Donostiako 73. Zinemaldia

Walter Sallesen 'Ainda estou aqui' filmak jasoko du urteko film onenaren Fipresci saria

Zuzendariak Zinemaldiaren inaugurazio galan jasoko du nazioarteko kritikariek emandako saria. Sarirako lehian Brady Corbeten 'The Brutalist' eta Ryan Cooglerren 'Sinners' zeuden, beste batzuen artean.

'Ainda estou aqui' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
'Ainda estou aqui' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
2025eko irailaren 2a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunka kritikarik osatua, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak Ainda estou aqui filmari emango dio 2025eko film onenaren saria. Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan jasoko du ikurra, irailaren 19an; eta egun horretan bertan, 1971ko Brasilen girotutako filma proiektatuko dute.

Walter Sallesen filmak eleberri bat du oinarrian: Marcelo Rubens Paivak bere familiari buruz 2015ean kaleratutakoa, hain zuzen. Eunice amak alzheimerra zuen, eta Rubensentzat garrantzitsua zen eleberria ateratzea, bera haurra zenean familiak jasandakoa ahanzturan gera ez zedin; diktadura garaia zen Brasilen. Istorioan, ama batek bere burua berrasmatu behar du gertakari batek familiaren bizitza suntsitzen duenean. Funtsean, diktadura garaian desagertutakoen inguruko kontakizuna da, atzean utzitako horien begiradatik azaldua.

Zinema zuzendariak eleberri hori eta bere oroitzapen propioak erabili zituen filmaren sorkuntzarako. Izan ere, Paivaren familiari halakorik gertatu zitzaionik jakin gabe, haien etxea sarri bisitatu zuen nerabezaroan, eleberrigilearen arreben laguna baitzen. Etxe hartan ulertu omen zuen Sallesek mundua berak uste zuena baino zabalagoa zela.

Beste sari bat apalategira

Filma Veneziako Zinemaldian estreinatu zuten iaz, eta gidoi onenaren saria lortu zuen bertan. Jarraian, Donostian aurkeztu zuten, Perlak sailean. Sari andana bat jaso du egun hartatik: nazioarteko film onenaren Oscar saria eta Iberoamerikako film onenaren Goya saria, beste batzuen artean. Sari entzutetsu horiek jaso ostean jasoko du kritikarien Fipresci saria. Garaikur hori lortzeko lehiakide izan ditu Brady Corbeten The Brutalist, Kleber Mendoça Filhoren O agente secreto —Perlak sailean proiektatuko dute—, Oliver Laxeren Sirat —Made in Spain sailean emango dute— eta Ryan Cooglerren Sinners.

Sallesek Donostiako jaialdia ongi baino hobeto ezagutzen du. Orain dela 30 urte Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen lehendabizikoz Terra Estrangeira filmarekin, eta ordutik beste bost alditan egon da Zinemaldian.

Haurrak ere zinemara

Ikastetxeak Belodromoan egitasmoan Hayao Miyazakiren Totoro auzokidea proiektatuko dute. Animaziozko zinemaren klasiko japoniar hori ikusiko dute milaka ikaslek belodromoan egingo dituzten sei saiotan. Miyazakik Donostia saria jaso zuen 2023an, bere ibilbide osoagatik. Zinemagile hori ere hainbatetan izan da jaialdian: bere pare bat lan proiektatu zituzten belodromoan 2002an eta 2009an; eta orain dela bi urte haren Kimitachi wa Do Ikiruka filmak inauguratu zuen jaialdia. Aurten proiektatuko dutena haren lan entzutetsuena da, eta naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babesteak duen garrantzia azpimarratzen du.

Bestalde, Haurrentzako Zinema sailean sei proiekzio aurkeztuko dituzte Principe zinema aretoetan: Barrakudaren altxorra (Adria Garcia) —mundu mailako estreinaldia izango da—, Heidi, Katamotzaren erreskatea (Tobias Schwarz eta Aizea Roca), Kaixo, Frida! (Karine Vezina eta Andre Kadi) eta Flow (Gints Zilbalodis) —animaziozko film onenaren Oscar eta Urrezko Globo sarien irabazlea—, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.