Musika

Xostakovitxen «testamentu filosofikoa» oholtzaratuko dute ostiralean eta larunbatean Arriaga antzokian

Konpositorean 14. sinfoniaren egokitzapen bat da 'Shostakóvich 14' ikuskizuna. Calixto Bieitok egin du zuzendari eszenikoaren lana, eta musika zuzendaria, berriz, Alejo Perez izan da. Pieza hori «eszenara eramaten den lehen aldia» da, Bieitoren hitzetan.

'Shostakóvich 14' ikuskizunaren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokian, gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Shostakóvich 14' ikuskizunaren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokian, gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko ekainaren 16a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolore biziko landarez betetako oholtza, eta erdian, sabaitik zintzilika, lorategi borobil bat. «Heriotzaren kontrako borroka», eta, aldi berean, «heriotzaren onarpena» irudikatzeko eraiki dute eszena. Izan ere, dikotomia horrek deskribatzen du Shostakóvich 14 ikuskizunaren funtsa, Calixto Bieito zuzendari eszeniko eta Arriaga antzokiko zuzendari artistikoaren aburuz. Dmitri Xostakovitx Sobietar Batasuneko konpositoreak 1969. urtean sortu zuen 14. sinfoniaren moldaketa bat da, eta Bilbora ekarri dute orain. Estreinaldia ostiral arratsaldean izango da, Arriaga antzokian, eta larunbat arratsaldean ere taularatuko dute. Aurretik kontzertuetan jo duten arren, 14. sinfonia «eszenara eramaten den lehen aldia» da hau, Bieitoren arabera. 

Alejo Perez musika zuzendariak egokitu du Xostakovitxen obra, eta BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak, eta Annette Dasch eta Leigh Melrose abeslariek interpretatuko dute. Leioa Kantika Korala abesbatzak ere parte hartuko du ikuskizunean. 

14. sinfonia «oso berezia eta guztiz bokala» da, Perezen hitzetan. Azaldu duenez, Xostakovitxek gaixo zegoela sortu zuen obra, bihotzeko «larri» bat izan ondoren, eta orduan hautatu zituen bere pieza berriaren oinarri izango ziren 11 poemak: Federico Garcia Lorca, Guillaume Apollinaire, Wilhelm Kuchelbecker eta Rainer Maria Rilke poeten lanak, hain zuzen ere. «Horiek guztiek puntu komun bat dute: heriotza goiztiarraren aurkako matxinada. Xostakovitxen azken-aurreko lana denez, askok argudiatu dute requiem bat dela, baina ez da horrela, ez du zentzu erlijiosorik ez tragikorik». Horren ordez, 14. sinfoniak «heriotzaren aurreko etsipena» adierazten duela deritzo Perezek. Bieitoren arabera, aldiz, konpositorearen «testamentu morala eta filosofikoa» da pieza. 

«Kontzertuetan arau zorrotzak daude: eserita egon behar duzu kantatzeko ordua heldu arte, eta, gero, modu jakin batean eutsi behar zaio partiturari. Sinfonia hau abesteko orduan, mugitzeko eta adierazteko nahia sentitu nuen»

ANNETE DASCH Abeslaria

Satiraren erabileraz ere mintzatu da Perez. Haren esanetan, baliabide hori da Xostakovitxek Sobietar Batasunaren «errepresioari aurre egin eta egia esateko» zerabilena. Izan ere, haren lana urte luzez zentsuratu zuten sobietarrek, eta erabaki hori justifikatzeko «zentzurik gabeko argudioak» erabili zituzten, musika zuzendariaren aburuz. 

Shostakóvich 14 ikuskizuna Bieitok zuzendu duen arren, Annette Dasch abeslariarena izan zen 14. sinfonia oholtzaratzeko ideia. Kontzertu batean kantatu zuen sinfonia, eta pieza antzezteko «izugarrizko grina» izan zuela ekarri du gogora: «Kontzertuetan arau zorrotzak daude: eserita egon behar duzu kantatzeko ordua heldu arte, eta, gero, zutik jarri eta modu jakin batean eutsi behar zaio partiturari. Sinfonia hau abesteko orduan, mugitzeko, partitura botatzeko eta adierazteko nahia sentitu nuen». Orduan jakin zuen sinfonia «eszenara eraman beharra» zegoela. 

Daschek nabarmendu du pieza «gizakien arteko loturaren» ingurukoa ere badela. Haren esanetan, konpositoreak «beldurrez betetako» bizitza izan zuen, eta ingurukoekin zuen harremanak eman zion «aurrera egiteko indarra». Hain zuzen ere, 14. sinfonia Benjamin Britten lagun minari eskaini zion. 

Bizitzaren zirkulua

Sinfoniaren bazter horiek guztiak taularatzeko, eszenatokia naturaz janztea erabaki zuen Barbora Horakova eszenografiaren diseinatzaileak. Azaldu duenaren arabera, bizitzaren zirkulua izan zuen inspirazio nagusi: «Heriotza gure ondoan ibilian doan lagun gisa irudikatu nahi nuen, ispilu bat izango balitz bezala, une guztiak bizitzera bultzatzen gaituena. Ezerezetik jaio gara, eta, hiltzean, lurrean bukatuko dugu». Landarez betetako oholtzak hil diren horiek gogoratzeko leku bat ere irudikatzen duela argitu du Horakovak. Izan ere, herrialde batzuetan hilerriek duten funtzioa izan zuen inspirazio iturri. «Suedian, adibidez, ohikoa da eskolako ikasleak jolas orduan hilerrira joatea eta bertan bazkaltzea edo atseden hartzea», erantsi du. 

Ikuskizunaren helburuetako bat heriotza «gazteei erakustea» ere badela azaldu du Bieitok. Hori dela-eta gonbidatu zuten Leioa Kantika Korala abesbatza obran parte hartzera. 10 eta 18 urte arteko 45 umek eta gaztek osatzen dute taldea, eta haiei jarraibideak eman beharrean gaia ulertarazi nahi izan dietela argitu du Basilio Astulez abesbatzaren zuzendariak. Ikuskizunean funtzio «eszenikoa eta sinbolikoa» beteko dutela zehaztu dute, sinfonia ez baitago haur abesbatza batera moldatua. «Beste pieza batzuk Xostakovitxen obrari gaineratzeko prozesuan gaude, haren lanaren mezua islatzen duen zerbait gehitzeko», erantsi du Astulezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE