote duten pertsona horien amek. «Nola heziko ote zituzten halakok izateko?». Gereren iritziz, ezin da esan «munstroak» direnik. «Akatsak egin dituzten pertsonak dira». Haratago joan zen haren kidea, eta une batez borroka dialektiko batean murgildu ziren biak. «Nik uste dut munduan badirela pertsona gaiztoak». Dick Cheney «ugari» daudela esan zuen, 2001etik 2009ra bitartean AEBetako presidenteordea izan zena gogoratuz. «Bada enpatiarik gabeko jendea». Dena den, uste du Miller ezin dela Bernard Maddofekin konparatu .

Arbitrage-ko protagonistaren alderdi «liluratzailean» sakontzen saiatu ziren bai Jarecki eta baita Gere ere filmatzen hasi aurretik. Aktoreak pentsatzen du «inportantea» zela Millerren «Bill Clinton» alderdia topatzea, «horrek arazo guztiei aurre egiten lagunduko diolako». Kazetari bati iruditu zitzaion Gereren ibiltzeko modua izan zitekeela alderdi horren adierazgarrietako bat. Barre egin zuen 2007an Donostia saria jasotakoak, eta zera gehitu, umorez: «Kritikari brasildar batek behin esan zuen beltxarga bat lorategi batean bezala mugitzen naizela».

Rolex erlojua

Liluratzailearen guztiz kontrako papera jokatzen du Bryer detektibeak (Tim Roth). Jareckiri iruditzen zaio «intentsitate» handia ematen diola pertsonaia horrek filmari. Rolex erloju garesti bat erabiltzen du detektibeak eskumuturrean. «Horrekin erakutsi nahi izan dugu ustelkeria toki guztietan dagoela. Izan ere, inork uste zuen Poliziak ez duela tranparik egiten?». Ustel usaina darie den-denei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.