Durangoko 57. Azoka

Zer musika dakar Durangoko Azokak?

Lehen aldiz, Badok atariak egin du euskal musika taldeek Durangoko 57. Azokan aurkeztuko dituzten nobedadeen zerrenda. 75 lan baino gehiago bildu dituzte oraingoz.

'Badok' atarian bildu dituzte Durangoko Azokako musika nobedadeak. DURANGOKO AZOKA
Andoni Imaz
2022ko azaroaren 11
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete baino gutxiago falta da Durangoko 57. Azoka hasteko, eta dagoeneko entzuteko moduan dago musika zerrenda. Lehen aldiz, zerrenda Badok atarian dago aurten. Euskal musika taldeek azokan aurkeztuko dituzten nobedadeen lagin bat dago han: 75 lan baino gehiago, estilo askotakoak.

Talde batzuen lehen lanak jasotzen ditu zerrendak (Goxua’n Salsa, Esti Markez, Mirua, Kristonak, Benizze), baita musikazaleek ondo ezagutzen dituzten talde batzuen berritasunak ere (Gatibu, Zetak, Eñaut Elorrieta, Izaro, Ines Osinaga...).

Zerrenda astero eguneratuko da, taldeek euren abesti berriak argitaratzen dituzten heinean. Badok-en egoteaz gain, azken urteetan bezalaxe, azokak musika zerrenda bat sortu du Spotify plataforman.

Durangoko 57. Azoka abenduaren 7tik 11ra egingo dute aurten; eztanDA! leloa izango du, eta, aurrez aurreko plaza izateaz gain, Interneteko dendari ere eutsiko dio, hilaren 7tik 10era. Urtero bezala, hamaika kultur jarduera izango dira Durangon egun horietan: disko aurkezpenak, solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak... Azokak azaro amaieran aurkeztuko du egitarau osoa.

Zerrendaz gain, Durangoko Azokak aurtengo iragarkia ere aurkeztu du. Landako gunea hutsik ageri da, harik eta gazte batek, musikaren laguntzaz, eztanda egiten duen arte. Uma Bracaglia aktore durangarra da protagonista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.