Yayoi Kusama hil da, patroi errepikakorrak arte bihurtu zituen margolaria

Artista japoniarraren lanetako kolore biziak, pinportak eta patroi errepikakorrak psikodeliaren erakusgarri bilakatu ziren. Obsesiboki heldu zien maitasunari eta arima hilezkorraren gaiari.

Yayoi Kusama bere artelanik berrienen aurrean, 2017. urtean, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Yayoi Kusama bere artelanik berrienen aurrean, 2017. urtean, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2026ko abuztuaren 27a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artea sortzeko baliatu zuen bere nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, baita txikitandik izandako haluzinazioak ere. Haren artelanetan sare eta uztai gisako patroiak, pinporta errepikakorrak eta kolore biziak ageri dira etengabe. Pinturan landutako gaien artean, betiereko maitasuna eta arima hilezkorra izan zituen gogokoenak, baina izan zuen bestelako kezkarik eta galderarik ere; besteak beste, infinitua, metaketak, konektibitate erradikala, alderdi biokosmikoa, heriotza edota bizitzaren indarra. Ia azken hatsa eman arte ibili zen horiek guztiak esploratzen. Gaur zabaldu da Yayoi Kusama artista japoniarraren heriotzaren berri, baina abuztuaren 14an hil zen, Tokioko ospitale nagusian. 97 urte zituen.

1929an sortu zen, Matsumoton (Japonia), merkatari familia batean. Artean ume bat baino ez zela diagnostikatu zizkioten buruko nahasmenduak eta haluzinazioak. Artistak berak gerora aitortu zuenez, gurasoekin izandako harreman txarra eta bereziki amaren abusu fisiko eta psikologikoak izan ziren horren guztiaren lehen eragileak. Ezin horrek, baina, espresio bideak bilatzera bultzatu zuen Kusama, eta artean hartu zuen babesa. 10 urte baino ez zituela hasi zen pintatzen.

Gerora, Japoniako Nihonga pintura tradizionaleko ikasketak egin zituen Kiotoko Arte eta Artisautza Eskolan, baina estuegia zitzaion XIX. mende amaieran definitutako arte estilo hori.

Margoen bidez sortzea bizirik irauteko eta terapia egiteko tresnatzat harturik, popari, performanceari, abstrakzioari eta feminismoari jarraitu zien aurrerantzean, eta, horien guztien bidez, estilo abangoardista propioa sortu. Haren lanetan aparteko garrantzia hartu dute pinportek; obsesiboki errepikatzen zituen, unean-unean aukeratutako teknika akuarela, olioa edo beste edozein zela ere. Polka dot izena eman zien.

Mundu osoan erakusgai

Kusamak mundu osoko museo eta erakustazoketan erakutsi zituen bere artelanak; besteak beste, Veneziako Biurtekoan (Italia), Tokioko Arte Modernoko Museoan, Sydneyko Arte Garaikideko Museoan (Australia), Londresko Tate Modern museoan, Madrilgo Reina Sofian, Parisko Pompidou zentroan eta Bilboko Guggenheimen.

Hain zuzen, atzera begirako erakusketa bat izan zen Bilboko Guggenheim museoak eskainitakoa, 2023an. Artistaren ia zortzi hamarkadako ibilbidea laburbiltzeko, berrehun bat obra bildu zituzten, eta hainbat diziplina uztartu. Tartean ziren pinturak, eskulturak eta bideo instalazioak. 94 urte zituen orduan, eta bere adierazpenetan denbora geldi zedin eskatu zuen Kusamak: «Hainbeste dira adierazi nahi ditudan gauzak...».

2017an bere museoa sortu zuen Tokion. Halaxe mintzatu zen ateak zabaldu zituzten egunean: «5 edo 10 urte neuzkanetik, goizetik hasi eta gauera arte margotu izan dut. Ez da egunik joan pintatzen aritu ez naizenik. Bazter guztietan pinportak margotzen ditut oraindik ere».

Gai bat hartu, eta hura mamitzeko serieak sortzeko ohitura zuen. Haren serierik zabalenak —My Eternal Soul— bederatziehun artelan inguru batzen ditu, denak ere 2009tik 2021era bitarte eginak.

Nabarmena izan zen, halaber, haren antimilitarismoa eta gerraren aurkako jarrera. Bigarren Mundu Gerrak nerabezaro betean harrapatu zuen artista; 16 urte zituen AEBek Hiroshiman eta Nagasakin lehergailu atomikoak lehertu zituztenean. Horrek utzitako arrasto sakona gerraren aurkako ekintzetan erakutsi zuen gerora, bereziki AEBetara alde egin ostean Japoniako formalismo zurrunetik ihesi. 50eko hamarraldian izan zen hori. Vietnamgo gerra piztu zenean, ekintza eta protesta ugaritan parte hartu zuen.

AEBetan bizi izandako lehen urteetan, instalazio murgiltzaileak eta formatu handiko piezak landu zituen, baita ispiluz eta argindar elektrikoz hornitutako eskulturak ere. Arte plastikoez gain, moda, zinema eta komunikabideak ere jo zituen begiz. 1973an, bere buru osasunak okerrera egin zuela eta, Japoniara itzuli zen.

Idazle gisa, eleberriak plazaratu zituen —Narcisus Garden (1966) eta Gleaming Lights of the Soul (2008), besteak beste—, eta baita artelanen antologiak ere, hala nola Dots Obsession (2008), Ascension of Polka Dots (2013), Repetitive Vision (2007), A Bouquet of Love I Saw in the Universe (2012), Phallic Girl (1967) eta Tulips of Shangrila (2004).

Ezin konta ahala sari jaso zituen bizirik zela, tartean Japoniako Arteen eta Letren Ordenako Saria eta lehen emakumea izan zen Japoniako Arte Elkartearen Praemium Imperiale saria jasotzen, 2006an.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA