'Woman Unknown' filmak jaso du Veneziako Urrezko Lehoia, zuzendari emakumea zuen hautagai bakarrak

May el-Toukhy zinemagile daniarraren filma gailendu da beste guztien artean; zilarrezko saria 'Possible Love' filmak jaso du, eta brontzezkoa, 'Naza' dokumentalak. Zuzendari onenaren saria Ilia Jrzhanovski errusiarrak irabazi du 'Dau' film polemikoagatik.

Mathilde Arcel aktorea eta May el-Toukhy zuzendaria. ETTORE FERRARI / EFE
Mathilde Arcel aktorea eta May el-Toukhy zuzendaria. ETTORE FERRARI / EFE
Odile Bourguignon Goñi
2026ko irailaren 12a
21:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zegoen faboritoen artean, baina bi sari eskuratu ditu. May el-Toukhy zinemagile daniarraren Kvinde Ukendt / Woman Unknown filmak jaso du Veneziako 83. Zinemaldiaren Urrezko Lehoia, eta, gainera, badu nabarmentzeko beste ezaugarri bat: hautagaien artean, emakumezko batek zuzenduriko film bakarra da. Sari nagusia jasotzeaz gain, emakumezko aktorerik onenaren saria ere irabazi du filmaren protagonista Mathilde Arcel daniarrak. Bigarren Mundu Gerran kokatzen da filma, eta Marieren istorioa kontatzen du: haurtzain eta neskame gazte bat da, gizon zahar alargun batekin ezkontzera doana. Baina gerran harreman bat izan zuen soldatu aleman batekin, eta gerraoste garaian ere atzean izango du iragana.

Naza dokumentalaren zuzendaritzak ere badu emakume baten presentzia, baina lanak bi zuzendari ditu. Eta zeresana sortu dute. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrak publikoa zutik zegoela igo dira oholtzara brontzezko saria jasotzera. Urrezko Lehoia jasotzeko gustukoenen artean zegoen filma. Hain zuzen, Veneziako estreinaldiaren egunean 25 minutuz txalotu zuten Tel Aviveko teilatuetatik grabaturik dagoen dokumentala, baina, ikusleen aurreikuspenek gehiago espero bazuten ere, epaimahaiaren sari berezia irabazi du azkenean. Filmean, Gazaren aurkako erasoetan Israelgo Gobernuak erabiltzen dituen sistemak aztertu dituzte.

Zilarrezko saria Lee Chang-dong zinemagile korearraren Possible Love filmak lortu du, Epaimahaiaren Sari Nagusiarekin batera. Klase desberdinkeriak eta gizartean integratzeko beharra ditu hizpide. Eta gidoirik onenaren saria Stephane Brizek, Coralie Amedeok eta Olivier Gorcek jaso dute, Brizeren Un bon petit soldat filmagatik.

Bestalde, zuzendari onenaren saria Ilia Jrzhanovski errusiarrak irabazi du, Dau filmagatik. Bonba atomikoa garatzeko lan egin zuten langile sobietarren bizitzetan oinarritua dago lana, eta polemika sortu du; Ukrainako Atzerri Ministerioak, Kultura Ministerioak eta Ukrainako enbaxadak auzitan jarri zuten filmak Veneziako jaialdian tokirik izan behar ote zuen ere. Gizonezko aktorerik onenaren saria John Malkovich estatubatuarrak jaso du, Wild Horse Nine (Martin McDonagh) filmean egindako lanagatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA