Donostiako 60. Zinemaldia

Utopiatik kaoserantz

'Foxfire' aurkeztu du Laurent Cantetek, emakumezko nerabe talde baten gizartearen kontrako matxinada

Madeleine Bisson, Laurent Cantet eta Katie Coseni, atzo. GORKA RUBIO / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Emakumeak eta pobreak izateagatik, umiliatu eta diskriminatu egiten dituzte New York estatuko herri batean, 1950eko hamarkadaren erdialdean. Eta Legs nazkatuta dago. Aitonak, gainera, gaztetako istorioak kontatzen dizkio. Kontu utopikoak, idealistak, liluragarriak nerabe batentzat. Klaseko lagun batzuekin elkartu, eta Foxfire izeneko elkartea sekretua eratuko dute, gizartearen kontra matxinatuz, mendekua hartuz, utopiara iristeko intentzioarekin. Baina hasierako bat egitea desegin egingo da pixkanaka, eta denboraren higatzeak kaosera eramango du elkartea. Laurent Cantet zinemagile frantziarraren azken lana da Foxfire, Joyce Carlos Oatesek 1993an kaleratutako eleberriaren egokitzapena. «Gizakiarentzat, nerabezaroa oso une erabakigarria eta aberatsa da», adierazi zuen atzo zinemagileak prentsaurrekoan. Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da.

Orain dela hamahiru urte zuzendu zuen Cantetek bere estreinako filma, Ressources humanies, eta harekin Zinemaldiko Zuzendari Berrien saria eman zioten. Entre les murs-ek (2008) famatu zuen, ordea. Orduan, azken pelikulan bezala, nerabeak ziren protagonistak. «Film hau aurrekoaren jarraipena da, bai. Nerabezaroari buruzko beste film bat egiteko beharra sentitu nuen». Baina bai ukitu dituen gaiak eta baita garaia ere diferenteak dira. Halere, ez du uste modu «ezberdinean» filmatu duenik. Iruditzen zaio, gainera, pelikulako gaiek badutela gaurkotasuna, orain dela ia 60 urteko gizartean kokatu dituen arren: «Matxismoa bizirikdago oraindik ere, eta baita emakumezkoen edo klase apaletako jendearen kontrako indarkeriak ere».

Horren kontra matxinatuko dira Legs, Maddy, Lana, Rita, Goldie, eta geroago batuko zaizkienak. Nerabeak izanda, hasieran jolasean bezala arituko dira, beren kontrako biolentziari jarrera ahalik eta gogorrenarekin aurre eginez. Erosiko dute baserri bat, eta hori izango da elkartearen «une gorena», zuzendariaren ustez. «Baina denborak aurrera egin ahala, egiten dutena terrorismoaren trazak hartzen hasiko da. Hain zuzen, ekintza horiek guztiak ez dira izango esperientziak emandako arrakastaren ondorioa, porrotera eramango dituena baizik». Cantetek nerabezaroko «konpromisoa» filmatu nahi izan du, «garai horretan oraindik ere ez ditugulako hori ulertzeko gakoak».

Katie Coseni (Maddy) eta Madeleine Bisson (Rita) aktoreak alboan izan zituen Cantetek atzo. Cosenik aitortu zuen «erraz» sartu zela paperean, «nerabezaroan denok dugun segurtasuna faltaz hitz egiten duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.