Zenbaki baskoniko baten lehenbiziko lekukotasuna izan daitekeen inskripzio bat aurkitu dute Irulegin

Zeramikazko ontzi batean topatu dute: «abaŕ» jartzen du, eta euskarazko hamar zenbakiarekin lotu dute ikerlariek. Aranzadiko kideek induskatu zuten ontzia, eta Javier Velazak, Joan Ferrerrek eta Joaquin Gorrotxategik egin dute azterketa linguistikoa.

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko ekainaren 25a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baskonikoarekin, iberierarekin eta are antzinako euskararekin lotuta egon daitekeen beste aurkikuntza baten berri eman du Aranzadi zientzia elkarteak, eta, hain justu, Irulegin (Nafarroa) eginiko indusketa lanetan aztarrika arituta topatutakoa da hau ere, Irulegiko Eskua azaldu zen lur berean. Zeramikazko ontzi baten puska bat da, eta piezak idazkun bat du: «abaŕ». Testuaren azterketa epigrafiko eta linguistikoa egin dute hiru adituk, eta ondorio hau atera: inskripzioa zenbaki baskoniko bat da, eta baliteke euskarazko hamar zenbakiarekin egitea bat.

Joaquin Gorrotxategik, Javier Velazak eta Joan Ferrerrek egin dute idazkunaren azterketa, eta Palaeohispanica aldizkari zientifikoaren hurrengo alean emanen dute. Dena dela, hiru ikerlariek piezaren gainean egin duten interpretazioa zuzena dela frogatuko balitz, zenbaki baskoniko baten lekukotasun bat aurkitu den lehenbiziko aldia litzateke oraingo hau. Diotenez, aurkikuntza «oso garrantzitsua» da hizkuntza baskonikoaren eta iberieraren artean zer lotura dagoen jakiteko. «Baita biek ala biek euskara historikoarekin —euskararen fase zaharrekin edo berreraikiekin— edo egungo euskararekin zer lotura duten ikertzeko ere».

Aranzadik 2017an hartu zuen bere gain Irulegiko aztarnategiko ikerketa arkeologikoaren gidaritza, eta, ordutik, osotara 75 metro koadroko eremua hartzen duten hiru etxe induskatu dituzte. Hain justu, haietako batean aurkitu zuten Irulegiko Eskua, 2021eko ekainaren 18an, eta, preseski, eraikin berberean aurkitu zituzten abaŕ hitza markaturik daukan ontziaren arrastoak ere. Izatez, are lehenago gertatu zen hori: zeramika puskak 2020an topatu zituzten. 

[Etxebizitza] Haietako batean aurkitu zuten Irulegiko Eskua, 2021eko ekainaren 18an, eta, preseski, eraikin berberean aurkitu zituzten 'abaŕ' hitza markaturik daukan ontziaren arrastoak ere

Zehazki, zeramikazko ontzi puska hori bi zatitan banatua aurkitu zuten Aranzadiko ikerlariek —bi alditan, baina elkarrengandik oso hurbil—, eta, ondorioztatu dutenez, litekeena da hantxe bertan edo behinik behin inguru horretan — eta «testuinguru linguistiko berean»— eginiko «edukiontzi» ertain baten ertza izatea. Eta, hain justu, zehazki edukiontzi bat izate hori bera funtsezkoa da idazkunean zer jartzen duen argitzeko, hipotesi nagusia baita inskripzioaren funtzioa hau zela: ontziaren edukieraren neurria zehaztea.

Izan ere, Aranzadik zabaldutako informazioaren arabera, zeramika puskan «a[ba]ŕ» edo «abaŕ» jartzen du idazkera paleohispanikoan, «seguruenik baskonikoan», eta, horregatik, loturak atzeman litezke haren eta hamar zenbakiaren idaztankera iberiarrari buruz berriki argitaratutako ikerketek azaleratutakoen artean. Ikerlan horien tesi nagusia da euskararen zenbaki sistemak eta iberierarenak antza dutela, eta 10 zenbakiarena dela adibide argienetako bat, iberierazko abar-ek bat egiten duelako euskarazko (h)amar-ekin. 

Ontziaren ertz batean aurkitu dute idazkuna, zehazki, eta bi puskatan zatitua aurkitu zuten. ARANZADI
Ontziaren ertz batean aurkitu dute idazkuna, zehazki, eta bi puskatan zatitua aurkitu zuten. ARANZADI

Besteak beste, zeramikazko piezaren azterketan jardundako Joan Ferrer epigrafistak plazaratu izan du horri buruzko hipotesirik, hala nola 2022an idatzi eta 2025ean plazaratutako ikerlan batean: Ogei (20): una possible marca lèxica de capacitat ibèrica expressada (en àmfores sobre un dolium de Ruscino (Perpinyà) —Ogei (20): anforatan adierazitako neurri iberiarraren marka lexikal posible bat Ruscinoko (Perpinya) dolium batean—. Eduardo Orduña filologoak 2004an gai horri buruz eginiko lehenbiziko proposamenari jarraikiz, Ferrerrek iberieraren eta euskararen arteko paralelismoak aztertu zituen bi hizkuntzen zenbaki sistemak konparatuta, eta, besteak beste, ondorioztatu zuen litekeena dela iberierak eta euskarak ama hizkuntza berean izatea jatorria.

Ferrerrek 1988an Ruscino hirian (Perpinya, Herrialde Katalanak) induskatutako dolium edo buztinezko ontzi bateko inskripzioa aztertu zuen horretarako; III. mendearen amaierako edo II. mendearen hasierako grafito bat da, eta, besteak beste, ogei hitza ageri da horretan. Hari horretatik tiraka, ikerlariaren hipotesia da buztinezko ontzien edukiera edo kantitatea adierazteko erabiliko zela ogei. Eta, ikerketa argitaratu berritan BERRIAri baieztatu zionez, posible da hitz horren eta euskarazko hogei-ren arteko paralelismoak identifikatzea. «Ogei zenbaki iberiarraren balioa euskarazko hogei-ren antzekoa da, eta zenbaki konposatuak osatzeko erabiltzen da: orgeirur (23), orgeikelaur (24), orgeiabar (30)», nabarmendu zion egunkariari 2025eko otsailean.

Eta, hain justu, honako hau ere azaldu zuen orduan Ferrerrek: edukiera neurtzeko sistema oso baten parte zela ogei hitza. Hori erakusten dute, haren ustez, ontzien grafitoetan aurkitu zituen beste hauek ere: irur (hiru), laur (lau), sei (sei), sorse (zortzi) eta abar (amar). Eta horra hor, azken horretan zehazki, orain Irulegin aurkitutakoarekin lotu litekeen haria.

Hala eta guztiz, iberieraren eta euskararen arteko paralelismoaren zergatia azaltze aldera aurkeztu ohi den beste hipotesirik ere bada, Velazak nabarmendu duenez. Hipotesi horren arabera, kontua ez litzateke bi hizkuntzek «sustrai bera» dutela, baizik eta, izatekotan, batak bestearen zenbaki sistema «kopiatu» izanen zuela uneren batean. 

Bi teoria horien artean egiazkoa izateko probabilitate handiena duena zein ote den galdetuta, erantzun garbirik ez du eman Velazak. «Adibide gehiago» behar direla argudiatu du, «zenbaki sistemen alderakatetik harago doazenak ere bai», zuhurtziaz. Hala eta guztiz, ikerlariek aspaldi atzeman dituzten peralelismoak azalduko lituzkeena hispotesi bat edo bestea izan, handia da azterketan sakontzeko garaian abaŕ-ek dakarren jauzia. Velaza: «Planteamendu horrek hanka bat falta baitzuen, orain arte». Zergatik da horrela? Orain arte, soilik iberieraren eta antzinako euskararen artean eginak zirelako konparaketak, eta ez zutelako hizkuntza baskonikoko ezein zenbakiren lekukotasunik. Irulegikoak ezarri du mugarria.

Agerian baina ikusezin

Idazkuna daukan zeramikazko ontzia Iruñeko Civivox Pompelo eraikinean dago ikusgai, eta han bertan egin dute haren aurkezpena ere gaur. Eta ez da kasualitatea.

Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin eta Manolo Romero Aranguren ibarreko alkatearekin batera, Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaranek eta Javier Velaza epigrafista eta linguistak eman dituzte azalpenak, eta aitorpenik ere izan da. Izan ere, pieza iragan urtarrilaren 30etik dago ikusgai, Civivox Pompelon bertan, Irulegitik Pompelora: hiri baten jatorriak erakusketan. Hau da: guztien bistara zen lehendik ere, begien bistan izan dute hilabeteotan erakusketa bisitatu duten 24.775 herritarrek —Asironek eman du datua—, baina piezak ez zuen aparteko azalpenik, ez eta inskripzioak izan dezakeen garrantzi historikoari buruzko aipamenik ere. Orain arte.

Inskripzio bat daukan beste pieza baten aurkezpena ere egin dute agerraldi berean, eta Irulegiko aztarnategian topatutakoa da hori ere; zehazki, Irulegiko Eskua eta «abaŕ» idatzia daukan zeramika azaldu ziren etxe harexen kanpoaldean, kaleetako batean. Italiatik ekarritako berniz beltzez margotutako ontzi baten puska bat da —ontziaren oinarriaren zati bat da, zehazki—, eta, Aiestaranen esanetan, «kanpaniar» motakoa. Zuzendariak nabarmendu duenez, aurkikuntza horrek bat egiten du Irulegiren gainean eraikia duten kronologiarekin: «Koherentea da aurrez aurkitu ditugu gainerako elementu guztiekin». Eta Sertoriar gerraren aurreko garaikoa dela ohartarazi du, zehazki.

Edonola ere, Italiatik inportaturiko zeramika puska horretan ere, idazkuna da aurkikuntzaren alderdirik esanguratsuena. Zehazki, «basi» du idatzia. Ikerlarien arabera, ezin da segurtasunez ebatzi inskripzio hori eginik ote zegoen pieza Irulegira iritsi zenean, edo orduan egin ote zuten, baina, dena dela, idazkuna izen baten laburdura bat delakoan daude, eta, diotenez, baliteke «ontziaren jabeari edo etxeari» egitea erreferentzia. Aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du Velazak. «Inportantzia erlatiboa» duela esanagatik ere, azpimarratu du idazkun horrek berretsi egiten duela Irulegin idatzi idazten ere zela, eta baita irakurri ere, eta baita, Velazaren hitzetan, «kultura literario eta grafiko bat ere bazela ordurako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA