Irudimenean hegan eginez baizik ezin da guztiz ulertu Idoia Fraileren estreinako nobela: Arranoaren luma. Liburuaren aurkezpenean, autoreak berak egin du ohartarazpena, doinu eztiz, irakurleari proposamen bat edo kasik erronka bat helarazten ariko balitzaio bezala. Haren hitzetan, ezinbestekoa da «hegaka» Zuberoara ailegatzea eta, aldi berean, berrehun urte atzera egitea, non eta XIX. mendeko Andozen lurreratzeko. «Hori irudikatu gabe ez baitago ulertzerik». Izan ere, koordenatu geografiko eta garai konkretu horiexetan kokatu du bere lehenbiziko nobela, soa 1836tik aitzinera hedatuta, zehazki. Gaxusa izeneko emakumearen esperientzia du ardatz. Alargundu berritan, ezagutu ere egiten ez zuen gizon batekin ezkontzera behartu zuten Gaxusa. Eta mina da nagusi, horregatik. Hala narrazioan nola «emaztearen begiradan». Elkarrek plazaratu du lana.
Hegaldiarena ez ezik, beste proposamen bat ere egin du Frailek eleberriaren aurkezpenean. Istorioaren mamia zein den azaldu nahian, eszena bat irudikarazi die prentsaurrekoa aurrez aurre zein telematikoki aditzen ari ziren kazetariei. «Irudika ezazue Atharratzeko emazte gazte bat, alargun gelditu ondotik, 3 urteko alabatxoa besoetan bilduta, orga batean», ekin dio azalpenari. Segidan, xehe-xehe esplikatu du orga «karrankan» doala aurreraka eta «ongi jantzitako gizon bat» duela gidari. «Eta esango banizue eleberriko protagonista Gaxusaren aita-amek Larraineko burdinoletako jaunarekin ezkonarazi zutela alaba, hark ezagutu ere egiten ez zuen arren, eta jaun hori bera zela orgaren gidari hura?».Â
Nolanahi dela, Gaxusa ez da eleberri historikoko ahots nagusi bakarra. Matilda Legardinier editoreak nabarmendu duenez, Gaxusa eta haren alaba Kattalin, bi-biak dira protagonistak Fraileren nobelan, nahiz eta amaren iraganeko esperientziak daukan pisu handiena.
Are gehiago, Frailek zehaztu gisara, alabaren aurkikuntza batek abiatuko du kontakizunaren hari nagusia, preseski. 1973ko elurte aldiaren atarian, 40 urte dituelarik, amak «baldarki eta kostata» sega poto batean idatzita utzitako hitzokin eginen baitu topo halako batean Kattalinek: «Xakerteko botxĂ¼etako arranoa niz. 1859ko bedatsea». Hori leitutakoan, jakin-min biziak bultzatuta, amari galdezka hasiko zaio alaba, eta kontatzen dizkionak idazteari ekinen dio orduan, zailtasunak zailtasun. Eta argituz joanen da, hala, orriz orri, zergatik aipatzen ote duen amak arranoari buruzko zera hori, egiazki ote den arrano bat, eta, batez ere, zer gertatu ote zen 1836ko hartan, eta handik goiti.Â
Bidezidorrak Zuberoara
Nobela idazten hasi zenetik zortzi urte iragan direnean eman du Frailek Arranoaren luma, eta, nolabait, «zorrak kitatzeko» ere balio izan dio argitalpenak berak. Errenteriakoa izanagatik, 1994tik 1998ra Zuberoan bizi izan zen idazlea. Alozen, Seaskako ikastolan irakasle jardun zen, Mauleko AEK-n ere ibili zen aldi berean, eta garai horrek utzitako arrastoari lotu-lotua dago berriki plazaratutako lana, dioenez.
«Ikusi nuen folklorearen, dantzaren eta kantuaren atzean bazela herri bat, bazela etnia baten ahotsa, antzinakoa nolabait, baina lokarri bat bazuena», kontatu du Frailek. Batik bat kariñoz oroitu ditu haiek, baina aitortu du inpresio ezkorrago hau ere izan zuela orduan: «Emakumearen irudian mundu ikuskera hertsia sumatu nuen zenbait tokitan, ehun urte atzerago baleude bezala».
«Argi nuen kontakizun baten bidez gizonaren bortizkeria jasan zuen emakume baten mina salatu nahi nuela, eta leku bakarti bat behar nuen, sufrikariotan bizi zen emazte horren bakardade hori ongi islatzeko»
IDOIA FRAILEÂ Idazlea
Eta, paradoxikoki, gogoeta hori izan zuen, azkenerako, nobela abiarazteko behar izan zituen heldulekuetako bat. «Ordurako argi nuen kontakizun baten bidez gizonaren bortizkeria jasan zuen emakume baten mina salatu nahi nuela, eta leku bakarti bat behar nuen, sufrikariotan bizi zen emazte horren bakardade hori ongi islatzeko. Hori gogoan, eta autoz Orhi magalerantz gindoazela, tunela zeharkatu eta berehala Larraine bistaratu nuenean, 'hantxe!' esan zidan barruak». Istorioa girotzeko garaiak zein behar zuen bururatu zitzaion horren ondotik: XIX. mendea, «Elizak botere handia zuenekoa eta feudalismoaren arrastoak oraino gordeak zirenekoa».Â
Istorioa are eta sinesgarriago egiteko asmoz, pertsonaien zuzeneko elkarrizketak jasotzearen alde egin du autoreak liburuan. Eta zuberera ere baliatu du; euskara estandarra darabil zenbait pasartetan, baina baita tokian tokiko hizkera ere, beste batzuetan. «Esango nuke hauxe dela eleberri honek egiten duen ekarpenik handiena, ene ustetan bederen», nabarmendu du. Argitu duenez, baina, lagun askoren laguntza izan du bidean alor horretan ere, hala nola Allande Socarros zenarena —2021ean hil zen— eta Mixel Etxekoparrena.Â
Bestalde, Antxiñe Mendizabali ere eman dizkio eskerrak. Dioenez, bereziki lagungarri izan zaio kapituluak josteko, erritmoarekin asmatzeko eta, preseski, sinesgarritasuna bermatzeko.
Gordintasuna leuntzeko
Baina plazera aipatu du Frailek, gehienbat. Prozesua aski gozagarria izan zaio, iradoki duenez. «Barruari utzi diot eramaten, trumoiei eta ekaitzari batzuetan, baina ur-xirripa geldoan gehienetan. Egun emankorrenak, gainera, elur giroko horiexek izan zaizkit, halaxe imajinatzen bainuen Andoze ere, gure etxeko lurra bezain lotu eta isil. Eta imajinatzen nuen etxe bat tximiniatik kea zeriola, eta barruan, lanbrotutako malkoekin, Gaxusa».Â
Paisaia. Iruditeria. Horra eleberrian berebiziko garrantzia duten beste elementuetako bat, Legardinierren esanetan. Dioenez, alderdi horrek berak nabarmen leuntzen du istorioaren dramak duen «gordintasuna», eta, hala, are eta gustagarriagoa izan daiteke irakurketa bera orri pasaka ari denarentzat. Gainera, minari buruzko nobelan mina baino gehiago ere badela azpimarratu du Frailek ere, orriotan murgiltzeko tentazioa piztu nahian: «Intriga sorraraziko duen istorio bitxi bat ere badago barruan, baina, zeru goietatik erortzen den luma bat bezala, airean utzi nahi nuke hori, dilindan».