Xoxoaren kantuak bizirik dirau

1980an sortu zuten MCI-JH636 nahasketa mahaia, Chicagon, Galdakaoko Xoxoa estudiorako. Xabi Navarroren Musikorta estudioan dago gaur egun, eta diskoak grabatzen ditu oraindik ere.

Xabi Navarro 'Jota' soinu teknikaria, MCI nahasketa mahaiaren ondoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xabi Navarro 'Jota' soinu teknikaria, MCI nahasketa mahaiaren ondoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2026ko abuztuaren 30a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsa elektrizitate bihurtu da mikrofonoan sartu orduko; kablea ziztu bizian zeharkatu duen korronte elektriko. Goiogane baserriko (Amoroto, Bizkaia) Musikorta musika estudioa gailu elektronikoz josita dago, baina korronteak zuzen egin du bidea, kablean barrena, gelaren zati handi bat hartzen duen nahasketa mahairaino. Ez da edozein mahai: haren erraietatik igaro dira, besteak beste, Mikel Laboaren ahotsa, Itoizen gitarra eta Oskorriren Plazarik plaza diskoa. Noizbait Xoxoa zigiluarena izandako mahaia Xabi Navarro Jota-ren (Irun, Gipuzkoa, 1963) estudioan dago gaur egun, eta, sortu eta ia mende erdi geroago, diskoak grabatzen, nahasten eta masterizatzen ditu oraindik ere.

Galdakaoko (Bizkaia) Elexalde auzoan, Errekalde bidean barrena, garai batean Xoxoa estudioarenak izandako eraikinak topatuko ditu hara doanak. Jaime Iarrituk sortu zuen (Urduña, Bizkaia, 1952 - Galdakao, Bizkaia, 2002), 1978an: «Mezenas bat lortu zuen, uste dut Venezuelan bizi zen euskaldun bat zela, eta hark eman zizkion material guztia erosteko baliabide ekonomikoak». Ez dago garbi mezenasaren rola nork bete zuen, baina itxura guztia du Pako Miangolarra (Gernika, Bizkaia, 1934) izan zela.

«Mezenas bat lortu zuen, uste dut Venezuelan bizi zen euskaldun bat zela, eta hark eman zizkion material guztia erosteko baliabide ekonomikoak»

Miangolarra euskal kulturaren eta politikaren sustatzaile eta filantropoa izan zen. 1936ko gerra bukatu aurretik Venezuelan erbesteratu zen familia osoa, eta dirutza egin zuten han, inprimategi bat sortuta. Hainbat eta hainbat proiekturen mezenasa izan zen, tartean 1967an Donostiako Gros auzoan sortutako Herri Gogoa diskoetxea. Iñaki Beobiderekin eta Axen Egañarekin batera sortu zuen, eta estudio klandestino hartan diskoak grabatu zituzten, besteak beste, Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Lourdes Iriondok, Xabier Letek eta Antton Valverdek. Haren gaineko erreportaje bat ere egin zuen BERRIAk: Gailu «mitiko» bat, euskal musika geroratzeko. Hamaika proiektu diruz lagundu bazituen ere, egun zaila da horietariko askoren arrastoari jarraitzea. Xoxoa diskoetxea da horietako bat.

Chicagotik Galdakaora

Xoxoa Hegoaldeko lehen estudio profesionala izan zela dio Navarrok, Herri Gogoaren ondotik. Hegoaldeko bigarrena eta Euskal Herriko hirugarrena, beraz, Iparraldean bazegoelako aurrez beste estudio txiki bat, 70. hamarkadan zehar jardun zuena: Bacchanales. Jean Phocas (Hendaia, Lapurdi, 1947) soinu teknikari zuelarik, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) estudio hartan grabatu zen, esaterako, Itoizen lehen diskoa, Itoiz (1978).

1980an hasi zen Phocas Xoxoan lanean, teknikari moduan. Phocasek berak eskatu zuen estudiorako nahi zuen materiala ere, eta halaxe iritsi zen, urte hartan bertan, MCI-JH636 nahasketa mahaia, Chicagon (AEB) egina.

«Badaude zenbait disko Xoxoaren zigilupean egon arren mahai horrekin grabatu ez direnak; adibidez, 1980tik atzerakoak»

Gutxi iraun zuen mahaiak Xoxoan lanean, baina urte oparoak izan zituen. Haren erraietatik jaio dira, besteak beste, Mikel Laboaren Lau-bost, Itoizen Ezekiel, Oskorriren Plazarik plaza eta Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskoak, guztiak 1980an argitaratuak. Navarro: «Badaude zenbait disko Xoxoaren zigilupean egon arren mahai horrekin grabatu ez zirenak; adibidez, 1980tik atzerakoak. Horiek Iparraldeko Bacchanales estudioan grabatuta daude». Galdakaokoa, beraz, Donibane Lohizuneko zigiluaren segida izan zela esan liteke.

Xoxoa zigiluaren logotipoa duen eranskailua. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xoxoa zigiluaren logotipoa duen eranskailua. MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Onenetan onena»

Audio ekipamendu profesionaletan, MCI (Music Center Incorporated) AEBetako fabrikatzailea zen markarik onenetarikoa garai hartan. Horren erakusgarri da Xoxoak erosi zion mahaiaren modeloa izan zela munduan automatizazio sistema bat zuen aurrenekotarikoa.

Zer da automatizazioa, ordea? Funtsean, nahasketa mahaiak une oro duen bolumena oroitzeko eta gordetzeko modua ematen duen sistema bat da: «Ordura arte, nahasketak egiteko jende pila bat jartzen zen mahaian, eta batzuk fader [bolumen] batzuk igotzeaz arduratzen ziren, beste batzuk beste batzuez, mute-ez [pistak isiltzeko botoiez] beste zenbait, eta dena eskuz egiten zen, oso modu oinarrizkoan».

Baina, grabazio moduak aldatuz eta garatuz joan ziren heinean —70eko hamarkadaren amaieran zortzi pistako grabaziotik hamaseikora eta geroago 24kora igaro zirenean, adibidez—, aldaketa oro eskuz egitea oso nekeza eta geroz eta konplexuagoa zela ohartzen hasi ziren.

Xoxoako mahaiaren bidez, une oro gorde zitekeen bolumen bakoitza non eta nola zegoen, automatizazio sistemari esker. Informazioa zinta grabagailuaren pista batean grabatzen zen, pultsu «sasi-digital» batzuen bitartez, eta, gero, gailua erreprodukzio moduan jartzean, informazio hori berreskuratu ahal izaten zen. Gaur egungo begietatik ikusita sistema «oso primitiboa» zen arren, garai hartan «iraultzailea» izan zen, Navarroren arabera.

«Ez zegoen gaur egungoa bezalako merkaturik baliabide ekonomikorik gabeko jendearentzat. Orduan, edo oso ona zen, edo ez zen»

Mahaiak beste berezitasun bat zuen: elektronika. Sasoi hartan, mahai profesional guztiek behar zuten elektronika ona izan, ezinbestean. Mahai handiak ziren estudioetakoak, garestiak, eta horrek esan nahi zuen «onenetan onena» izan behar zuela bakoitzak: «Ez zegoen gaur egungoa bezalako merkaturik baliabide ekonomikorik gabeko jendearentzat. Orduan, edo oso ona zen, edo ez zen».

Merkatua asko zabaldu da ordutik: «Orain, marka bakoitzak dauka bere maila goreneko aukera, erdi mailakoa eta nornahirentzako modukoa, home studio deitzen diren horietan erabiltzeko».

Lanez gainezka lehen, abandonatuta gero

Xoxoak 1985 inguruan utzi zion diskoetxe gisa funtzionatzeari. Bertako grabazio eta funts guztiak gorde egin zituzten, baina tokia K2000k hartu zuen, eta bikoizketa estudio bat eraiki: «Sasoi horretan, Elkarrek erosi zuen enpresa. Xoxoako grabazio guztiak gelditu ziren Elkarren eskuetan».

Mahaia Galdakaoko eraikinetan bertan gelditu zen, ordea, Xoxoa desagertu ondoren ere. Azkar baztertu zuten, gailua handiegia zelako seguru asko: «[Nahasketa mahaiak] Urte asko igaro zituen biltegietan bueltaka. Leku guztietan molestatuko zuen handia zelako, eta danbadaka ibiliko zuten».

Traban egote horrek eraman zuen tresna Navarroren eskuetaraino. Arsenio Gonzalezek ikusi zuen K2000ren korridoreetan, eta zer zen galdetuta: «Ba, oraintxe deitu dugu txatartegira, haren bila etor daitezen». Huraxe erantzuna. «Nola txatartegira?», galdetu zuen Gonzalezek: «Nik eraman dezaket?».

Baietz esan zioten, betiere txatartegiko langilea heldu baino lehen eramaten bazuen. Gonzalez mantenu teknikaria zen, eta mahaia konpondu nahi izan zuen, baina, «bizitzaren gauzak» zirela medio, azkenean Navarrori eskaini zion. Hark 2015ean erosi zion aparatua; besteak beste, atzean zuen historiaz «maitemindu» zelako.

Uholde batzuek harrapatuta topatu zuen tresna Navarrok, energia iturri guztiak hondatuta, hainbeste urtez abandonatuta egon ostean: «Hori ezin zen martxan jarri ere». Bi urtez etxean izan zuen, «ontzen», denbora falta zela eta: «Egunero ikusten nuen, baina ez nuen saltsa horretan sartzeko denborarik hartzen. Eta, azkenean, 2017an ekin nion».

Xabi Navarro 'Jota', tailerrean, gailu elektroniko baten konponketa lanetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xabi Navarro 'Jota', tailerrean, gailu elektroniko bat konpontzeko lanetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Energia iturriak konpondu zizkion lehenik, tentsioa egiaztatu ondoren, kanal bakoitza banan-banan atera, kondentsadoreak aldatu, probatu, ultrasoinu sistema batekin garbitu, falta ziren piezak erosi, besteak sortu… Prozesu «oso luzea» izan zen, dokumentazio lan «amaiezina» eta «kamioikada bat» pazientzia eskatu zizkiona. Urtebete inguru iraun zuten konponketa lanek.

Hutsetik, baina ilusioz beteta

Gaur egun, Navarroren Musikorta estudioan dago garai batean Laboaren ahotsaren eta Itoizen doinuen lekuko izandako mahaia, Goiogane baserrian —bertan bizi da Navarro—. 1989an zabaldu zuen, Paul Erdozia Etsaiak taldeko bateria jotzailearekin batera. Navarrok aspaldian bazuen baserrian estudio bat sortzeko «ilusioa», baina ez zuen horretarako tarterik hartzen. Erdoziak bultzatu zuen urratsa egitera.

Baserriaren atzealdean eraiki zuten estudioa, lehen korta zen lekuan. Hutsetik sortu behar izan zuten, egitura zaharra «txikituta» baitzegoen. Dena bota eta berria eraiki zuten: «Guzti-guzti-guztia gu bion artean egin genuen». 1997an egin zituzten obrak, eta 1998an, lehen grabazioa.

Hasierako garai haietan, bi mahairekin lanean aritu zen Navarro: Tascam markako batekin lehenik, eta TAC markako beste batekin ondoren. Mahai haiek ez zuten, baina, Xoxoakoak zuen osagai emozionala. Navarrok pentsatu zuen: «Disko onak grabatu badira hemen, nola utziko dut bazter batean? Nik ez badut konpontzen, nork konponduko du?». Eta, horrela, gailuaz «maitemindu» zen.

Navarrok argi du nahasketa mahai horrekin lan egitetik zer duen gustukoen. Batetik, bolumena igota guztiak «soinu ona» egitea, «lan asko» egin behar izan gabe. Eta, bestetik, botoiak ukitu ahal izatea: «Mahai digital batean, sagu batekin ari zara, eta ez dituzu botoiak ukitzen. Pantailatxo batean ikusten dituzu, baina ezin dituzu ukitu. Eta sentsazio horrek ere, botoi guztiak eskura izateak, lana errazten du, hala ez dirudien arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA