Musika Bulegoa elkarteak antolatutako egitasmo bat da Must+Pro, eta Euskal Herrian musikaren munduan aritzen diren profesionalak biltzeko asmoz sortutako topagunea da. Lehenengoz egingo dute irailaren 30ean eta urriaren 1ean. Gaur egin dute egitarau osoaren eta egitasmoaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. Antolatzaileen esanetan, Euskal Herriko ekosistema musikalaren profesionalizazioa, hausnarketa eta lankidetza bultzatzea da topaketaren helburua. «Beste urrats bat egiteko unea zela ulertzen genuen: foro bat eskaintzea ezagutzak partekatzeko, aukera berriak sortzeko eta gure proiektuei ikusgaitasuna emateko, tokiko zein nazioarteko esparru batean», esan du Musika Bulegoko kudeatzaile Iker Duranak.
Bi egunez zenbait mahai inguru eta hitzaldi eskainiko dituzte, Tabakalerako zinema aretoan eta Z aretoan. Saioetan, adimen artifizialak musikan duen eraginaz, proiektu musikalen nazioartekotzeaz, managerren rolaz, kontzertu aretoen eta autogestionatutako guneen aldeaz, eta komunikazio estrategiez hitz egingo dute, besteak beste. Euskal Herriko musikariek eta sektoreko beste eragile batzuek hartuko dute parte. Saio gehienak gaztelaniaz izango dira; hiru izango dira euskaraz, eta bat ele bitan. Mahai inguruetarako, akreditazioa lortu beharko da aldez aurretik.
Musika eta podcastak
Formakuntza saioez gain, kontzertuak ere antolatu dituzte. Kutxa Fundazioa Klubean izango dira, 17:30etatik hasita. Hilaren 30ean Korrontzi, Femm Vocal Jazz, Habia, Arima Soul eta Sara Azurza arituko dira. Urriaren 1ean, berriz, Xiberoots, Andrea Santiago, Jum eta Alatz, Heitxi eta Mugan igoko dira eszenatokira.
Bestalde, Gaztea irratiarekin elkarlanean, irrati horretan eskaintzen diren bi podcasten zuzeneko saioak egingo dituzte. Topagunearen lehen egunean Benetan zabiz? podcastaren saioa eskainiko dute Malen Altunak eta Aitziber Gradosek. Hurrengo egunean Yoko Ona-ren txanda izango da; Ainhoa Vitoriak, Lore Nekane Billelabeitiak eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte bertan. Bi saioak 19:00etan izango dira, Tabakalerako zinema aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Egitarau osoa eta akreditazioak Musika Bulegoaren webgunean daude eskuragarri.