Nafarroa Arenan urtarrilean emandakoaren ondoren, argi zegoen Zetak taldeak Donostian iragarritako kontzertu hirukoitza ikusgarria izango zela —sarrerak aspaldi bukatu ziren—. Mitoaroa II ikuskizuna profesionala, ia hutsik gabekoa eta lehergarria ere izan da, bai alor teknikoan bai interpretazioan. Show moduan pentsatutako emanaldi horrek, gainera, berrikuntza zenbait ere izan ditu. Lehena, Illunbera sartu bezain pronto audio entzungailuak eman izana. Sorpresa galanta eta arriskatua bazen ere, bertaratutakoak laster egokitu ziren formatu horretara. Soilik aurikularretatik entzun zitekeen kontzertua, eta ez zen inolako arazo teknikorik egon horiekin.
Mitoaroa II aurrekoaren «prekuela bat» da: lehena 2025ean hasten zen, eta oraingo hau, berriz, XV. mendean girotuta dago. Joaldunak, pertsonaia mitologikoak, dantzariak... Muntaketa itzela izan da, eta, logistikoki, erronka erraldoia. Oholtzaratutako performanceak, gainera, azpiegitura kontuak ezin finago neurtzea eskatzen zuen, gainera. Antolakuntza lanetan ziharduten 250 langileek helburua ederki bete zuten, nahiz eta emanaldia ohiko kontzertu formatutik urrun egon, eta geldialdi luzeek musikaren erritmoa geldotu. Antzerki, erakustaldi edo show moduan itzela izan zen, beraz. Gainera, gauza jakina zen horrelako zerbait izango zela.
Errepidean kantuarekin hasi zirenetik, esperimentua ondo aterako zen irudipena nagusitu zen. Kantua hasi aurretik, Aitziber Garmendia ikusle artean ibili zen arlekinez jantzita, kamera aurretik zuela emanaldiaren aurkezpenak egiten. Arauen artean aipatu zuen, besteak beste, emanaldian ez zutela onartuko Palestinaren genozidioa kondenatzen ez zuenik, eta ikusleen lehen txaloak jaso zituen. Pello Reparaz abeslaria zibarena egiten zien auto batean iritsi zen aretoaren kanpoaldera, eta, barrura sartutakoan, Izaro abeslaria agurtu zuen besarkada bero batekin. Aurikularren bidez soinu erakargarria, garbia eta oso indartsua entzun ahal izan zen, ohiko zuzenekoetan ez bezalakoa. Gainera, zezen plazak fama txarra dauka soinuari dagokionez, eta aurikularren bitartez izkin egin zioten aretoaren akustika eskasari.
Perspektiba osoa
Bigarren berrikuntza edo kuriositatea 360 graduko eszenatoki berezia izan zen: gainean zeuzkan lau pantailekin —gora eta behera ibili ziren kontzertuaren zati askotan— perspektiba osoa eman zuen. Kaliza hau, Zu eta Sagarra kantuetan, zirrara sortzen zuen kaskoetatik ateratzen zen soinu indartsuak. Kaskoak kenduta, berriz, nabarmentzen zen egoera zein berezia zen. Kontzertuaz gozatzeko esperientzia guztiz berritzailea izan zen ikus-entzuleentzat. Jakina da kaskoak erabili izan direla beste ekitaldi batzuetan, baina sekula ez da hainbesteko jendetzarekin egin. Inkisidorea edo apaiza zirudien pertsonaiari kantatu zion Reparazek Kaliza hau. Zu kantuan kanpora irten zen berriz ere kantaria, eta, gero, Gorka Pastorrek theremina zirudien gailu bat jo zuen. Ondoren, Sagarra kantuan aita santua sartu zen, bere tropa guztiarekin.
Hitzeman abestia eman zuten gero, euskaraz lehenengo eta katalanez ondoren, eta publikoa piztu egin zen. Ikus-entzuleak giroan sartzen hasiak ziren ordurako, formatu berriarekin gero eta erosoago, eta, lehen aldiz, hainbat lagun zutik jarri ziren harmailetan. Akelarretan kantuan tronboia jo zuen Reparazek, eta Kukai dantza taldekoak taularatu ziren Hegan (90eko bi bala) abestian. Kantu hori bat-batean moztu eta amaitu zen, Suziri bi-ri tokia egiteko. Iban Larreburuk atabalei emandako kolpeek zirrara sortu zuten ikusleen artean, baita Reparazek adarra jotzeak ere. Antzezlanak aurrera jarraitu zuen, betiere pertsonaia mitologikoen eta Elizako indarren arteko tentsioa agerian utzita. Non sartu zara? eta Pater Noster kantuekin kontzeptu horretan sakondun zuten, eta, ondoren, Erdi Aroko musika gogora ekartzen zuen laute zirraragarriari leku egin; Fillas de Cassandra bikoteak lagunduta, Anguleele lehergarrira egin zuten jauzi.
Lamiaren rola jokatu zuen ondoren Maixux Zugarramurdi aranoarrak, antzezpen zati berezi batean, baina, geroago, kantuari lotu zitzaion, kontzertuko azken abestian, hain zuzen ere. Aurrena, baina, Illunben bertan egindako zezenketak, Donostiako kultura eredua eta beste hainbat auzi plazaratu zituzten. Hamabost minutuko atsedena etorri zen segidan, eta, gero, Zertan ari gara? eta Begi beltz kantu politei ekin zieten. Zeinen ederra izango den iritsi zen, eta publikoak Aitziber Garmendiaren hasierako aholkuari erantzun zion: sakelakoak airera, argia piztuta. Aralarko dama emanaldiko hainbat tartetan entzun ahal izan zen, lehenik zatika, eta gero osorik kontzertuaren azken aurreko piezan. Ignatius Farray espainiar umoristak, Garmendiak berak eta Antton Telleria esatari eta umoristak protagonismoa bereganatu zuten Reparaz berriz ere kanpora irten eta BMWa zegoen tokira joan zenean. Farray besteekin sartu zen aretora, oholtzara ere igo zen, eta hirurak ere publiko artean ibili ziren, festarako gogoa areagotzeko asmoz. Espainiarra apenas mintzatu zen, baina esan beharreko guztiak euskaraz esan zituen.
Pantxoa eta Peio oholtzan
Momentu gorenetako bat izan zen Itzulera kantua ere. Jendea hainbeste gozatzen ikustea zirraragarria zen: kaskoak kendu gabe denak zutik, dantzan eta kantari, zoriona islatuz ia. Gaueko une hunkigarrienetako bat Pantxoa eta Peioren taularatzea izan zen. Telesforo Monzonen hitzak dituen Lepoan hartu ta segi aurrera mitikoa kantatzean, aretoko giroa bete-betean piztu zen. Nafarroa Arenan Erramun Martikorena igo zen oholtzara, eta, Donostian, Karrereren eta Ospitalen txanda izan zen. Zirraragarria eta merezitakoa izan zen bikotea —hirukotea Reparaz kontatuz gero— milaka lagunen aurrean kantatzen ikustea. Horrela, Martikorenari urtarrilean egin bezala, Pantxoa eta Peiori omenaldia eta aitortza egin zizkien Reparazek.
Deskontrola indar handiko pieza elektronikoak sutan jarri zuen aretoa, beste hainbat kantak bezala. Gero, Aralarko Dama entzun ahal izan zen osorik, ikusleen gozamenerako. Eta Zugarramurdik eman zion amaiera emanaldiari Hileta kantu nafarra-rekin. Kantu horren ondoren, bat-batean gelditu zen kontzertua. Zenbaitek zalantza eduki zuen ikuskizuna amaitu zen ala ez, baina bai, horixe izan zen amaiera. Autoan joan zen Reparaz, iritsi zen bezala. Goi-goian amaitu zen emanaldia. Ia hiru orduko show bizia izan zen: kontzertua baino gehiago, meritu handiz egindako antzerki musikatua, eta ikusleen gustukoa. Mitoaroa-k, Iruñean lehenbizi eta Donostian gero, euskal musikaren historiara pasatuko dena sentsazioa sortu zuen. Momentu magikoz jositako istorio bat izan zen eta; esaterako, hartza eta Reparaz Illunberen sabaira igo zirenekoa. Bertaratutako bakoitzak bere momentu kutuna izango du —dantzak, sua, jendartean nahastutako aktoreak, joaldunak, abeslariak eta abar—, eta hori da onena.
Ikusi gehiago