Bela Tarr 'Satantango' filmaren egilea hil da

Gaitz luze baten ostean hil da, Budapesten. 70 urte zituen. Film oso luzeak egiteko ohitura zuen, gehienak zuri-beltzean. Ikuspegi existentzial eta ezkorra zuen munduaz, haren filmetan ageri denez.

Bela Tarr Iruñean, 2024ko urrian. IÑIGO URIZ / FOKU
Bela Tarr Iruñean, 2024ko urrian. IÑIGO URIZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urtarrilaren 6a
20:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

1977an hasi eta lau hamarraldiko ibilbidean 11 film luze egin zituen Bela Tarr zinemagile hungariarrak. Haren lanik gogoratuenean —Satantango (1994)—, komunismoaren gainbeherak Europa Ekialdean izandako arrastoaz mintzatu zen. Zazpi ordu eta erdiko filma da, Laszlo Krasznahorkai 2025eko Literaturako Nobel saridunaren izen bereko eleberrian oinarritua. Denboraren trataerak, zuri-beltzak, plano sekuentziak muturreraino eramateak eta film filosofikoak ontzeak ezaugarritu dute haren moldea. Gaitz luze baten ostean hil da, Budapesten, 70 urtetan. 

Tarr 1955eko uztailaren 21ean sortu zen, Pecs hirian, Hungaria hego-ekialdean. Lehen lana 16 urte zituela filmatu zuen, langile zingaroen bizimodua ardatz hartuta. Sei urteren buruan, 1977an, lehen film luzea ondu zuen: Családi tűzfészek. Zuzendari gisa, Budapesten zaildu zen Tarr. Andrei Tarkovski zinemagile errusiarrari keinu eginez, «Tarkovski hungariarra» zela esaten zioten zale eta adituek.

Autore zinemaren eredu

Karhozat filmarekin, Tarrek Hungariako zinema independentearen lehen zedarria ipini zuen 1988an; Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian proiektatu zuten lehendabizikoz. Film horren gidoia, Satantango filmarena bezala, Krasznahorkairekin batera idatzi zuen Tarrek. Bien arteko elkarlanak eman zuen beste fruiturik ere: 2000 urtean Werckmeister Harmóniák filma ondu zuen Tarrek, Krasznahorkaik 1989an idatzitako beste eleberri batean oinarrituta. Filma Hungariako komunismoan girotuta dago, eta, tonu aski melankolikoan, Janos eta Gyorgyren bizitza kontatzen du. 2007an A Londoni Ferti filmaren gidoia idatzi zuten Tarrek eta Krasznahorkaik elkarrekin, Georges Simenonen eleberri bat moldatuta. Maloin trenbideko langilea da film horren protagonista; diruz betetako zorro bat hartuko du hilketa bat gertatu den eszenatokitik. 

Tarrek zinemari egindako ekarria denboraren erabileran datza, ekintza kontatzeko bide dramatiko klasikoa irauli eta definizio berri bat eman baitzion narrazioaren erritmoari. Bestalde, filmaren baitako elkarrizketak minimoetara murriztu zituen, eta ikuslea bizitzak berez dakarren higatzeari eta errepikapenari begiratzera behartu. Musika ere ahalik eta gutxien baliatzen zuen.

Haren zinema moldea ulertzeko, plano sekuentziak ezinbestekoak dira. Tarrek ikuspegi existentzial eta ezkorra zuen munduaz, eta denborari berari rol inportantea eman zion behin baino gehiagotan filmetan. Harentzat zinema ez zen entretenimendurako tresna bat, gizakia bere kontraesanen aurrean jartzeko bidea baizik. Alde horretatik, zinema filosofikoa egiten zuela esan liteke. Bederen, ikustekorik gutxi zuen Europa Ekialdeko errealismo sozialarekin, bai eta zinemako narrazio klasikoarekin ere.

Horren guztiaren adibide da, era berean, A Torinói ló (2011) filma. Hartan, baserritar elbarri baten eta haren alabaren bizimoduari heldu zion, eta muturrera eraman zituen bere zinema ezaugarritu zuten elementuak. Adibide gisa, hamar minutuko eszena batean bi protagonistak patatak zuritzen ageri dira isil-isilik. Urte hartan, zilarrezko hartza jaso zuen filmak Berlingo zinema festibalean.

Handik gutxira, erretiroa hartuko zuela iragarri zuen zinemagileak. Alta, beste bi film labur plazaratu zituen. Azken filma 2019an ondu zuen, enkarguz, Wiener Festwochen Vienako kultur jaialdirako: Missing People. Hartan, jende txiroa erretratatu zuen Austriako hiriburuaren oparotasunarekin kontrastean, orobat migratzaileak eta eskaleak. Harrezkeroztik, bideo instalazioei ipini zien arreta, sormen esparru moduan. Zinema irakasle ere aritu zen; Hungarian, Alemanian eta Frantzian eman zituen eskolak.

Tarr-en lanak inspirazio iturri izan dira zinemagile askorentzat azken mende erdian, besteak beste Pedro Costa portugesarentzat eta Apichatpong Weerasethakul tailandiarrarentzat —Cannesko zinema jaialdian urrezko palma irabazi zuen— ; baita Laszlo Nemes hungariarrarentzat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.