Greziako Korfu irlako herri bat da Sidari. Mediterraneoko herrixka horrek, ordea, badu beste zerbait ur turkesaz eta harea zuriaz gain: Maitasunaren kanala. Kanalak kondaira bat du; diotenez, hura elkarrekin gurutzatzen duten bikoteak betiko egongo dira elkarrekin. Kepa Errasti aktore eta antzerkigileak ez daki zehazki nola izan zuen Sidariko kanalaren berri, baina kuriositateak bultzatuta jakingo zuela uste du: «Beti aritzen naiz kuriositateari tiraka, eta segur aski elkarri maitasuna hitzemateko lekuak edo horrelako zerbait Googlen bilatuta topatuko nuen». Batera edo bestera izan, azkenerako antzezlan bati jarri dio herriaren izena. Sidari da Xake konpainiaren komedia berria; Errastik berak idatzi du, eta Getari Etxegaraik zuzendu. Aktoreen artean daude biak ala biak, Iholdi Beristain eta Hodei Arrastoarekin batera. Gaur estreinatuko dute, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa).
Bidaia bat da antzezlanaren abiapuntua. Hilabetez Europan zehar trenean bidaiatzen arituko dira Jone (Iholdi Beristain) eta Jokin (Hodei Arrastoa) bikote gaztea. Gogotsu dira bi-biak, abenturaz betetako egunak baitituzte aurrean. Bidaiatzen hasi bezain pronto, bikote heldu bat ezagutuko dute. Bitxiak dira, senar-emazteak dirudite. Eta ez da Jonek eta Jokinek bikotea ikusiko duten aldi bakarra izango, bisitatzen duten hiri bakoitzean eta hartzen duten tren bakoitzean agertuko baita bikotea, kasualitatez bezala.
«Obra oso bizia da, erritmo handikoa, eta, horrelakoetan, oso ondo etortzen da jarraian emanaldi asko izatea»
KEPA ERRASTIAktorea
Jonek ez dio batere itxura onik hartzen kasualitateen segida horri. Jokin, ordea, bikote helduaren lagun egiten hasiko da pixkanaka. Senar-emazteak diruditen arren, bananduta daude, eta tarteka elkarrekin bidaiatzen dute, harremanari eusteko asmoz. Bi gazteei arraroa egingo zaie hori —batez ere Joneri—, eurek ez baitituzte bikote harremanak horrela ulertzen. Jonek eta Jokinek unibertsitate garaian ezagutu zuten elkar, eta zortzi urte daramatzate bikote gisa. Obrak iraun bitartean, maitasunaren eta harremanen inguruan hausnartuko dute lau protagonistek. «Pertsonaia helduen bizitza luzeagoa izan da, gehiago ikasi dute bizitzaz, eta gazteak bidean daude oraindik», azaldu du Etxegaraik. Bide horretan sorpresak ere egon daitezkeela erakutsi nahi izan dute. Errasti: «80 urte izanda ere, gauzak lehen aldiz gertatu daitezke. Bizitza beti doa gauza berriak emanez».

Umorea nagusi
Apirilean hasi zen taldea entseguekin; Anoetan (Gipuzkoa) egin zituzten. Uda ondoren Luhuson (Lapurdi) izan dira bi astez, eta Villabona-Amasan (Gipuzkoa) gero —bertan izan da BERRIA—. Barreak dira nagusi entseguak iraun bitartean; berdin dio deskantsatzeko garaia den, edo paseak iraun bitartean aktoreek testua ahaztu duten: umoreak beti du lekua. «Obra komedia bat izanda, entseguek horrelakoak izan behar dute; bestela, seinale txarra izango litzateke!», kontatu du Errastik, barre artean.
Etxegarai Xakeren obra guztietan aritu da zuzendari, eta, oraingoan, zuzendari eta aktore lanak uztartu ditu —lehenengoz konpainia horretan—. Zuzendaritza dela eta, ez da oholtzara igo proiektuak forma hartu arte, eta, bien bitartean, Ainhoa Azpitartek ordezkatu du. Azpitarteren laguntza izatea «opari bat» izan dela gaineratu du Etxegaraik. Bestalde, Beristainen eta Arrastoaren lehen aldia izan da konpainiarekin lanean. Beristainek asko eskertu du Arrastoa alboan izatea, esperientziak konpartitzeko aukera izan duelako: «Beldurrak eta gogoak partekatu ahal izan ditugu, eta hori oso polita da». Arrastoaren kasuan, estreinakoz euskaraz profesionalki antzerkian aritzeko aukera izan du: «Banuen gogoa komedia bat egiteko, eta ilusioz hartu dut».

Sidari komedia bat izanda ere, ikusleek hausnartzeko aukera izango dutela uste dute aktoreek. Etxegarairen hitzetan, ikusleek konplizitatea sentituko dute pertsonaiekin, batez ere harremanez eta maitasunaz ari direnean. «Publikoa nahi gabe sartuko da hausnarketan», gaineratu du Arrastoak. Beristain: «Niri asko gustatzen zaizkit komedia erromantikoak, eta Sidari komedia ez-erromantiko bat dela iruditzen zait».
Datozen hilabeteetan hogei emanalditik gora egingo dituzte Euskal Herriko zenbait txokotan. Estreinaldiaren ondoren Gasteizen izango dira, urriaren 15ean; Getxon (Bizkaia) urriaren 22an, eta Azkoitian (Gipuzkoa) urriaren 24an. Saioen zirkuitua zehaztuta edukitzeak lasaitasun handia ematen diela azaldu du Errastik: «Obra oso bizia da, erritmo handikoa, eta, horrelakoetan, oso ondo etortzen da jarraian emanaldi asko izatea». «Emanaldiak oso tartekatuak badira, hoztu egiten da obra», gehitu du Etxegaraik.