«Estutzen gaituen munduaren aurka, poesiaren eta literaturaren mailutasuna aldarrikatu nahi dugu». Sare sozialetan idatzitako mezuaren bitartez gonbita egin die Azpimarra taldeak irakurle eta literaturazale guztiei Poesia Mailu Bat Da literatura jaialdira bertaratzeko. Gasteizko gaztetxean egingo dute bigarren urtez jarraian, eta hiru egunetan: bihartik larunbata bitarte.
Iaz antolatu zuten aurrenekoz jaialdia, eta helburu berari helduta egingo dute aurten ere: literatura «mundua ulertzeko eta aldatzeko» tresna gisa aldarrikatzeko. «Literatura, estetika edo edertasun hutsetik harago, tresna bat da mundua eraldatzeko. Sinetsita gaude mundua askatasunean eta berdintasunean eraiki daitekeela, eta tresna oro erabili behar direla hartarako». Larraitz Fagundez Azpimarra irakurle taldeko kidea da; aurten ere talde horrek hartu du topaketa antolatzeko ardura.
Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti hil zela, eta haren hitzen garrantzia azpimarratzen jarraitu nahi dute jaialdiaren bidez. «Artea eta poesia ulertzeko modu jakin bat defendatzen dugu; ez zaigu interesatzen entretenimendu hutsa edo ebasiorako den literatura; errealitatea eraldatzeko tresna bat gehiago izan behar duela aldarrikatzen dugu».
Artista eta haren garaia
Egun bakarreko jaialdia egin zuten iaz, baina «indarberrituta» antolatu dute aurtengo egitaraua, eta hiru egun iraungo du. Umore ikuskizun batekin abiatuko dituzte jardunaldiak, bihar arratsaldean: Asier K, Lander Varona eta Ione Bengoa igoko dira gaztetxeko oholtzara. Literaturaren ikuspegi zabalagoa ematen saiatu dira hala, sinetsita baitaude literatura umorez ere egin daitekeela, eta baita ahoz ere. «Modu askotariko literatura jarri nahi dugu erdigunean, eta euskaraz», azaldu du Fagundezek.
Ostiralean, berriz, idazketa eta fanzine tailerrak antolatu dituzte arratsalderako; lehena gaztetxean egingo dute, eta bigarrena, Arkillos 10 gunean. Poesia mikro irekia, kartel erakusketak eta bestelakoak ere izango dira. Jendearen parte hartzea sustatu nahi dute hala, «harremanak estutzeko eta elkarren artean sortutako proiektuak trukatzeko aukera emanez».
Larunbatean, berriz, mahai ingurua antolatu dute Xabier Montoia idazlearekin eta Maddi Sarasua idazle eta bertsolariarekin, 17:30erako. «Artistak bere garaiarekin izan beharko lukeen harremanaz» hausnartuko dute biek ala biek. Euskarazko literaturak azken hamarkadetan izan duen bilakaeraz, abian diren zirkuituez eta arteak eta literaturak mugimendu politikoetan duten tokiaz ere gogoetatzeko parada izango dute.
Mahai inguruaren ostean, festa giroa nagusituko da iluntzean: Azpimarra taldeak poesia ekitaldi musikatua egingo du Stiltekin batera, eta jarraian kontzertua emango dute Stilt, Gozzue eta Cubo DJak.