Zenbaitek haren apustu politikoagatik eta Galiziako nazionalismoaren alde egindako lanagatik izango du gogoan Xose Luis Mendez Ferrin. Union do Povo Galego alderdiaren sortzailetako bat izan zen 1964an, eta Galiza Ceibe alderdian ere inpikatu zen. Beste askori, berriz, haren idazle profila egingo zaio ezagunago, Galiziako kulturak eman duen izen handietako bat baita Mendez Ferrinena. Gaur hil da, 88 urtetan.
Letra galegoetan erreferentzia saihestezintzat jotzen dute Mendez Ferrin. Poemak, narrazioak, nobelak eta saiakerak idatzi zituen, baita prentsarako artikuluak eta hausnarketak ere. Faro de Vigo egunkarian idatzi zuen bere azken pieza. Hartan, Xose Manuel Beiras intelektual galego hil berriari eskaini zizkion bere azken lerroak.
Mendez Ferrinek idatzitako lan guztien artean Con polvora e magnolias da antzatetsiena. Liburuak batzen dituen 22 poemetan barrena, konpromiso soziala, pentsamendu marxista eta nazionalismoa landu zituen, eta testu intimista eta existentzialistagoekin osatu zuen. Liburu horrekin Espainiako Kritika Saria jaso zuen 1977an.
Aipagarri dira haren beste lan hauek ere: Percival e outras historias (1958), O Crepusculo e as formigas (1961), Arrabaldo do norte (1964), Elipsis e outras sombras (1974), Retorno a Tagen Ata (1971) edota No ventre do silencio (1999).
Bestalde, ahalegin handia egin zuen literatura galegoa Galiziatik kanpo heda zedin. Horrez gain, irakaskuntzan, hizkuntzalaritzan eta kazetaritzan ere utzi zuen arrastoa.
1938an sortu zen Ourensen. Filosofia ikasi zuen Santiagon, eta handik Madrilera aldatu zen. Hain zuzen, aan eman zuen argitara bere lehen poema liburua: Voce na neboa (1957). 1965. urteaz geroztik irakasle katedraduna izan zen Vigoko Santa Irene Institutuan. Erretreta hartu zuen arte aritu zen han, gazteei galegoz idazteko grina pizteko ahaleginetan.