Antzerkia

'Zanbuila' egin, bizi berri bati ekiteko

Lolak kolektiboak 'Zanbuila' antzezlana emango du ostiralean Tolosako Leidor aretoan. Bere bizitzan galduta sentitzen da obrako protagonista, eta ezagutuko dituen bi emakumek eta haien bizipenek perspektiba aldatzen lagunduko diote.

Ruiz de Galarreta, Hernando eta Curiel, 'Zanbuila' antzezlanean. MARIO LEZAUN
Ruiz de Galarreta, Hernando eta Curiel, 'Zanbuila' antzezlanean. MARIO LEZAUN
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko maiatzaren 26a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zumaiarrek zanbuila egitea esaten diote uretara salto egiteari; gaztelaniako zambullirse hitzetik dator. Esti Curiel aktoreak eman zien hitzaren berri Amaia Ruiz de Galarreta eta Irene Hernando kideei, eta esku artean zuten antzezlanari izen hori bera jartzea erabaki zuten: Zanbuila. Hiru aktoreek sortu berri duten Lolak kolektiboaren lehenengo proiektua da. Martxoan estreinatu zuten, eta, hainbat emanaldi egin ostean, Tolosan egongo da ikusgai ostiralean, Leidor antzokian, 20:00etan. 

Duela urte batzuk, Curielek Zumaian (Gipuzkoa) proiektu bat garatzeko diru laguntza bat jaso zuen. Proiektu horretarako, herrian itsasoarekin zerikusia duten emakumeak elkarrizketatu zituen: izan marinelen emazteak, izan saregileak... Elkarrizketa horiei esker jabetu zen jendeak ezer gutxi zekiela emakume horien inguruan; nola bizi ziren, eta nolako bizimodua izan zuten, esaterako. «Harrigarria egin zitzaion nola, bakarrik egonda ere —senarrak kanpoan baitzituzten—, aurrera egiten zuten; ez ziren bakarrik sentitzen», azaldu du Ruiz de Galarretak. Ideia horri bueltak ematen aritu zen Curiel, eta antzezlan bat egitea erabaki zuen azkenean.

«Askotan, galduta sentitu gara; beste askotan, oso pozik eta inspiratuta... Sorkuntza prozesu batek daukana bizi izan dugu»

AMAIA RUIZ DE GALARRETA Aktorea

Antzezlanerako, Curieli Ruiz de Galarreta eta Hernando bururatu zitzaizkion, eta, ideia azaldu ostean, baiezkoa eman zuten biek ala biek. Baldintza bakarrarekin: sorkuntzak kolektiboa izan behar zuela. Horrela sortu zen Lolak kolektiboa.

Adinaren krisia

Itziar da Zanbuila-ko protagonista: 39 urte ditu, eta erizaina da; etxez etxe aritzen da pazienteak artatzen. «Krisi handi batean» murgilduta dago: «39 urte izateak dakarren krisia da: sozialki nola egon behar duzun, zer egin behar duzun esaten dizuten garai horretan; eta bera hortik kanpo sentitzen da», azaldu du Ruiz de Galarretak. Bere pazienteetako batek aldatuko dio bizitza errotik: Carmenek, 80 urteko emakume batek —kostako emakume bat da, senarra marinela izan zuena—. Haren alaba ere ezagutuko du, Arritxu. Protagonistak ama-alaben bizitza zein desberdina izan den ikusiko du, eta bere bizitzako gertakari asko ere islatuta ikusiko ditu. Aktoreak azaldu duenez, bi emakume horiek ezagutzeak krisia arinduko dio Itziarri: «Bizitzari zanbuila egiten lagunduko dio».

Curielek egindako elkarrizketak inspirazio iturri izan dira kolektiboko kideentzat, baina lanketa handia egin dute Lolak-eko kideek. Probatuz joan dira prozesuan, eta inprobisazioetatik abiatu dira askotan: «Idatziz joan gara, gero probatuz... Horrela, sortzen aritu garen heinean, ikusi dugu zer sartu nahi genuen obran eta zer ez». Nahiz eta kolektiboan aritu diren, antzerkiaren munduan aritzen diren beste pertsona batzuen laguntza izan dute: Dejabu kolektiboko kideek lanketa artistikoan lagundu diete, Kepa Errasti aktoreak dramaturgian, eta Iraia Elias aktoreak antzezlana «fintzen». «Bidelagun oso onak izan ditugu; perspektiba izaten lagundu digute».

(ID_17793515848665) Zanbuila
Ruiz de Galarreta, Curiel eta Hernando, antzezlanaren irudi batean. MARIO LEZAUN

Taldean lan egitea polita izan da Ruiz de Galarretarentzat, baina zailtasunak ere egon direla aitortu du: «Askotan, galduta sentitu gara; beste askotan, oso pozik eta inspiratuta... Sorkuntza prozesu batek daukana bizi izan dugu». Nahiz eta bidea gorabeheratsua izan, hirurak pozik daude emaitzarekin, eta hala adierazi du aktoreak: «Sortu duguna guk egin nahi genuena dela sentitzen dugu».

Luzerako etorri da

Martxoan taularatu zuten estreinakoz Zanbuila, baina, horren aurretik, entsegu ireki bat egin zuten Urnietan (Gipuzkoa); publikoaren harrera zer-nolakoa zen ikusteko. Estreinaldia baino astebete lehenago izan zen, eta oraindik obraren amaiera falta zitzaiela kontatu du Ruiz de Galarretak. Azken egun horietan lan asko egin zutela esan du, baina, hala ere, publikoaren erantzunak egun horiei aurre egiten lagundu ziela. Hurrengo emanaldietan ere, antzekoa izan da ikusleen jarrera: «Jendeari asko ari zaio gustatzen».

Hori ikusita, sortzaileak gozatzen ari direla aipatu du aktoreak; eta horrek gehiago sortzeko indarra eman die: «Zailena egin dugu: kolektibo gisa ezagutzera ematea. Behin hori eginda, gure nahia jarraitzea da». Konpainia bat eramateak dakarren lana zer-nolakoa den bertatik bertara ikusi ahal izan dute Lolak-eko kideek. Bakoitzak lan batzuk dauzka esleituta, nahiz eta elkarri laguntzen dioten. «Ikasketa handia izaten ari da, baina lan handia ekartzen du».

Udazkenera bitarte, Zanbuila ikusteko azken aukera izango da ostiralekoa, oraingoz; urriaren 29an taularatuko baitute berriro —Durangon (Bizkaia) izango da emanaldia—. Azaroaren 6an Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira, eta abenduaren 13an, Lezon (Gipuzkoa). 2027rako ere badauzkate saio batzuk hitzartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA