'Horrelakoa da heriotza?'
Idazlea: Ellen Duthie eta Anna Juan Cantavella.
Ilustratzailea: Andrea Antinori.
Itzultzailea: Juan Luis Zabala Artetxe.
Argitaletxea: Ttarttalo.
Ez da erraza liburu honen barruan zer topatuko dugun aurreikustea, bertan murgil egin arte. Gaiak guregan sortzen duen zirrara estaltzen du tabu handi batek (handienak), eta haren segidan piztu ohi diren aurreiritziek. Ulergarria da ez ikusiarena egitea liburu honi.
Baina sekulako lan ederra galduko genuke.
Izan ere, aberasgarria izenondoa etorri zait burura lehenik, eta, gero, baita jakingarria, hezitzailea, dibertigarria, argigarria, kolektiboa, transbertsala eta ulerterraza ere. Ezustean hartu nau. Irakurri ahala jarraitzeko grina are gorago jartzen duten horietakoa iruditu zait. Eta kito. Nahikoa lausengu (merezitako) bota ditut jada.
Hogeita hemezortzi galderak egituratzen dute liburua, euren erantzunekin. Formatu errepikatu hau daukate: Galderak letra tipo nabarmendua du, eta ilustrazio batekin lagundua agertzen da, aparteko orrialde batean (edo bitan); erantzun bakoitzak, berriz, batez beste bi orrialde hartzen ditu, azalpena laguntzen dutelarik amaierako ilustrazio txiki batek, gaiaren inguruko aparteko oin oharrek eta antzeko bideetatik doazen galdera gehiagoren erreferentziek.
Adibide gisa, hamalaugarren orrialdean agertzen den «Ni hilko naiz?» galdera deskribatuko dizuet: Galdera ezker orrialdeko goiburuan dago, letra lodian eta galderaren egilearen izena (Clà udia) segidan duela. Orrialdea utzi gabe, galderaren azpian ilustrazio bat dago, agertzen dituena herio segarekin, neska bat eta esaldi bat. Eskuineko orrialdean erantzun testua dugu, gutun moduan idatzita dagoena, eta hiru orrialdeko luzera duena. Azalpenek irauten duten bitartean, orrialdeen oinetan bitxikeria hauek daude: lehenengoan, Turritopsis dohrnii marmoka hilezkorraren azalpen ohar bat; bigarrengoan, begiak itxita bizirik ez egotearen sentsazioa irudikatzen saiatzeko gonbidapena; eta hirugarrengoan, galdera laburren sorta bat: «Gustatuko al litzaizuke zure heriotzaren data zehatza jakitea? Zergatik? Zer abantaila eta zer desabantaila izango lituzke hori jakiteak?(...)» Amaitzeko, azken orrialde honetan, zeharka idatzita, hau irakur daiteke: «Agian 9. eta 37. galderak irakurtzea ere interesatzen zaizu».
Jakin-mina du norbaitek jakiteko zeintzuk diren 9.a eta 37.a? Hona: «9. Zergatik hil behar dugu?» eta «37. Eska dakioke norbaiti ez zaitezela hil?». Dena dela, niri beste hauek are gehiago gustatu zaizkit: «10. Nork zaintzen ditu seme-alabak gurasoak hiltzen direnean?», «31. Zer zentzu du bizitzak hil egin behar badugu?», «38. Zergatik esaten da 'bakean beza atseden' eta ez 'dibertituz beza atseden'?».
Merezi du, amaitzeko, «Ni hilko naiz?» galderari emandako erantzuna apur bat azaltzea, gainontzeko galderen erantzunaren eredu gisa har daiteke eta. Egileek zientzian oinarritutako erantzuna ematen dute, dentsitate baxuko azalpenekin eta galderari darion kezka agerian utzita: denok hiltzen gara, zu, ni, denok. Segidan, hilkortasunaren esanahiaz eta haren ondorio praktikoez ari dira. Amaitzeko, egileek irakurleari proposatzen diote heriotzari buruz eduki ditzakeen galderak partekatzea, bakartiak baino eraginkorrago arakatu bide dituelako taldeak.