Kritika. Artea

Zama ikusezin horiek

'Kooperatiba' erakusketaren irudi bat, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
'Kooperatiba' erakusketaren irudi bat, Donostiako Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko azaroaren 24a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

'KOOPERATIBA'

Irudimena memoriari heltzeko tresna paregabea da: urteetan zehar normalizatutako isiluneak ikusarazteko, mugarri instituzionalizatuak kolokan jartzeko, baita zauriak sendatzen laguntzeko ere aproposa. Hain zuzen ere, atzean gelditutako objektuek edota horiek abiapuntu dituzten ekintza artistikoek aukera berritua eskaintzen diote iraganari, batzuek mugiezintzat jotakoaren aldakortasuna agerian utziz. Konstelazio berriak sortzean, testuinguru alternatiboa azaleratzen da, Tabakaleran dagoen Kooperatiba erakusketan bezala.

Sartzean, tokiz okertu garela eman dezake. Aldamio antzeko apalek osatzen dute hondoa, biltegi baten itxura eskaintzen. Mahai batzuetan ere objektuak daude ikusgai, argazki eta bideo deritzegun atzeraeraginezko trailer eklektikoekin batera. Besteak beste, Antonio Spinola irudikatzen duen beirazko pitxerra dugu, Mexikoko monumentuen postal multzoa eta 1937ko lehendabiziko Eusko Jaurlaritzak sortutako Euskal Pezeta. Ez hori bakarrik, objektu zeharo garaikideek ere osatzen dute biltegi partikular hau: Taxio Ardanazen (Iruñea, 1978) eta Carla Filiperen (Vilanova da Barquinha, 1973) artelanek; haiek baitira, Angel Calvo Ulloa komisarioarekin batera, kontaketa bisual honen arduradunak. 

Objektu eta artelanen arteko muga lausotzen da aretoan eta horien bereizketa zurrunak noizbait zentzurik izan duen galdetzen diot neure buruari. Gela honetan, behintzat, maila berean jarri dira, espazioa partekatzeaz gain, nomenklatura baitute amankomunean. Hizki eta zenbakiz osatutako izen aseptikoek objektuen zuzeneko identifikazioa oztopatu eta aurrean duguna begiradaren bitartez ulertzeko ahalegin osagarria eskatzen dute, kontsumo bisuala motelduz, ezin scrolleatu. 

Jakin-mina asetzeko, bisitarioi bilaketa lana egitea eskatzen zaigu, bai eta zatien bidez kontaketa historikoetan birpentsatzera bultzatu. Artelanen izaeraz gain, komisariotza erabakiek sustatzen dute hausnarketa egoera hau. Sartu eta eskumatara zein ezkerretara egin dezakegu bidea, erakusketa alde bakoitzean dagoen bina gelarekin osatzen delako. Horrenbestez, batetik edo bestetik hastea erabakiz gero, behin ikusita, gainerako erakusketa bisitatzeko, biltegi itxurako gela gurutzatu beharko dugu berriz ere derrigor. Orduan, bigarren begiratu lasaiagoa egiteko aukera izango dugu, heterodoxian sakontzeko parada. 

Erdiguneko gela horrek eragindako liluratik haratago, Taxio Ardanazen eta Carla Filiperen bakarkako espazioak elkarren osagarri aparta iruditu zaizkit, bikainki jarduten dute elkarrizketan bata eta bestearen lanek, memoriari heltzeko bi bide desberdin bezain emankorrak aurkezten dituztelako. Ardanazen kasuan, irudiak iradokitzen dira eta historiako ikus-aztarnetatik abiatzen da irudikapen gogorarazleak sortzeko. Adibidez, bere pintura-instalazioan dugun horma-irudia sortzeko, Gernikako bonbardaketaren ostean Euskal Herriari babesa erakusteko kartel bat izan du abiapuntu. Alabaina, jatorrizko irudia lehen urratsa izan da soilik, sorburutik nabarmen urruntzen baita, berrirakurketa pertsonala eskaintzeko.

Filiperi dagokionez, artistak era esplizituagoan egiten du lan, hau da, jatorrizko iturriak agerian uzten ditu. Erakusketa honetan zehazki, egunkariak bilakatzen dira protagonista, zentzu hedatuan. Artistak eguneko berrien kristalizazioetan esku hartu du, Portugalgo historiari buelta berri bat emateko: emakumeen nazioarteko eguna azpimarratu, ahanzturan utzi nahi direnak moztu, landa eremuko aldarrikapenak margotu. Filipek tamaina ere aldatu du, eta kartel bilakatu. Inpresio hauetan, atzeko aldea behatu eta hutsik aurkitzen dugu. Aitzitik, hutsune hori nahita dago ikusgai, historian zehar egondako gabezietan pentsaraziz.

Egunkarien erreprodukzioez gain, oihalak ere badira aipagarriak. Bi aldeetatik daude josita, irudiak eta hitzak (ingelesez eta portugesez) bilduz. Bere osotasunean antzemateko, derrigor inguratu behar ditugu, bi aurpegiak behatu. Tradizioz genero marka femeninoa duten euskarri hauetan herriaren ezagutza eta bizipenak biltzen dira. Horrela, brodatuak egunkariekin paraleloan jartzen dira, gertakariak erregistratzeko tresna gisa, pareko autoritatea emanez. Horiekin batera aretoaren erdialdeko Zangadas (haserretuak) artelana dugu, landa-eremuko emakumeen aldarrikapena egiten duten serigrafiatutako burukoak. Lurrean multzokatuta daude, zakuen antzera. Horietan deskantsatu edo horiek kargatu? Historiak nor zaintzen du eta nor zamatu? Galdera askorekin atera naiz, guraizeak eskuratzeko prest.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA