«Orain, isilik». Itogarri izan zitekeena askatasunerako baliatu nahian dabil Lara Izagirre zinema zuzendaria (Zornotza, Bizkaia, 1985). Aurreko astean hasi zuten Yerma pelikularen filmaketa, eta, orain, hogei pertsonatik gorakoa da Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako (Bizkaia) Arte Ederren fakultateko gelaren ertz batean joan-etorrian dabilen lantalde teknikoa. Gainera, hamabost aktore eta figurante inguruko taldeak hartzen du aretoa kameren eta mikrofonoen beste aldean. Baina egitura horrekin guztiarekin ere, benetakotasun printzen arrantzan jarraitzeko borondatez ari da Izagirre.
Eta, hain justu, horregatik filmatu du sekuentzia bera bi aldiz. Benetako arte ikasleak dira aretoko figuranteen arteko gehientsuenak, eta beren benetako artelanekin ari dira kamerentzako ia-ia benetan lanean. Ane Pikaza aktorea batetik bestera dabil haien artean, Mara izeneko irakaslearen rolean. Haietako bakoitzarekin solasaldi labur bat izan du lehen saialdian, baina besterik gabe batetik bestera paseoan aritzeko esan dio zuzendariak bigarrenean. Eta, edonola ere, bi kasuetan filmatzen utzi du kamera sekuentzia amaitu ostean ere, hamabost segundo inguruz lehen aldian, eta hamar segundoz bigarrenean. Benetako artistak ia benetan lanean utziz. Ia egia horretan egia gerta dadin. «Moztu!».
«Uste dut filmak baduela generazionala den zerbait, ama izateko zailtasunei buruzkoa delako nire belaunaldikoon elkarrizketa garrantzitsuenetako bat orain, nahiz eta pixka bat ezkutuan egon»
LARA IZAGIRRE Zinema zuzendaria
Euskaraz izango da filma, Euskal Herrian girotuta egongo da nagusiki, eta Mararen nondik norakoak kontatuko ditu. Eta, hain justu ere, trama nagusia azaltzen duten bi une garrantzitsuren artean kokatutako lasaitasun momentu bat erakusten du grabatu berri duten sekuentziak. Batetik, eskultura irakasle izateko postua lortu berri izanaren pozaren ondoren datorrelako ikasgelako eszena, baina, bestetik, dei bat jasoko duelako berehala: haurdun geratzeko abiatu duen prozesua ongi joan ez dela esateko deia, hain zuzen. Bada, egonkortasun garai horretan biziko duen ezintasuna da pelikularen muina. Umeak izan nahi eta ezin hori.

«Uste dut filmak baduela generazionala den zerbait», azaldu du Izagirrek, «hori delako nire belaunaldikoon elkarrizketa garrantzitsuenetako bat orain, nahiz eta pixka bat ezkutuan egon». Ezkutuan dagoen hori azaleratzen laguntzea da filmatzen ari den lanaren asmoetako bat, zuzendariaren hitzetan. «Pelikula hau arnasgune bat bilakatu daitekeela uste dut».
Sekuentzia asmatuak
Izagirreren hirugarren fikziozko lan luzea izango da Yerma. 2015ean estreinatu zuen Un otoño sin Berlín lana, 2020an aurkeztu zuen Nora, eta sei urteren buruan hasi du orain Yerma; dioenez, igarri egiten du urte horietan guztietan metatutako esperientzia. Gozatzen ari dela dio, eta lan giroan ere antzematen da hori. Ikasgelako sekuentzian, adibidez. «Talde tekniko eta aktore super onak ditut, eta, nire ustez, pelikularako eta emaitza artistikorako garrantzitsua da gu pozik egotea eta disfrutatzen aritzea».
Erabat itxita dute bai gidoia eta bai ekoizpena ere, baina horrek ez du esan nahi sorkuntzarik ez dagoenik. Izagirrek aitortu duenez, aurreikusita ez zeuzkaten hainbat sekuentzia ere asmatu dituzte egunotan, eta pozik dago, hala eta guztiz ere ordutegia betetzen ari direlako.
Antzezlan bat dago, berez, sortzen ari diren filmaren oinarrian. La Dramatica Errante konpainiak sortu eta taularatu zuen 2021ean. Federico Garcia Lorcaren izen bereko antzezlana hartu zuten hura sortzeko ispilutzat, eta egokitzapenik onenaren Max saria ere jaso zuten hari esker, 2023an. Maria Goirizelaiak idatzi zuen testua orduan, eta, orain filmean bezala, antzezlanean ere Ane Pikaza eta Aitor Borobia aktoreek jokatu zituzten pertsonaia nagusien rolak. Antzerkiaren esparruan ongi funtzionatzen zuen kontakizun horrek zinemaren esparruan ere ongi funtziona zezakeela pentsatu, ordea, eta Goirizelaia eta Pikaza izan ziren Izagirreri ideia proposatu ziotenak.
«Sentitzen genuen gure inguruan emakume asko ari zirela halako zerbait bizitzen, eta merezi zuela gaia mahai gainean jartzea, hari buruz gogoeta egin eta eztabaidatzeko»
MARIA GOIRIZELAIA Gidoigilea
«Hasieran pixka bat beldurtu nintzen», onartu du Izagirrek, «eta zalantza egin nuen, ea ni ote nintzen benetan hori zuzentzeko egokiena». Baina hasierako erreakzioa baino ez zen izan hori. Kontatu duenez, proposamena jaso eta biharamunean deitu zien baietz esateko, eta, geroztik, lau urtez aritu da Goirizelaiarekin batera antzezlana zinemarako gidoi bilakatzen. Eta akabo beldurrak. «Lau urte eta gero nork egingo du hau guk baino hobeto?», esan du barrez. «Sentitzen dut gu garela justu hori kontatzeko lantalde aproposena».
Pikaza eta Borobiaz gainera, Loli Astorekak, Leire Orbek, Naiara Carmonak eta Aritz Kortabarriak osatzen dute aktore taldea. Eta zuzendariak bere aurreko filmetan ondoan izan dituen hainbat lankide ere baditu lantalde teknikoaren buru. Gaizka Bourgeaud ari da argazki zuzendari lanetan, esaterako; Eva Valiño da soinuaren arduradun; Zaloa Ziluaga da arte arduraduna; eta Paula Olazenek sortuko du filmerako musika.
Elkarrizketa erraztea
Antzerkitik zinemaraino egindako bideari buruz mintzo da Goirizelaia. Berak idatzi zuen antzezlana, eta berak egokitu du zinemarako gidoia ere Izagirrerekin batera. «Istorioa oso unibertsala zela iruditzen zitzaigun», azaldu du. «Sentitzen genuen gure inguruan emakume asko ari zirela halako zerbait bizitzen, eta merezi zuela mahai gainean jartzea, hari buruz gogoeta egin, eta eztabaidatzeko». Horrek jarri zuen abian antzezlana, eta aukera ona iruditu zitzaien proiektua zinemara eramatea antzezlanarekin egindako lanari are zabalpen handiagoa emateko.
«Emakume eta gizon asko elkarrizketatu ditugu, guraso edo ama izateko desio handia izan arren umerik edukitzerik lortu ez dutenak. Eta guztiek eskatzen ziguten mesedez egiteko pelikula bat horri buruz»
ANE PIKAZA Aktorea
Jendeak emandako erantzun beroa izan du gogoan Pikazak ere. «Emakume eta gizon asko elkarrizketatu ditugu, guraso edo ama izateko desio handia izan arren umerik edukitzerik lortu ez dutenak. Eta guztiek eskatzen ziguten mesedez egiteko pelikula bat horri buruz». Eta antzezlanarekin bezala, filmarekin ere gaia mahai gainean jarriko dutela sentitzen du aktoreak. «Elkarrizketak erraztuko dituela uste dut, zeren eta oraindik ez dakigu nola hurbildu jende horrengana, nola lagundu. Ez dugu ulertzen». Eta, dioenez, horretan lagunduko du pelikulak.

Aurrez antzerkian egindako lana lagungarri egin zaiola aitortu du Pikazak. «Entsegu luze-luze bat egin izan banu bezala», azaldu du barrez. «Muskulu hori, pertsonaiarena eta haren emozioarena, oso landuta dago, eta, orduan, erraza da antzerkitik zinemara dauden aldaketa horietara moldatzea».
Errealitatearekin nahastea
Esplizitutasuna da antzerkiaren eta zinemaren arteko alde nagusia, Borobia aktorearen hitzetan. Antzezlanean bezala, protagonistaren bikotekidearen rola jokatzen du orain filmean ere, eta Leioan izan da bera ere egunotan. Dioenez, antzerkiko bertsioarekin hasi zenetik hona, urteak eman ditu filmeko pertsonaia lantzen, eta lagungarri egin zaio hori. Baina badira aldeak. «Antzerkian dena kanporantz egiten da, eta zineman, aldiz, barrurantz», ebatzi du.
«Antzerkian dena kanporantz egiten da, eta zineman, aldiz, barrurantz»
AITOR BOROBIA Aktorea
Ordu eta erdi pasa izango ditu filmak, eta haren hamar minutu inguru hartuko dituzte egunotan unibertsitatean grabatzen ari diren planoek. Aurrez, Bilboko Guggenheim museoan eta Azkuna Zentroan ere izan dira, eta Grezian ere filmatuko dituzte sekuentzia batzuk. Eta, zuzendariak zehaztu duenez, Leioako fakultatean egin bezala, lekuan lekuko jendearekin egingo dute lan toki guztietan. Izagirre: «Filmatuko dugun lekura goazenean, saiatzen gara gure aktoreak eta gure fikzioa bertako errealitatearekin nahasten».
Gariza Films da lanaren ekoizlea, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Europa Creativa Mediaren, Eurimagesen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin ari da lanean, baina baita EITB, RTVE eta BBK Fundazioaren partaidetzarekin ere. Beste sei astez arituko dira orain filmatze lanetan, eta oraindik ez dute estreinaldi datarik aipatu.