Donostiako 60. Zinemaldia

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaia Idazlea

'Leku hutsak, hitz beteak'

Filma hautatzeko arrazoia.

Azken urteotan gogokoen dudana, literaturari dagokionez, fikzioa da, eta zineman, dokumentalak. Horregatik, Zinemaldiak eskaintzen dizkigun dokumentalen artean Leku hutsak, hitz beteak aukeratu nuen. Batetik, filmak literatura duelako hizpide eta, bestetik, Atxaga delako protagonista. Eta Atxaga, bere liburuekin eta hortik kanpoko hitzekin, pentsarazten didan pertsona delako.

Aurreikuspenak bete ditu?

Bai, baina era berean, ustekabean harrapatu nau. Ez da ohiko dokumental bat; gehiago du artetik kazetaritzatik baino. Hitz guztiak Atxagarenak dira, baina irudiak pisu handia du. Bereziki margolanen erabilera (arduradun batek segurtatu dit idazlearenak direla, ia ehuneko ehunean) aberatsa bezain nabarmena da.

Nabarmentzeko zerbait.

Horixe, Atxagaren hitzak, musika, margolana eta irudi dokumentalak uztartzeko modua. Atxagarenak dira hitzak, eta horrek esan nahi du metaforak eta lirika bera maisuki erabiliak daudela. Nabarmentzen da, era berean, Atxagak adiskideekiko duen leialtasun bortitza.

Akatsik topatzekotan...

Plano orokorrak erabiltzen dira idazlearen paisaiarik hurbilenak islatzeko eta plano oso laburrak hitzak irudiztatzeko. Behin edo bitan, hertsiegiak iruditu zaizkit erabilitako plano batzuk, egilearen intentzioa zein izan den jakinda ere.

Gogoan gordetako sekuentzia.

Bat nabarmentzekotan, idazleak lanerako erabiltzen duen eskema sistema azaltzen duena, kolore, hizkuntza eta idazkera desberdinak nahasiz. Puzzleak adierazten du zer-nolako lana dagoen lerro bakoitzaren atzean, ze galbahetatik pasatzen den inspirazioa.

Nori gomendatuko zenioke?

Atxaga miresten dugunok ez dugu gomendiorik behar, ezta oro har literatura maite dugunok ere. Agian, bai arte desberdinen uztarketa maitatzen dutenei, baina Atxaga liburuekin bakarrik lotzen dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.