'Zazpikiak bat', Euskal Herriko istorioak kontatzeko komiki bilduma

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren emaitza da 'Zazpikiak bat'. Zazpi sortzailek osatu dute, eta bakoitzak Euskal Herriko herri bateko edo batzuetako istorioak jaso ditu liburuan.

'Zazpikiak bat' komiki bildumaren aurkezpena gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Zazpikiak bat' komiki bildumaren aurkezpena gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2025eko azaroaren 17a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bere istorioa kontatzen ez duen herria ez da existitzen», esan du Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak. Istorioak kontatzeko «tresnak eta makineria artistikoa» falta zirela sumatuta, orain lau urte Geuretik Sortuak proiektua jarri zuten martxan, Euskal Herriko sorkuntzari «bultzada eta plaza» emateko. Proiektuaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta Zazpikiak bat komiki bilduma izan da emaitza. Zazpi sortzailek hartu dute parte, eta bakoitza Euskal Herriko herri batean izan da tokian tokiko istorioak entzun, eta, gero, liburuan jasotzeko. Herri hauetan izan dira: Nafarroan Lekunberrin, Larraunen, Araitzen, Betelun eta Etxarri Aranatzen; Gipuzkoan Legorretan, Hernanin, Mutrikun eta Ataunen; Bizkaian Ziortza-Bolibarren; eta Zuberoan, Atharratzen.

Hainbat sortzailez eta askotariko estiloz osatua dago Zazpikiak bat komiki bilduma. Zazpi izan dira guztira: Uxue Bereziartua Lonbide, Usue Egia, Patrizia Etxegarai Hankabako, Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza Gaston, Eñaut Aiartzaguena Bravo, Eneritz Ibarra Azpeitia eta Amane Apalategi Telleria, eta bakoitzak sormen egonaldi bat egin du esleitutako herrian —edo herri multzoan—. Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak kontatu du sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikitzea izan dela helburua. Esker onez mintzatu dira sortzaileak, eta proiektua goraipatu dute, batik bat, «eskuragarria» delako artista hasiberrientzat: «Ohituta gaude kultur sorkuntza behin sortuta dagoenean ordaintzera eta kontsumitzera. Baina garrantzitsua da sorkuntza hori bera babestea, eta beka honek horretarako modua ematen du», esan du Aiartzaguenak.

Hainbat protagonista

Larraunen, Lekunberrin, Araitzen eta Betelun izan da Uxue Bereziartua, eta Neskato onak komikia ondu du. Aitortu du erronka handia izan dela lau herrien arteko istorio bakar bat sortzea. «Asmoa zen 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak jasotzea, eta haien haurtzaroko eta gaztaroko istorioetan oinarritzea». Hala, komikiak lau neskatila ditu protagonista, eta haien egunerokotasuna, ardurak eta jolasak ditu ardatz. Bereziartuak esan duenez, jasotako lekukotzei esker, «hainbat errealitate» irudikatu ahal izan ditu, eta, gainera, herrietako leku esanguratsuek ere presentzia hartu dute. Hogei orri nahikoa ez, eta istorio nahiz ideia ugari kaxa batean gordeta gelditu zaizkio, etorkizunean lantzeko.

«Ohituta gaude kultur sorkuntza behin sortuta dagoenean ordaintzera eta kontsumitzera. Baina garrantzitsua da sorkuntza hori bera babestea, eta beka honek horretarako modua ematen du»

EÑAUT AIARTZAGUENA BRAVO Komikigilea

Legorretan izan da Usue Egia, eta Zeruaren erdian komikia ondu du. Bi txori dira protagonista, eta herria hegaz zeharkatu bitarteko elkarrizketen parte izango da irakurlea. «Bata, senarra galdu duen txori nagusi bat da, eta, bestea, sexualitate disidenteei buruz hitz egingo duen txori gazteagoa. Bi belaunaldi desberdinetako txoriek bakardadea sentituko dute, eta Legorretan egingo dute topo». Hala, komikiak sentimenduez eta emozioez hitz egingo du, kolorez jositako mendi, teilatu eta kaleetatik barrena.

Hankabakok Ziortza-Bolibarren egin du egonaldia, eta Bi zakur komikia aurkeztu du. Bere etxea uztera derrigortuta dagoen emakume baten istorioa du hizpide: «Istoriorik gabe joan nintzen Ziortza-Bolibarrera, baina bakardadeari buruz hitz egin nahi nuen. Bakarrik zeuden baserritar anitz zeudela esan zidaten, eta bisitan joan nintzaien. Haietako bati buruzkoa da komikia». Marrazkilariak azaldu du «galtzear dauden baserritar belaunaldien egoera» kontatu nahi izan duela. Horretarako, marrazki linealak egin ditu nagusiki, eta zuri-beltzean islatu du ingurugiroa.

«Bakarrik zeuden baserritar anitz zeudela esan zidaten, eta bisitan joan nintzaien. Haietako bati buruzkoa da komikia»HANKABAKO Komikigilea

Gastonek Gastonomika - Mutriku izeneko komikia egin du. «Zalantzarik gabe gastronomia da herri baten nortasuna ondoen adierazten duen elementuetako bat. Bere aztarna genetikoa balitz bezala, historian zehar jaso dituen ekarpen guztiak bere baitan daude grabatuta». Bertakoaren eta kanpokoaren arteko dikotomian, mugak uste baino lausoagoak direla azaldu nahi izan du, eta sukaldeetara jo du horretarako. Hala, Mutrikuko bazterretan ikusitakoarekin, historiako pasarteak, errezetak, elikagaiak eta askotariko tresnak marraztu ditu.

Legez kanpo komikia sortu du Aiartzaguenak, Ataunen eta Etxarri Aranatzen. Bi herriak batuko zituen istorio baten bila aritu ondoren, 36ko gerraren ondotik etorritako estraperloaren garaiari eutsi zion, eta lekukotzak izan ditu kontakizuna osatzeko iturri. Gainera, genero ikuspegia txertatu nahi izan du, eta emakumeak jarri ditu istorioaren erdigunean. «Benetan jazotako zenbait gertaerarekin fikzio historiko bat sortu dut». Halere, pertsonaiak diseinatzeko gabeziak izan ohi dituela aitortu du Aiartzaguenak, eta, oraingo honetan, bertako haurrek lagundu diotela. Hiru ikastetxeetan izan da: Ataungo eskolan, eta Etxarri Aranazko eskolan eta ikastolan. «Marrazketa ikastaro bat ematera joan naiz, eta pertsonaien deskribapenak eman dizkiet, haurrek marrazkien bidez irudika zitzaten. Gero, irudi horiek nire estilora ekarri, eta pertsonaiak sortzeko baliatu ditut».

«Zalantzarik gabe gastronomia da herri baten nortasuna ondoen adierazten duen elementuetako bat. Bere aztarna genetikoa balitz bezala, historian zehar jaso dituen ekarpen guztiak bere baitan daude grabatuta» GASTON Komikigilea

Ibarrak eta Apalategik osatzen dituzte komiki bildumaren azken bi atalak. Ibarrak Begi hütsez ezin ikusi komikia sortu du, Atharratzen, eta herrian agertutako mezu misteriotsu bat izan du abiapuntu. Komikian bertako kaleak eta askotariko txokoak ageri dira; baita misterioa argitzen ariko diren pertsonaia ugari ere. Bestalde, Euskara eta gu komikia egin du Apalategik, Hernanin. Elkarrizketen bitartez, bertakoek euskararekin duten harremana landu nahi izan du. Horretarako, herritarren erretratuak eta bizi istorioak uztartu ditu.

Geuretik sortutako komikiak

Bildumaren izenburua azaldu du Osesek: «Hainbat adierarekin jolastu nahi izan dugu: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino pixka bat lehenago jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak edo bere horretan jarraituko dutenak hazten». Zazpi istorioek bat egiteko, Josu Landa eta Gotzon Barandiaran aritu dira edizio lanetan, eta liburuaren azala Alots Arregik egin du.

Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan, 2021ean, hiru diziplina landu zituzten: literatura, antzerkia eta zinemagintza. Alberdik baieztatu du oso emankorra izan zela, 26 sortzailek eta 39 udalerrik hartu baitzuten parte. Bigarren edizioan gehitu zuten komikigintzaren alorra, eta izandako arrakastagatik eutsi diete, aurtengo edizioan ere, aipaturiko lau diziplinei. Aurten 30 sortzailek eta 46 udalerrik hartu dute parte, eta Udalbiltzako lehendakariak adierazi du emaitzarekin «oso pozik» daudela. Ostiralean, Hernanikomik azokan aurkeztuko dute liburua —Hernanin (Gipuzkoa)—, eta Durangoko Azokan ere izango dira, abenduaren 5ean. Ikusgai dago agenda udalbiltza.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.