Euskal Metalheads Kultur Elkarteak bere 20. urteurrena ospatuko du aurten, eta Euskal Metalheads Fest jaialdia egingo dute horretarako, urriaren 18an, Miribillako Bilbao Arenan. Jaialdi autogestionatua da, eta helburu argi batekin sortu dutela nabarmendu dute antolatzaileek: taldeei eta ikusleei tratu hurbila emanez metala sustatzea eta, bidez batez, ohiko sustatzaileen «ikuspegi merkantilistatik» urruntzea. Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar, Anestesia, Eraso, Angelus Apatrida eta Crisix taldeak bilduko dira Bilbao Arenan.
«Ez gara profesionalak, zaleak gara», azpimarratu du Xarlesek, Euskal Metalheadseko arduradunetako batek. Elkartea irabazi asmorik gabekoa da, eta antolatzaileek osotasunean hartu dituzte beren gain sarreren kudeaketa gastuak. 66,60 eurokoa da sarrera bakoitzaren prezioa, «talde bakoitzeko 11 euro inguru», zehaztu du Xarlesek. Prezio «herrikoia» lortzea eta «ekitaldi irisgarri bat» eskaintzea jaialdiaren eta elkartearen arima islatzen duten elementuak direla gehitu du.
«Jaialdi batera joan eta garagardo batengatik sei euro ordaintzera ohitu gara, eta ez da batere lagungarria ondo pasatzeko»
XARLESÂ Euskal Metalheadseko arduraduna
Pistan sold out kartela eskegi izana ospatu dute antolatzaileek, eta harmailetatik ere «oso ondo» ikusten dela gogorarazi diete oraindik sarrera eskuratu ez duten horiei. Gainera, edarien prezioa jaisteko Bilbao Arenarekin elkarlanean daudela esan dute. «Jaialdi batera joan eta garagardo batengatik sei euro ordaintzera ohitu gara, eta ez da batere lagungarria ondo pasatzeko», esan du Xarlesek. Bilbao Arena pabiloiaren aukeraketa ere nabarmendu dute antolatzaileek: «Alde Zaharretik gertu dagoelako aukeratu genuen, inguruan heavy musika jartzen duten tabernak dituelako, eta kontzertuaren aurretik eta ondoren giro ezin hobea sortuko dela uste dugulako».
«Azken urteetako isla moduko bat»
Kartelean metal musikaren erreferente diren sei talde elkartu dituzte, orain arte elkarrekin inoiz jo ez duten taldeak. Dani Alvarez kazetaria ere aurkezpenean izan da, eta jaialdi «aparta eta kolosala» izango dela nabarmendu du hark: «Metal jarraitzaileek hainbatetan ikusi dituzte talde hauek oholtza gainean, baina urriaren 18an egingo dena paregabea izango da, inoiz ez baitira denak batera aritu». Haren ustez, jaialdia «apustu handia» da, «batez ere, metalak dirurik ematen ez duen testuinguru batean», gehitu du kazetariak.
Taldekideek eurek ere intentsitatez bizi dute jaialdia. Aurten kontzertu gutxi eman dituztela onartu du Mikel Kazalisek, Anestesia taldeko kideak. «Uste dugu hau oso berezia izango dela, azken urteetako isla moduko bat». Eta Sergio Ruiz Sertx Eraso taldeko gitarra eta ahotsak gogorarazi du taldearen agur bira egiten ari direla. «Agur esatea ez da erraza guretzat», onartu du. Hainbat sorpresa izango direla ere gaineratu du Xarlesek: «Sei taldeek setlist berezi bat prestatu dute biretan jo ohi ez dituzten abestiekin; laster iragarriko ditugu».
Bilbao Arenan 6.000 lagun biltzea espero dute antolatzaileek. «Gutako asko talde horiek entzunda hazi gara, eta lortu duguna ikaragarria dela iruditzen zaigu», esan du Xarlesek. Jaialdiari jarraipena emateari dagokionez, berriz: «Oraingoz edizio hau amaitu nahi dugu. Ea ondo ateratzen den, ea jendeak erantzuten duen eta ea guretzat errentagarria den. Baina gustatuko litzaiguke urtero horrelako zerbait egin ahal izatea».
Alde Zaharreko gaueko aisialdiaz gozatzeko eta garraioa errazteko asmoz, jaialdia 16:00etan irekiko da, eta 17:00etan hasiko dira kontzertuak. Informazio guztia webgunean eta elkartearen sare sozialetan dago eskuragarri; bertan emango dute Euskal Herriko hainbat tokitatik aterako diren autobusen berri.