Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kultura
Izan zirenak (eta VI): Verdes liburu denda
Verdes: garai gorrietako itxaropenaren sua, itzalia
Verdes liburutegia 99 urtez izan zen Bilboko Zazpikaleetako erreferentzia euskal kulturari zegokionez. 2005ean itxi zuten, Elkarrek erosita. Frankismoaren errepresioa eta BVEen atentatu bat pairatu zituzten.
Bilboko Verdes liburu denda, XX. mende hasieran. EUSKARAREN ETXEAK UTZITA
Itxaropenaren kolorea da berdea, eta, 1906an, euskal sorkuntzarentzat urte luzez hauspoa izango zen liburu denda eta inprimategi berdea jaio zen Bilbon: Verdes Achirica liburu denda, Posta kaleko 9. zenbakian. Emeterio Verdes izan zen lehen jabea, 99 urtez Verdes familiaren esku egon zen, eta haiek aritu ziren euskarazko lanak argitaratzen, saltzen eta gomendatzen. Dena, hala ere, ez zen itxaropena, eta garai gogorrak ere bizi izan zituzten, bereziki frankismoan.
XX. mendearen hasieran, beste inprimategi bat izan zen Posta kaleko 9. atarian: Delmas. Hango langilea zen Verdes, eta 1906an hura eskuratu eta bere negozioa ezarri zuen. Hasieratik euskal nazionalismoari estuki loturik egon zen, Verdes Sabino Aranaren laguna baitzen. Horiek horrela, lehen urte horietan Aranaren ideiak biltzen zituen liburuak zein EAJ Eusko Alderdi Jeltzalearen paskinak argitaratzeaz arduratzen zen Verdes. Baina, denborak aurrera egin ahala, editore lanak egiten hasi ziren verdestarrak, eta euskarazko liburuak argitaratzeari ekin zioten.
Luke Verdes Emeterioren birbilobak azaldu duenez, hasiera batean itzulpenak argitaratzen zituzten. Horrela euskaratu ziren Oscar Wilden ipuinak, esaterako: «Kultura erdalduna euskal hiztunei gerturatzeko ahalegina egin zuen. Baina, pixkanaka, beste inora joateko aukerarik ez zuten idazleei lekua egiten hasi zen». Ahalegin horri esker argitaratu zituzten Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren Bidebarrijak eta Arrats beran lanak. Hori dela eta, Emeterioren beste birbiloba batek, Mitxel Verdesek, argi du aurreneko urte horietan inprimategia eta denda «tresna politiko eta kulturalak» izan zirela.
1920ko eta 1930eko hamarkadak izan ziren Verdes liburu dendaren garairik oparoenak. Are gehiago: Gurutze kalean beste denda bat eskuratu zuten, eta horretan gai espezializatuagoak biltzen zituzten, esaterako, mendiari eta bidaiei buruzko lanak.
Bilboko Verdes inprimategia, XX. mende hasieran. EUSKARAREN ETXEAK UTZITAKOA
Euskarazko sorkuntzen sustatzaile izateak eta EAJrekin harreman estua izateak jopuntuan jarri zituen Espainiako Bigarren Errepublika bukatutakoan. 1936ko gerrak gogor kolpatu zuen Verdes familiaren etxean. Semeetako bat gudari gisa ibili zen —Pepe Verdes—, eta haren emazteak eta semeak muga igaro zuten. Gainera, argitaletxea ixtera behartu zituzten indar frankistek, eta nola liburu denda hala inprimategia zenbait egunez itxiak izan zituzten.
«Espainiako eskuinarekin lerrotuta zegoen familiako kide batek lagundu zien denda eta inprimategia ez galtzen. Baina hortik aurrera ez zen lehengoa izan», azaldu du Luke Verdesek. Berreskuratzeak, beraz, ez zuen esan nahi lana bere horretan egingo zutenik aurrerantzean. Inprimategian lanean jarraitu ahal izan zuten Elizarekin zuten harremanagatik; baina horientzako lanez eta txartel zein zorion postalez gain, ezer gutxi egiten zuten. «Beldur handia zieten errepresaliei; ur handitan ez sartzen saiatu ziren. Garrantzitsuena salaketak saihestea zen», esan du Mitxel Verdesek.
Garai gorria izan arren, berdeak itxaropena irudikatzen zuen artean, eta Verdes liburu dendan ezkutuko bilerak egin zituzten Eusko Jaurlaritzako kideek erbestera joan aurretik. Eta frankismoak iraun zuen bitartean ere, informazioa trukatzeko leku segurua izan zen. Mitxel eta Luke Verdesek adierazi dutenez, hori dena ez zuten dendan edo inprimategian egiten, «arriskutsua» izan ahal baitzen. Horiek horrela, eraikinaren azken pisuan zegoen gelaxka batean biltzen ziren, euskarazko liburuen eta «liburu gorrien» artean.Â
Izeba espioia
Verdes familiak EAJrekin zuen harremana ez zen Emeterio birraitonak Aranarekin zuen laguntasunera mugatzen. Izan ere, haren seme Pepe Verdes Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren laguna zen. Eta 1936ko gerra amaitutakoan eta lehen gobernu hartako kideek sasira jo zutenean, verdestarrek nazionalismoaren aldeko ekintzak egiten jarraitu zuten. Pepek eusko gudarostean hartu zuen parte, eta Francoren indarrek atxilotu zuten. Horiek horrela, haren arreba Teresa Verdesek hartu zuen dendaren eta inprimategiaren ardura, baita nazionalismoaren aldeko jarduna ere.
Alaba Sareko kidea izan zen Teresa. 1936ko gerran preso hartutako gudariak zaintzeko elkartasun sare gisa jaio zen Alaba Sarea; baina, berehala, espioitza sare gisa jardun zuen. Katixa Agirrek emakume horien bizipenak bildu ditu Barne zerbitzuak liburuan. Hark azaldu duenez, «botikak eta jatekoa eramateaz gain, informazio iturri» bihurtu ziren; bai kanpokoentzat, bai barrukoentzat.
Teresa Verdesek, hala ere, ez zuen soilik EAJrentzako informazioa biltzen. Bigarren Mundu Gerra hastear zela, Espainiako Estatuan zer gertatzen ari zen jakin nahi zuten aliatuek. Gauzak horrela, Alaba Sareak espioitza lanak egin zituen Frantziari eta Erresuma Batuari informazioa helarazteko.
Bilboko Verdes liburu denda, XX. mende hasieran. EUSKARAREN ETXEAK UTZITA
Hori gutxi balitz bezala, Burgosko kapitaintzan (Espainia) sartu zen, Pepe Verdes han preso zegoela baliatuz. «Hil sententziak faltsifikatu edo desagerrarazten zituzten. Horri esker, hainbat heriotza zigor kendu omen zituzten», azaldu du Agirrek. Are gehiago, idazlearen aburuz, Santoñako akordioa sinatu ahal izateko ezinbestekoa izan zen emakume horien esku hartzea. Santoñako akordioa EAJ —eta gudarien— eta Italiako indar faxistek sinatu zuten hitzarmen bat izan zen, 1937an. Horrek bide ematen zien militar zein politikari euskaldunei itsasoz alde egiteko erbestera. Itsasontziak, baina, ez ziren heldu, eta indar frankistek hitzarmena deuseztatu zuten.
«[Alaba Sarekoek] hil sententziak faltsifikatu edo desagerrarazten zituzten. Horri esker, hainbat heriotza zigor kendu omen zituzten»
KATIXA AGIRREÂ Idazlea
Gerora, 1940an, Teresa Verdes atxilotu zuten, Alaba Sarean parte hartu izanagatik. Heriotza zigorra zuen, baina Vatikanoak esku hartu zuen emakume horiek hil ez zitzaten; eta, hortaz, bost urte igaro zituen Las Ventaseko espetxean (Madril). Espetxealdiaren ostean Bilbora itzuli zen, liburu dendan lan egitera.
Verdes liburu dendak frankismoaren lehen urte horietan izan zuen garrantzia azpimarratu du: «Su txiki horri eutsi zioten garairik gorrienetan».
Bigarren susperraldia
Francisco Franco diktadorearen erregimenaren azken urteetan beste pizkunde bat hasi zen kozinatzen Verdes liburu dendako paretek ezkutaturik. Hainbat hamarkadatan antzina izandako pultsua galdu bazuten ere, jabeek ez zituzten beren sustrai abertzaleak eta euskaltzaleak ahaztu. Hasi ziren euskarazko liburuak argitaratu nahi zituzten idazleak —Pott Bandako Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak, Manu Ertzilak, Ruper Ordorikak eta Joxe Mari Iturraldek ere han egin zituzten bilera asko, besteak beste— dendara gerturatzen; baina benetako susperraldia ikastolen legeztatzearekin batera heldu zen.
1970eko hamarkada hasieran ikastola batzuk jada estatus legala zuten; Bilbon Resurreccion Maria Azkue izan zen lehenengoa, 1966an. Gainera, hamarkada horretan hasi ziren zenbait guraso talde kooperatiba gisakoak muntatzen, ikastolak sortzeko bidea urratuz. Ikasgelak haurrez betetzeaz gain, ume horiek ikasteko erabiliko zituzten tresnak behar zituzten, eta hor agertu zen Verdes: aurreneko liburu horiek inprimatzen hasi ziren. Horiek horrela, Iker taldea sartu zen liburu dendan, eta Verdes familiako norbaitek beharrean, Asun Zuluagak eta Javier Escuderok hartu zuten dendako lanaren ardura. Inprimategiko jarduna, bestalde, urte batzuk lehenago murriztu zuten, lokalaren zati bat saldu zutenean, eta lan txikiagoak egiten hasi ziren, liburuak inprimatzeari utzita.
Horrela, frankismoaren azken urteetan jada «erreferentziazko puntu bat» sortu zen Bilboko Zazpikaleetan euskaltzaleentzat. «Liburu denda pixka bat aldatu zuten: alderdi erlijiosoa kendu, eta euskal liburuen denda bihurtu zen», nabarmendu du Luke Verdesek, Zuluagak eta Escuderok garai hartan egin zuten lan «aparta» txalotze aldera.
«Franco hil zenean bazirudien gauzak aldatzen hasiko zirela, askatasun haizeak zetozela. Hortxe heldu zen atentatua»Â
MITXEL VERDESÂ Emeterio Verdesen birbiloba
Baina oro ez da urre. Ez ziren urte errazak izan euskararen eta askatasunaren alde egiten zuten ekintzaileentzat, eta Verdes horien topaleku bihurtu zen diktadorea hil zenean. Mitxel Verdes: «Franco hil zenean bazirudien gauzak aldatzen hasiko zirela, askatasun haizeak zetozela. Hortxe heldu zen atentatua». 1977ko uztailean egin zuen eztanda BVE Batallon Vasco Español talde faxistak jarritako bonbak, eta erakusleihoa birrindu.
Diktadorea hil eta hurrengo hilabete horietan hainbat liburu dendak erasoak jasan zituzten. Donostian, 1976ko abenduan, Ekain liburu dendaren aurka molotov koktel bat jaurti zuten —Marta Moreno Bergaretxe zen jabea, Eduardo Moreno Pertur-en arreba—, eta Getxon, (Bizkaia) Zabaltxu liburu denda metrailatu zuten.
«Faxismoak ez zuen nahi euskal kulturak pizkunde bat izan zezan. Sustraietatik moztu nahi zuten», esan du Luke Verdesek, atentatuaren atzean zer arrazoi zeuden azaltzeko. Sustrai horiek, baina, 70 urte baino gehiago zituzten, eta bonba bat ez zen nahikoa izan horiek erauzteko. Horiek horrela, beste 30 urte eman zituzten Zuluagak eta Escuderok Posta kalean euskarazko liburuak saltzen.
«Faxismoak ez zuen nahi euskal kulturak pizkunde bat izan zezan. Sustraietatik moztu nahi zuten»
LUKE VERDESÂ Emeterio Verdesen birbiloba
2005eko martxoaren 31ra arte. Liburu dendari ehungarren urtebetetzea betetzeko urte bat falta zitzaionean, Elkarri saltzea erabaki zuen Verdes familiak. Eta ez zen izan libururik saltzen ez zutelako. «Garai gozoa zen, liburuak ez ziren dendan sartu ere egiten. Are tristeagoa izango zen saltzen ez genuelako itxi behar izan bagenu», nabarmendu du Mitxel Verdesek. Zuluaga eta Escudero erretiroa hartzear zeuden, eta Elkarrek «ukatu ezin zen» eskaintza bat egin zien.
Elkarreko Kepa Torrealdai eta Verdes dendako Javier Escudero, Elkarrek denda erosi zuenean, 2005ean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Horrela, dendako erakusleihotik Verdes kendu eta Elkarren izena agertu zen, eta, aldi berean, urte luzez bilbotar askoren erreferentziazko lekua izandako liburu denda desagertu. Hala ere, izandakoaren zertzeladaren bat geratzen zen oraindik Elkar horretan erosterakoan. Izan ere, tiketean Elkar-Verdes ageri zen, itxaropenaren suak guztiz itzaltzeari uko egingo balio bezala.
Te belarrak eta betaurrekoen kristalak
Posta kalea ez da garai hartan zena. Bilboko Zazpikaleetan turistifikazioak eta merkatari txikien desagerpenak eragin handia izan du. Eta Posta Kalea ez da gutxiago: NYX atzerriko hotel bat dago kalearen hasieran, eta, aurrera egin ahala, turistei begirako dendak daude nonahi. Bertakoentzako zerbitzuak ere egon badaude, hala ere. Eta horietako batek hartzen du antzina Verdes liburu denda eta inprimategia zenaren zatirik handiena. General Optica handi bat dago bertan, 1970eko hamarkadan Verdes familiak zati hori saldu ziotenetik. 2005ean itxi zuten dendaren zatian, berriz, te denda bat dago gaur egun. Ez da behin izandako euskal kulturaren erreferentziazko leku horren arrastorik geratzen. Soilik betaurrekoak eta te belarrak daude.
Verdes liburu denda eta inprimategia izandako eraikina, gaur egun. MARISOL RAMIREZ / FOKU