Iruritan jokatu da Nafarroako Bertsolari txapelketako lehen faseko hirugarren saioa, gaur arratsaldean. Xabat Illarregik lortu du puntu gehien, 365,5 zehazki, eta haren atzetik gelditu dira Endika Legarra (349,5 puntu), Josu Sanjurjo (336 puntu), Julen Zelaieta (321 puntu), Amaia Elizagoien (320 puntu) eta Patxi Castillo (296,5 puntu). Ainhoa Larretxea izan da gai jartzailea. Gaurko saioan gailenduta, Illarregi zuzenean sartuko da finalaurrekoetara.
Hurrengo saioa, hau da, lehen faseko azkena urriaren 26an izango da, Los Arcosen. 17:30ean hasita egingo dute, kultur etxean. Hauek arituko dira kantuan: Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia. Ander Aranburuk jardungo du gai jartzaile.
Saio horren ondoren ekingo diete finalaurrekoei. Fase horretan, hemezortzi bertsolari lehiatuko dira: lehenengo faseko saioetako lau irabazleak, eta sailkapenean puntu gehien lortu dituzten gainerako hamalauak. Hauek dira, orain arte, finalaurrekoetarako zuzenean sailkatu diren bertsolariak: Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Xabat Illarregi. Datorren asteko irabazlearen izena jakitea falta da laukoa osatzeko.
Lehen finalaurrekoa Agoitzen jokatuko da, azaroaren 1ean. Beste bi saio ere izango dira: bat Leitzan, azaroaren 8an, eta beste bat Tafallan, azaroaren 16an. Saio horietako irabazleak zuzenean pasatuko dira finalera, eta puntu gehien lortzen duten beste bost bertsolariekin osatuko da taldea. Finala azaroaren 29an izango da, estreinakoz Iruñeko Nafarroa Arenan.