Oso gaztetandik ditu Aritz Ibarrak (Gasteiz, 1992) epika eta abenturak gustuko. Baita marrazketa eta ilustrazioa ere. Afiziotik heltzen dio historiari, eta ofiziotik, berriz, irudia den orori. Halaxe ondu zuen, adibide bat ipintzearren, Gasteiz 1200. Defentsa amaigabea komikia —Iñigo Larramendi gidoilariarekin batera—. Gasteiztarrek gaztelarren setioari aurre egiten emandako zazpi hilabeteak kontatzen ditu lan horrek. Afizioaren eta ofizioaren uztarketa horri idaztearen langintza batu zitzaion gero, eta testua eta irudia bere gain hartuta argitaratu zuen Ibarrak Aldaxka pozoituak (Txalaparta, 2024) Lehen Mundu Gerran girotutako komikia. Deiadarra. Pirinioetako erresistentzia plazaratu du orain, erromatarren konkistatik hasi eta Nafarroako Erresumaren burujabetza amaitzen den arteko tartea kontatzen duen liburu ilustratua. Aurrekoan bezala, honetan ere idazlearen, diseinatzailearen eta irudigilearen zeregin guztiak hartu ditu bere gain. Nabarraldek eman du argitara.
Hamasei mende sintetizatzen ditu Deiadarra-k. Ez da, ordea, historia liburu arrunt bat, ezpada historia oinarri duen «artefaktu erakargarri» bat, egilearen hitzetan. Horretarako, historia liburuen ohiko formatutik aldendu, eta 42 atal motzetan banatu du lana. Horietariko bakoitzean aurrez identifikatutako zedarri bati heldu dio; batzuetan, gertaera historiko garrantzitsu bat kontatuz, eta, beste batzuetan, pertsonaia esanguratsu bat protagonista bihurtuz. Denek ala denek ilustrazio bana dute osagarri, eta, zenbaitetan, argibideak emateko mapak ere bai.
Komiki kutsuko irudiak direla esan liteke, eta aski landuak. Horren adibide da, esaterako, liburuaren azalerako egindako ilustrazioa: «Bertan ageri den emakumeak gaur egungo garaia iradokitzen du, eta atzealdean ageri diren izpirituak edo mamuak iraganeko euskaldunak lirateke», esplikatu du.
«Nirea dibulgazio lana da batez ere; daukagun historia zirraragarri hori era eskuragarriagoan plazaratzen saiatu naiz»
ARITZ IBARRA Idazle eta marrazkilaria
Izan ere, Ibarrak aparteko garrantzia ematen dio estetikari. «Historia liburu asko izaten dira beste historialarientzat edo ezagutza handia duen jendearentzat. Nirea dibulgazio lana da batez ere; daukagun historia zirraragarri hori era eskuragarriagoan plazaratzen saiatu naiz». Baina estetikaz ari denean, ez da soilik irudiaz edo diseinuaz ari: «Batailen gaineko datu handirik ez dago. Hortaz, garaian garaiko testuinguruaren barruan lizentzia batzuk hartu ditut. Esate baterako, zenbait pasarte nobelatuta daude», esan du testuaren ontze prozesua azaltzeko.
Liburua idaztera eraman duten arrazoiak aletzen hasi delarik, gutxiespen endemiko bat hartu du hizpide egileak: «Ez dakit konplexuek bultzatuta ote den, baina euskaldunok kanpoan bilatzeko joera dugu, gureari erreparatu gabe». Halaxe egin omen zuen hark ere, nerabe zela: «Abentura eta epika maite nituen, eta kanpoko literaturetan bilatu nituen, gurean erresistentzia istorio garrantzitsurik eta hunkigarririk ez genuelakoan». Harik eta kontrakoaz jabetu zen arte. «Aita hilez geroztik izan zen. Historia zalea zen, eta bizi zela ez nion kasurik egiten. Hura galdu nuenean sortu zitzaidan kezka. Zerbait galdu izanaren sentsazio horretatik hasi nintzen arakatzen, eta bitxia da: nire kabuz ikertu ditudanak haren apunte eta koadernoetan ere aurkitu ditut».
Hain zuzen, ezezagutza gutxiesgarri horri ere egiten dio keinu Deiadarra izenburuak. «Iraganetik egindako dei atsekabetu bat da; ‘Ez gaitzazue ahaztu’ esanez bezala».
Kutsu «positiboz»
Liburuaren helburuari begira, beste historialari batzuk dagoeneko argitu dituzten kontuak bere modura dibulgatzea izan du asmoa Ibarrak, baina ez du zenbait uste ustel zuzentzeko gogoa baztertu. «Askotan hitz egiten dugu euskaldunon zapalkuntza historikoa Francorekin eta 36ko gerrarekin hasi izan balitz bezala. Gure borrokak ez du mende bakarra, askok iradokitzen duten bezala». Hain zuzen, ikuspegi hori ukatzen du liburuak: «Euskaldunon borrokak mende asko ditu, eta mendez mende atera gara aurrera. Eta etorkizunean ere aurrera aterako gara».
Beste uste oker bat ere nabarmendu du egileak: «Batzuek iradokitzen dute iragan idiliko bat izan genuela noizbait, eta geroztik okerrera gainbehera etengabean doala dena. Baina euskaldunok kinka larrian izan gara beti: gu baino handiagoak diren potentzien aurka borrokan aritu behar izan dugu, eta beti atera gara aurrera». Hori bere horretan agertzea garrantzitsua dela iritzi dio Ibarrak: «Halako mezu katastrofiko eta deprimigarri asko zabaltzen dira, eta baikortasun puntu bat ere eman nahi nuen lan honekin».
«Batzuek iradokitzen dute iragan idiliko bat izan genuela noizbait, eta geroztik okerrera gainbehera etengabean doala dena. Baina euskaldunok kinka larrian izan gara beti»
ARITZ IBARRA Idazle eta marrazkilaria
Bestalde, lanean «obsesibo» samarra dela aitortu du. Hain zuzen, nolakotasun horrek hartaratuta egin du Deiadarra osorik, azal eta mami: «Besteen liburuak irakurtzerakoan, ‘ez du halako zera kontatu’, ‘zergatik ez dio honi heldu’ eta halakoak otutzen zaizkit. Dena nire gain hartuta, buruan dudan bezala egin dut lana».
Orotara hiru urte eman ditu liburuan murgilduta —tartean Aldaxka pozoituak komikia ere ondu du—. «Dokumentazio faseak hartu du denbora tarterik handiena. Baina ikasteko era bat ere izan da proiektua, idatzi ahala barneratu baititut gauzak». Zailtasunik ere izan da, baina: «Sufritu dut idazten. Ez naiz eroso sentitzen idazten, ez da nire esparrua, eta horrek nekeza bihurtu du lana». Horren ifrentzuan, marrazteak eman dio bakea: «Irudiak sortzea terapeutikoa izan da. Marrazkiek ahal handia daukate, ni bezalako ikasle txarrei ezin hobeki dihoakien formatua da».