Gehitu elkarteak eta Zinemaldiak banatzen duten saria da Sebastiane Latino, eta LGTBI pertsonen aldeko aldarrikapenak eta balioak hobekien irudikatzen dituen Latinoamerikako film luze bati eman ohi diote. Bada, Diego Cespedes zinemagilearen (Santiago, Txile, 1995) lehen film luzeak irabazi du aurtengo saria: La misteriosa mirada del flamenco lanak, hain zuzen. Neska gazte bat du protagonista pelikulak. Haren herrian ustez maitasunak eragindako gaixotasun bat hedatzen hasi da, eta neska mendeku hartzen saiatuko da gaixotasuna sortu dutenen aurka. Epaimahaiak azaldu duenaren arabera, gizarteak batzuetan enpatiaren eta maitasunaren gainetik jartzen du gorrotoa, eta errealitate hori islatzeagatik saritu dute filma.
Duela bost urte izan zen La misteriosa mirada del flamenco filma jaialdiko Ikusmira Berriak sailean, oraindik proiektu fasean zegoenean; postprodukzioaren saria irabazi zuen orduan. Aurtengo Cannesko zinemaldian, gainera, Un Certain Regard saria jaso du. Bestalde, Txileko zinemagileak Donostiako Zinemaldiko Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) bere lehen film laburrarekin, eta Las criaturas que se derriten bajo el sol lanak (2022) Zabaltegi Tabakalera saila inauguratu zuen urte hartan.
Aldarrikapenak eta balioak
Irabazlearekin batera, hauek izan dira finalistak: Ato noturno (Marcio Reolon eta Filipe Matzembacher), Los inocentes (German Tejada), Llueve sobre Babel (Gala del Sol) eta Un mundo para mí (Alejandro Zuno). Horrez gain, Latinoamerikako LGTBI zinema jaialdien topaketa antolatu dute, horrelako ekitaldiak babesten jarraitzeko asmoz. Hamaikagarren edizioa du, eta, oraingo honetan, Argentina, Brasil, Espainia, Mexiko, Txile eta Uruguaiko hogei lehiaketetako ordezkariak bilduko dira Zinemaldiak iraun bitartean.
Sebastiane Latino sariaz gain, Gehituk Sebastiane saria emango dio Zinemaldiko edozein sailetako filmen artean LGTBI pertsonen errealitateak hoberen islatzen dituen filmari. Hamahiru film lehiatuko dira aurten: Maspalomas, Sail Ofizialean; Foreign Land, Zuzendari Berriak sailean; La misteriosa mirada del flamenco eta Dolores, Horizontes Latinosen; Two Times João Liberada, El último arrebato, Estrany Riu eta Lurker, Zabaltegi Tabakaleran; eta, azkenik, ¡Caigan las rosas blancas!, L’edat imminent, Miss Carbón, Molt lluny eta Un hombre libre, Made in Spainen. Sari banaketa irailaren 26an izango da, Bidassoa Taproom aretoan, 19:00etan.