Musika

Wafa Idris militante palestinarrari buruzko 'Wafa' kantuaren bertsio bat eman du Desgaraian taldeak, beste hainbat artistarekin

Jatorrizko abestia Tapia eta Leturiarena da, Koldo Izagirreren hitzekin osatua eta 2002an argitaratua estreinakoz. Idoia Asurmendik, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Elene Uribarrik eta Ane eta Kattalin Barcenak ere jarri dute ahotsa bertsio berrian.

'Wafa' kantuaren bertsio berrian parte hartu duten artistetako batzuk, grabaketa saioetako batean.
'Wafa' kantuaren bertsio berrian parte hartu duten artistetako batzuk, grabaketa saioetako batean. DESGARAIAN
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 22a
17:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinaren erresistentziaren historian izen garrantzitsua da Wafa Idrisena. Erizaina izan zen, militantea. Palestinako Ilargi Gorrian boluntario aritu zen besteak beste, harik eta 2002an, 28 urte baizik ez zituela, bere burua bonba batekin leherrarazi zuen arte. Jerusalemen izan zen hori, Jaffa kaleko zapata denda baten inguruan. Halako ekintza bat egin zuen lehenbiziko emakumezko palestinarra izan zen, eta hildako bat eta hainbat zauritu eragin zituen. Palestina aspaldi eta orduan ere sufritzen ari zen kolonizazioa eta sarraskia salatzea izan zituen helburutzat. Batik bat orduan egin zen ezagun haren izena mundu zabalean, eta hainbestekoa izan zen oihartzuna, ezen kantuetan ere kabiarazi baitzuten. Euskarazkoetan ere bai: Tapia eta Leturiaren Hain zuzen diskoa Wafa (Wafa Idris in memoriam) abestiak zabaldu zuen 2002ko azaroan. Hain zuzen, hura gogoan, eta haren mezuak daukan «gaurkotasuna» azpimarratzeko, abesti horren bertsio bat eman du orain Desgaraian taldeak, beste hainbat artistaren ahotsak ere bilduta: Wafa.

Desgaraian taldeko kantari Jon Gurrutxaga ez ezik, abeslari hauek ere aditu daitezke piezan: Idoia Asurmendi, Olaia Inziarte, Eñaut Elorrieta, Elene Uribarri, eta J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena. Gainera, Desgaraian-eko musikariek ez ezik, jatorrizko bertsioren egile Joseba Tapiak ere parte hartu du, trikitiarekin, eta Beñat Uzinek panderoa jo du.

Jatorrizko kantuan baliatutako hitzei eutsi diete bertsio berrian ere —Koldo Izagirrek idatzitakoak dira—. Azken bertsoak honela dio, hitzez hitz: «Kantuz naramala/ hautsia du hegala/ Palestina! Palestina!/ Erdiminez Ramallah».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.