Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

Hilabete osorako musika emaria

Donostiako 87. Musika Hamabostaldia martxan izango da gaurtik aurrera. Juan Diego Florez tenorrak abiatuko du jaialdia. Seoul Philharmonic Orchestrak lehen aldia izango du Donostian, eta Juanjo Menak bere azken-aurreko kontzertua zuzenduko du.

Milango Filarmonica della Scala orkestra. ANNA SINCINI
Milango Filarmonica della Scala orkestra. ANNA SINCINI
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko abuztuaren 2a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiari musika dario udan. Jazz doinuek hartu zuten hiria uztailaren amaieran, Jazzaldian, eta orain bestelako estilo batzuei helduko diete, baina emariak ez du etenik izango abuztuaren hondarrera arte. Gaur hasiko da Musika Hamabostaldiaren 87. aldia. Abuztuaren 30era arte, 60 kontzertutik gora egingo dituzte. Aurten «inoizko artistarik hoberenak» bildu dituztela adierazi zuten jaialdiaren antolatzaileek Hamabostaldiaren aurkezpenean. Beti bezala, Donostiako zenbait gunetan egingo dituzte saioak, baina bada hiritik kanpora egingo denik ere: esaterako, Gipuzkoari dagokionez, Bergaran, Tolosan, Usurbilen eta Arantzazuko santutegian (Oñati); Araban, Aramaion eta Berganzon; eta Lapurdira ere iritsiko da programazioa, Senperera.

Jaialdiaren inaugurazio egunean, dantzak izango du protagonismorik. Izan ere, Verdini dantza taldeak Verdiniren distira emanaldia egingo du udaletxean, eta Kresala dantza taldea, berriz, Zuloaga plazan izango da Zure barnean: Hidraren mitoa ikusgarriarekin. Bestalde, Juan Diego Florez tenorra Vincenzo Scalera piano jotzailearekin batera ariko da, Kursaalean. 

1

Kursaal auditoriuma

Nazioarteko orkestren agertokia izango da Kursaaleko auditoriuma. Besteak beste, Milango (Italia) Orquesta Filarmonica della Scala —29an eta 30ean—, Seulgo (Korea) Seoul Philharmonic Orchestra —25ean eta 26an—, eta Erresuma Batuko The Constellation Choir & Orchestra —22an— izango dira. Azken biak lehen aldiz izango dira Donostian. Ostegunean, Mahler Chamber Orchestra igoko da oholtzara. Johanes Brahms eta Antonin Dvrak konpositoreen piezak interpretatuko dituzte, Daniel Hardingen zuzendaritzapean. Hilaren 13an, Grigory Sokolov piano jotzailearen txanda izango da. 76 urteko musikariak ibilbide oparoa du musika klasikoaren munduan, eta munduko orkestra garrantzitsuenetako batzuekin jotzeko aukera izan du.

Euskadiko Orkestra, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia eta Easo abesbatza batuko dituen saio bat ere egongo da, abuztuaren 19an. Erik Nielsenek egingo ditu zuzendari lanak, eta John Matthew Myers tenorrak ere hartuko du parte. Hector Berlioz konpositorearen requiem bat interpretatuko dute. 

2

Viktoria Eugenia antzokia

Juanjo Mena orkestra zuzendariaren azkeneko saioetako baten testigu izango da Viktoria Eugenia antzokia. Menak martxoan jakinarazi zuen azken kontzertuak zuzenduko zituela, alzheimerra du eta. Donostiakoa azken-aurrekoa izango da, Bilbon emango baitu azkena, BOSekin batera. Hamabostaldian, Juan Krisostomo Arriagaren omenaldian eramango du batuta, Arriaga harrigarria kontzertuan. Euskadiko Orkestrak eta Easo abesbatzak hartuko dute parte bertan. Hilaren 12an izango da saioa, 20:00etan.

Eva Yerbabuena gidari duen dantza konpainiak YerbagĂ¼ena ikuskizuna taularatuko du, 17an. Flamenkoa da emanaldiaren ardatza, eta bertan egileak bi ideiaren inguruan hausnartu nahi izan du: existitzen den ezer ez da benetan purua, eta benetako baretasuna ez da existitzen. Besteak beste, musika elektronikoarekin uztartu du dantza Yerbabuenak.

(ID_17745257828885) DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA - EVA YERBABUENA
Eva Yerbabuena dantzaria, YerbagĂ¼ena emanaldian. MUSIKA HAMABOSTALDIA

3

Ganbera Musikako Zikloa

Bihar bertan hasiko da Ganbera Musikako Zikloa; Francesca Degok (biolina), Alessandro Carbonarek (klarinetea) eta Alessandro Tavernak (pianoa) inauguratuko dute, San Telmo museoan emango duten kontzertuarekin. Biolinerako, klarineterako eta pianorako XX. mendean idatzitako obrarik esanguratsuenetako batzuk interpretatuko ditu hirukoteak, hala nola Gian Carlo Menottiren, Igor Stravinskiren eta George Gershwinen lanak.

San Telmo museoko klaustroa izango da ganbera musikaren zaleen topagunea, bertan izango baitira ziklo horretako saio guztiak. La Ritirata boskoteak hilaren 9an izango du bere saioa. Luigi Boccherini biolontxelo jotzaile italiarrak konposatutako hainbat pieza egongo dira entzungai kontzertuan. Historiako boskote konpositorerik garrantzitsuena izan zen Boccherini, orotara 114 pieza konposatu baitzituen. Bestalde, Arriagaren konposizio batzuk ere interpretatuko dituzte La Ritiratakoek, Bilboko konpositore haren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko.

4

Antzinako Musikako Zikloa

John Dowland konpositorearen obrak ezagutarazteko modu desberdin bat sortu dute Madrilgo Collegium Musicum taldekoek. Duela 400 urte hil zen musikari hura, eta, konpositorea izateaz gain, laute jotzailea ere izan zen. Musika izan zuen ogibide, baina izan zuen besterik ere, Kristian VI.a Danimarkako erregearen espioia izan baitzen. Emanaldian, Martin Llade kazetaria konpositorearen bizitza kontatzeaz arduratuko da, taldeko kideek haren pieza batzuk jotzen dituzten bitartean. Abuztuaren 18an izango da saio hori.

Lagun minak izan ziren Georg Phillip Telemann eta Georg Friederich Haendel konpositoreak —biak alemaniarrak—. Hain zuzen ere, bi musikari horien laguntasuna izan dute ardatz Gil Incogniti taldekoek A Charming Rarity emanaldia prestatzeko. Bi konpositore horien lanak entzun ahal izango dira, abuztuaren 21ean, San Telmo museoan.

5

Organo Zikloa

Aurten ere, doako kontzertuak egingo dituzte Organo Zikloan, eta, Donostian egingo diren saioez gain, Gipuzkoako beste herri batzuetan antolatu dituztenak ere gehituko zaizkio hamalau kontzertuz osatutako egitarauari. Saio berezi batek hasiko du zikloa; izan ere, Andres Cea organista Julio Soto eta Ane Labaka bertsolariekin arituko da Ataungo San Martin Toursekoaren elizan, gaur, 12:30ean. 

Benoit Mernier organo jotzailearen txanda izango da asteartean, eta Donostiako San Bizente elizan emango du kontzertua. Gainera, gonbidatu berezi bat izango du musikariak, Jose Inazio Ansorena txistulariak parte hartuko baitu kontzertuan. Johann Sebastian Bachen eta Johannes Brahmsen konposizioak entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek, baita zenbait inprobisazio ere. 

Hilaren 11n, Usurbilen izango da zikloko saioa. Hayo Boerema organista izango da protagonista, baina beste bi musikariren laguntza ere izango du: Mixel Ducau (ahotsa, gitarra, alboka eta saxofoia) eta Caroline Phillips (ahotsa eta zanfona). Besteak beste, Ducauren beraren zenbait pieza joko dituzte. Salbatore elizan izango da kontzertua.

(ID_17852453632655) Hayao Boerema
Hayao Boerema organista. MUSIKA HAMABOSTALDIA

6

Haurren Hamabostaldia

«Publiko gaztea funtsezkoa da Hamabostaldiaren etorkizunerako, baina baita orainaldirako ere». Horixe esan du antolakuntzak jaialdiaren eskuorrian. Hori dela eta, urtero haur eta gazteentzako jarduerak antolatzen dituzte; tartean ipuin kontaketa musikatuak. Gaur izango da lehen saioa, eta datorren larunbatean ere egingo dute beste bat; Kursaalean izango dira. Ander Edok egingo ditu kontalari lanak, eta hauek izango dira musikariak: Iñaki Zudaire, Josu Salegi, Itziar Mendibil eta Ibon Irijoa.

Aurten ere haur eta gazteentzako opera bat ondu dute; Zomozorroak du izena; Marta Garcia BERRIAko kritikariak eta Elixabete Herrerok elkarrekin egin dute libretoa. Musikariak intsektuak balira bezala irudikatzen ditu ikuskizunak. Edvard Griegen Peer Gynt obrako eta Johan Nepomuk Hummelen Tronpetarako kontzertua-ren hainbat pasarte jaso dituzte operan. Easo Sinfonietta eta Easo abesbatza daude operan parte hartu dutenen artean. Datorren ostiralean izango da estreinaldia, 19:00etan, Tabakalerako patioan.

7

Musika Garaikideko Zikloa

Aurtengoan beste agertoki bat izango du musika garaikideak Hamabostaldian, Kursaaletik Tabakalerara lekualdatuko baitira ziklo horretako saioak. Sigma Project taldeak lehen aldiz publiko aurrean egingo du 250 aniversario de América emanaldia; abuztuaren 10ean izango da hori. Bestalde, Quatuor Bela laukoteak Pablo Sorozabal konposizio lehiaketara aurkeztu zuen lana —irabazle izan zen— entzuteko aukera ere izango da hilaren 14an. Abuztuaren 16an Duo Cassadoren txanda izango da.

8

Tabakalera Dantzan

Muska Hamabostaldia ez da musika soilik, antolatzaileek dantzari ere egiten baitiote lekua. Hiru pieza egongo dira aurten Tabakalera Dantzan-en programazioan. Ion Munduatek egin du aurten zikloko dantza egonaldia, eta Hafuura ikusgarria ondu du. Emanaldiak musika eta dantza uztartzen ditu, eta Iñar Sastrek izan du pieza musikalak lantzeko ardura. Abuztuaren 11n estreinatuko dute, Tabakalerako patioan. Bestalde, Paula Quintanak Atlas de anatomía taularatuko du, hilaren 13an, eta Lorena Nogalek PICASSa, 14an.

(ID_17852457962255) Paula Quintana
Paula Quintana dantzaria. MUSIKA HAMABOSTALDIA

9

Interprete Gazteen Zikloa

Donostiako Musikene ikastegiarekin lotura duten edo izan duten musikarien lanak ezagutarazte aldera antolatzen dute Interprete Gazteen Zikloa. Lau kontzertu antolatu dituzte oraingoan. Tomas Vidal piano jotzaileak irekiko du programa, abuztuaren 18an, eta haren ondoren etorriko dira Hirusta hirukotea —18an—, Rocio Fernandez klarinete jotzailea —19an— eta Halos laukotea —20an—. Saio guztiak Miramar jauregian izango dira.

10

Musika Aitzaki zikloa

Herriz herri ibiliko da Musika Aitzaki zikloa. Hondarribian (Gipuzkoa) hasiko du ibilbidea, abuztuaren 18an, eta Aramaion (Araba) amaituko, 29an. Kontzertuak baino zerbait gehiago izango dira ziklo horretako emanaldiak. Esaterako, hilaren 23an Errenteriako Frantzesillagako probalekutik Astigarragarainoko (Gipuzkoa) ibilaldi bat antolatu dute; bost kilometro pasatxoko txangoa da. Musika ez da faltako ibilbidean zehar.

Abuztuaren 20an, Hamabostaldia Arantzazuko santutegian gozatu ahal izango da. Natxo de Felipe Oskorriko kide zenak talderako egin baina argitaratu gabe geratu ziren kantuak entzun ahal izango dira bertan. 2015ean amaitu zuen ibilbidea taldeak, eta hogei urtez ezkutuan egon diren kantuek argia ikusiko dute. De Felipe Kuarteto Philiperena taldearekin batera arituko da.

Bestalde, aurten bi saio izango dira Senperen (Lapurdi). Lehena Euskadiko Orkestrarena izango da, Larreko kultur gunean, hilaren 7an. Bigarrena, berriz, Bachcelona Akademieko bakarlarien eta Bachcekibs Consorteko kideen esku egongo da; abuztuaren 14an izango da kontzertu hori. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA