1881eko otsailean, Vera Zasulitx errusiar iraultzaileak gutun bat idatzi zion Karl Marx pentsalari eta iraultzaile sozialistari, Errusiako landa-komunaren patuaz zer iritzi ote zuen galdetzeko. Idatziz erantzun zion Marxek ere, baina ez berehalakoan, lau zirriborro egin baitzituen behin betiko gutuna idatzi aurretik. Horiek guztiak euskaratu, eta liburu batean batu ditu Katakrak argitaletxeak, Errusiako gutunak. Azken Marx, landa-komuna eta ezinezko iraultzak izenburupean. Eskuizkribu horien osagarri, beste bi testu ere baditu liburuak: batetik, Marxek Otetxestvennie Zapisky Errusiako populisten aldizkariko erredakziora bidalitako gutuna; eta, bestetik, Manifestu Komunista-ren bigarren argitalpenean Marxek eta Engelsek egindako hitzaurrea. Horri guztiari Montserrat Galceran adituak eman dio testuingurua. Jone Gartziak euskaratu du liburua.
Gertaera batek egin zuen ospetsu Vera Zasulitx: 1878an, San Petersburgoko gobernadore Fiodor Trepov jeneralari tiro egin zion, herri xehearen eta iraultzaile populisten aurkako errepresioaren buruetako bat zelako. Zasulitxek ez zuen lortu Trepov hiltzea, eta, epaitu zutenean, herri tribunalak errugabetzat jo zuen.
Baina ekintzailea ez ezik, ideologoa ere izan zen Zasulitx. Hala aurkeztu du Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko editoreak: «Batzuen ustez ekintza zuzena zen modu bakarra esklabismoari aurre egin eta iraultza egiteko. Beste batzuen ustez, ordea, hezkuntza zen bidea, herri xehea alfabetatu gabea baitzen. Zasulitxek bietatik egin zuen, eta eztabaida politikoetan ere parte hartu zuen, askotan Europako garai hartako eztabaidak errusieraratuta». Hain zuzen, talde populista horien bidez heldu ziren Marx eta Engelsen lanak Errusiara, hango errealitateak industrializazioarekin lotura handirik ez izan arren. Etxarte: «Posible ote zen Errusiako nobleziaren boteretik aparte nekazariek beren burua antolatzen zuten etxalde horietan beste gizarte baten hazia egotea? Ezinbestekoa ote zen industrializazio traumatiko eta gogor hura burura eramatea, sozialistek zioten moduan, iraultza lortzeko? Horixe da funtsean Zasulitxek Marxi galdetu ziona, eta Marx ikertzen hasi zena».
«Marxek hil arte jarraitu zuen ikertzen eta eztabaidatzen. Baina Marxen irudi hau ez du inork bere egin, komenigarriagoa zelako aurreko Marx, eta ez azken urteetakoa»
HEDOI ETXARTE Katakrak argitaletxeko editorea
Liburuak landa-komunak ditu hizpide, eta Etxarteren arabera «gaurko diskurtsoen interpelazio bat» egiten da bertan: «Hemen aipatzen da agian ez dela beharrezkoa gure planeta erabat suntsitzea beste proiektu bat hasteko. Agian has gaitezke pixkanaka, antolatzeko beste modu batzuk bilatuz». Beste «egia» bat ere azaleratzen du, Etxarteren aburuz: «Marxek hil arte jarraitu zuen ikertzen eta eztabaidatzen. Baina Marxen irudi hau ez du inork bere egin, komenigarriagoa zelako aurreko Marx, eta ez azken urteetakoa».
Zirriborroen garrantzia
Gartziak itzulitako lehen liburu argitaratua da Errusiako gutunak. «Pozik nago. Ez nukeen inoiz imajinatuko nire izena beste bi horien alboan idatzita ikustea», esan du. Zasulitxek eta Marxek frantsesez idatzi zioten elkarri, eta Gartzia jatorrizko testuetatik abiatuta aritu da euskaratzen. Marxek hizkuntzetarako zuen erraztasuna eta atxikimendua aipatu ditu, gainera: «Testu hauetan Kapitala-ren frantsesezko edizioari egiten dizkio erreferentziak Marxek. Eta errusiera ere ikasi zuen. Manifestu Komunista-ren errusierazko bigarren edizioari egin zion hitzaurrea ere jasota dago hemen».
Marxi «determinismotik edo eurozentrismotik egindako kritikak» deuseztatzeko zantzu asko antzeman omen ditu Gartziak, eta, haren pentsamenduaren garapena ikusteko, zirriborroak egokiagoak iruditu zaizkio gutunak baino: «Hor ikusten da zelan erabaki zuen labur eta modu anbiguoan idaztea, ideiak ondo garatu zituen arren». Besterik ere nabarmendu du zirriborroez: «Kontuan hartu behar da ez zirela argitaratzeko asmoz egin: marratuta daude erabat, eta zuzenduta eta berriz zuzenduta». Hain zuzen, horixe izan du Gartziak erronkarik handiena itzultzaile gisa: «Hark ezabatutako hitz eta pasarte asko mantendu behar izan ditut testuan, eta horrek muga zorrotzagoak ezarri dizkit, batez ere egiturekin jolasteko». Gartziak frantsesezko lehen argitalpenetik abiatuta itzuli ditu testuak: «1923an argitaratutako gutun haietatik abiatuta aritu naiz, ez 1985ean zuzenduta argitaratutakoetan oinarrituta». Jatorrizko horietan hutsak ere badirela esan du.
Gutun trukearen generoari heltzea ez zaio berria Katakraki. 2019an, Rosa Luxemburg. Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti plazaratu zuen argitaletxeak, Amaia Lasak euskaratuta. 2021ean, Louise Michelek Victor Hugori igorritako eskuizkribuak bildu zituzten, Amaia Lasaren eskutik berriz. Gainera, Antonio Gramsci. Kartzelako gutunak iritsi zen urte berean. Halaber, Annie Ernauxen Idazketa labana bat da saiakera korrespondentzien atalean sailkatu du Etxartek —«E-mail truke bat da, funtsean»—, baita McKenzie Wark-en Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza ere: «Nahiz eta nobela bat den, korrespondentziaren bidez osatuta dago».