«Araba entzutean, zer kolore datorkizu burura?». Galdera hori bidali zion Pello Reparazek Karmele Jaio idazleari, Zetak-ek urtarrilean Gasteizko Buesa Arenan emango duen ikuskizuna mamitzen hasi zenean. Galdera horren atzean jakin-mina zegoen: Araba ezagutzeko jakin-mina, bertako ahotsak entzutekoa eta lurraldearen istorioak oholtzara eramatekoa. Hortik sortu zen Banax Arabacoa, Arabako fikziozko zortzi istorio bilduko dituen ikuskizuna. Musika elektronikoa, zinema eta zuzeneko antzezpena uztartuko ditu Zetak-ek urtarrilaren 16an, 22an eta 23an Gasteizko Buesa Arenan taularatuko duen ikuskizunean.
Mitoaroa egitasmoaren esperientziatik abiatutako ideia da Banax Arabacoa. Iruñean, Donostian eta Bilbon emandako ikuskizunen arrakasta kontuan harturik, Reparazek ikusi zuen bazegoela aukera formatu hori beste lurralde batera eramateko, baina bestelako planteamendu batekin. «Zergatik ez planteatu hutsetik ikuskizun oso-oso bat Araba lanketa gaitzat hartuta?», galdetu zuen bere artean.
Horretarako, Arabako errealitatea bertatik bertara ezagutzea izan zen lehen urratsa. Reparazek idazle gasteiztarrarengana jo zuen lurraldearen izaerari, historiari eta kulturari buruzko berezitasunen berri jakin nahian. «Nahiko harrituta gelditu gara lurraldeak duen ibilbidearekin eta eskaintzen digun guztiarekin», azaldu du musikariak. Nafarroatik Arabara datorren pertsonaia baten ikuspegitik mamitu dute kontakizuna. Reparaz bera izango da fikzio horretako protagonista: kontzertua ematera iritsiko da Gasteizera, baina, oholtzara igo aurretik, festa hasita aurkituko du. Lurraldea ezagutzeko, ingurukoek galderak egin, eta haiei entzun beharko die.
«Nahiko harrituta gelditu gara Arabak duen ibilbidearekin eta eskaintzen digun guztiarekin»
PELLO REPARAZMusikaria
Galderak dira, hain zuzen, ikuskizunaren abiapuntua. Jaiok azaldu du Reparazek bidali zion galdera horrek hasieratik erakutsi zuela proiektua zera zela: jakin-minetik eta entzuteko borondatetik abiatuta sortutako lan bat. «Eskertzekoa da arabarron ahotsa entzutea», adierazi du. Jaiok Arabari buruzko bere begirada eta idazlearen ekarpena jarri ditu kontakizunaren zerbitzura, istorioak josita egon daitezen. Izan ere, haren hitzetan, Buesa Arenan gertatuko dena ez da kontzertu hutsa izango, «errelato bat» baizik.
Arabaren aniztasuna agerian utziko du ikuskizunak, eta, Jaioren arabera, modua emango du lurralde horrek Euskal Herriaren barruan duen lekua aldarrikatzeko. «Arabak aspaldi merezi zuen halako aitortza bat». Jaioren ustez, Araba «ahalduntzeko» tresna bat izango da, batik bat ikuskizunak arabarren ahotsa lehen lerrora ekarriko duelako. Euskararen protagonismoa ere izan du gogoan: «ni banax Arabacoa» esaldia XVI. mendeko Joan Perez Lazarraga idazlearen eskuizkributik hartu dute izenbururako, eta, Jaioren iritziz, Araba euskalduna izan dela eta orain ere hala dela nabarmentzeko balio du. Azken hamarkadetan euskararen alorrean egindako urratsak «harrotasunez» ospatzeko aukera ere izango da, idazlearen iritziz.
Zortzi istorio, zortzi lurralde
Reparazek bat egin du ikuspegi horrekin: «Euskara dago proiektuaren epizentroan». Izan ere, musika proposamen bat izateaz gain, hizkuntza gutxituen defentsan jarduteko tresna bat ere bada harentzat Banax Arabacoa. Lazarragaren hitzek, haren ustez, «zentzu berezia» hartu dute ikuskizuneko kontakizunean, eta Arabaren historia eta euskararen ibilbidea lotzeko balio dute. Trebiñuk ere leku berezia izango du istorioetan. Reparazek azaldu du lurralde horren errealitatea kontuan hartu dutela, eta Amaia Busto gazte sortzailearekin batera landu duela gai horri lotutako pertsonaia bat.
«Arabak aspaldi merezi zuen halako aitortza bat. Euskararen alorrean egindako urratsak harrotasunez ospatzeko aukera bat izango da»
KARMELE JAIOIdazlea
Arabako zortzi lurraldeetako gazteen ahotsak bilduko ditu Zetak-ek ikuskizunean. Horretarako, hautaproba ireki bat egin dute, eta 250 bideo baino gehiago jaso zituzten ordu gutxian. Zortzi kuadrilletatik iritsi zaizkie proposamenak, hainbat diziplinatako gazteenak: dantzariak, musikariak eta aktoreak daude tartean, besteak beste. Maider Oleaga zinemagilea ari da hautaketa prozesuan, Txabe Atxa antzerkilariarekin batera. Ikuskizunean txertatuko dituzten ikus-entzunezko piezak zuzentzeko ardura du Oleagak; filmaketak abenduan egingo dituzte, Araban bertan, eta lantaldea horretarako prestatzen ari da jada.
«Zer jaso duzu aurrekoengandik, eta zer utzi nahi diezu ondorengoei?», galdera horiek gidatuko dituzte istoriook. Pertsonaia bakoitzak bere modura kontatuko du etxean eta inguruan zer jaso duen eta zer iraunarazi nahi duen bizirik: Aguraingo bolatokiari beste erabilera bat eman nahi dion gaztea, amonaren trasteekin musika egiten duen laudioarra.... Finean, etxeko ondarea, belaunaldien arteko harremanak eta tokian tokiko ohiturak izango dira istorioen hari nagusietako batzuk, eta Zetak-en kantuek lotuko dituzte pertsonaiak eta kontakizunak.
buesa arena, formatu berrian
'Banax Arabacoa' ikuskizunak formatu berezia izango du Buesa Arenan. Egokitzapen teknikoen bidez, Zetak-ek aretoaren pista irekiko du, ikusleak artistengandik metro gutxira egon daitezen. Pistara sartzeko, ordea, 18 urte beteak izan beharko dira kontzertuaren egunean; adingabeek harmailetatik ikusi beharko dute ikuskizuna.
Dagoeneko harmailetarako sarrera erosi dutenek pistara aldatzeko aukera izango dute. Horretarako epea datozen egunetan irekiko dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz. Sarrera erosi duenak mezu elektroniko bat jasoko du erosketa egiteko erabilitako helbidean. Aldatzea aukerakoa izango da: eserleku bera nahi dutenek ez dute ezer egin beharko.
Aldaketak egiteko epea amaitutakoan, gelditzen diren sarrerak saltzeko aurresalmenta egingo dute Zetak-en datu baseko kideentzat. Gero, salmenta orokorra irekiko dute taldearen ohiko komunikazio kanalen bidez.