Zazpi eguneko ikaraldia

Urriaren 27tik azaroaren 2ra, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Astea egingo da Donostian. 23 film luze daude Sail Ofizialean, eta hainbat emanaldi berezi egingo dira

Lehiaketatik kanpoko He's Out There filmarekin bukatuko da Sail Ofiziala. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hemen inguruko zinema jaialdirik ganberroena iritsi da 29. aldira, eta aurkeztu du aurtengo programazio osoa. B saileko bazterreko filmek AEBetako ekoizpen komertzialagoei egin diete leku, eta dagoeneko mundu osoko zinemaldietatik igaro diren lan ugari bildu dituzte Film Luzeen Sail Ofizialean. Lan horien kalitatea azpimarratu du Josemi Beltran Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zuzendariak: «Aurtengo uztako genero filmik onenak bildu ditugu». Urriaren 27tik azaroaren 2ra egingo da zinema jaialdia.

23 filmek osatzen dute 29. aldiko Film Luzeen Sail Ofiziala, baina arteko asteko eskaintza ez da emanaldi horietara mugatuko. Film labur asko egongo dira, baita proiekzio bereziak ere. Gainera, Frankenstein edo Prometeo modernoa eleberriaren 200. urteurrena ospatzeko, Mary Shelley idazlearen lanetik eratutako Frankensteinen unibertso osoari ziklo berezi bat eskaini diote aste osoan.

SHELLEYREN ESPIRITUA

Eleberriarekin batera, beldurrezko iruditeriaren ezinbesteko ikono bat sortu zuen Mary Shelleyk, eta gerora ere askotariko istorioak kontatu dira Frankenstein doktorearen eta hark sortutako izakiaren inguruan. Zinemaldiak, hari heldu, eta aurtengo irudira eraman du, Frankensteinen neska lagunari eskaini baitio kartela, Itziar Castro aktorea jarriz haren azalean. Mary Shelleyren ondarea zikloak autorearen eta pertsonaien ikuspegi guztiak erakustea du helburu, eta beldurrezko istorioaren inguruko bederatzi lan emango dituzte Viktoria Eugenia antzokian; guztiak, euskarazko azpidatziekin.

Kartelak irudikatzen duen Bride of Frankenstein filmarekin (James Whale, 1935) abiatuko dute ibilbidea, eta Mary Shelley (Haifa Al-Mansour, 2017) berrira arteko kontakizun berezienak proiektatuko dituzte. Hor dago, esaterako, Andy Warholek ekoitzitako Flesh for Frankenstein (Paul Morrissey, 1973), denetariko fetitxismoak biltzen dituen film esplizitua, 70eko hamarkadako beldurrezko zinemaren espirituari eusten diona. Gothic (Ken Russell, 1986) ere emango dute, Suitzako laku baten ertzean elkarri beldurrezko ipuinak kontatuz Frankensteinen istorioa jaio zeneko gau hura gogoan. Bertan gertatutakoaren espekulazio aztoragarri bat da Russellena.

FILM LUZEEN LEHIA

Askotariko filmak ariko dira lehian Film Luzeen Sail Ofizialean. 23 dira guztira, eta hainbat taldetan banatu ditu Beltranek: «Europako autore zinema,AEBetako ekoizpen komertzialagoak, Latinoamerikako ukitua, Hego Koreako gazteentzako beldurra eta Japoniako askotariko proposamenak». Generoaren zaleek izen handiak topatuko dituzte horien egileen artean: Lars von Trier danimarkarra (The House That Jack Built), Pascal Laugier frantziarra (Ghostland), Ali Abbasi irandar-suediarra (Gräns), Panos Cosmatos italiar-kanadarra (Mandy) eta Shinsuke Sato japoniarra (Inuyashiki), besteak beste.

AEBetako ekoizpenak dira nagusi film luzeen artean, eta hango pelikula batek irekiko du jaialdia, eta hango beste batek itxiko: Overlord (Julius Avery) eta He's Out There (Quinn Lasher) dira, hurrenez hurren. Sona hartzen ari den Assassination Nation (Sam Levinson) filmaren aurrestreinaldia nabarmendu du Beltranek, baita Emma Tammi zuzendariaren The Wind-en debuta ere. Beldurrezko generoaren eta westernaren arteko proposamena denboraldiko sorpresetako bat izan da, zinemaldiko zuzendariarentzat.

Sitgesko jaialdian Iberoamerikako filmik onenaren saria jaso berritan iritsiko da Argentinako Muere, monstruo, muere (Alejandro Fadel), eta, egungo joeretako bati jarraituta, giallo zinemari omenaldia egingo dio herrialde bereko Onetti anaien Abrakadabra lanak. Asiatik, «zonbiekin oraindik istorio originalak konta daitezkeela» baieztatzen saiatuko da One Cut of the Dead (Shinichiro Ueda) Japoniako filma. Gazteengana gero eta gehiago iristen da Hego Koreako pop kultura, eta hango erakusle bat ere izango da, The Witch trilogiako lehen zatia: The Subversion (Park Hoon-jung).

LABURRAK, SENDO

Beltranek esan du jaialdiko film laburren lehiaketek «gero eta indar handiagoa» dutela, eta horren erakusgarri dira hiru sailak osatzen dituzten 36 lanak. Horietatik 16 ariko dira Film Laburren Nazioarteko Sailean lehian, eta bertan bada Euskal Herriko ekoizpen bat ere: Iban del Camporen Espedizio handia. Animaziozkoen sailean eta Espainiako film laburrenean bederatzina film daude, eta publikoak emango ditu bietako sariak.

EMANALDI BEREZIAK

Iaz abiatutako bi egitasmorekin jarraituko du jaialdiak. El Klasikazo 4K da horietako bat, film klasikoak zaharberritzen dituen emanaldia. Close Encounters of the Third Kind (Steven Spielberg, 1977) eman zuten iaz, eta Suspiria (Dario Argento, 1977) jarriko dute aurten, Luca Guadagninok egindako remake-aren estreinaldiaren atarian. Filmaren «indar estetikoa» azpimarratu du Beltranek. Zinemapelmak ere itzuliko da aurten. Inoizko zuzendari okerrena gaitzizena duen Ed Wooden Plan 9 from Outer Space (1959) proiektatuko dute. Koloreztatutako kopia bat lortu dute, «oraindik ere gehiago hondatzeko», eta haren gainetik hizketan ariko dira Angel Aldarondo, Maite Bidarte eta Mikel Pagadi.

Gipuzkoako hiru herritan ere egingo dituzte emanaldiak. Irunen, hiru film luze emango dituzte: February (Oz Perkins, 2015),It Stains the Sands Red (Colin Minihan, 2016) eta The Monster (Bryan Bertino, 2016). Oiartzunen, Errementari (Paul Urkijo, 2018) eta zenbait film labur. Eta Zumarragan, The Dark (Justin P. Lange, 2018) eta What Keeps You Alive (Colin Minihan, 2018).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.