Astorgako (Leon, Espainia) Ya Nunca Me Llamas izeneko tabernan, ardo eta binilo artean, Michi Panero «obra bako poeta» ezagutzeko aukera eskaini zioten Nacho Vegasi. Biharamunean, bezperako promesak betetzeko ausardia bildu ezinik, Xixonera bueltatzeko autobusean igo zen musikari lotsatia. Lau hilabetera jaso zuen poetaren heriotzaren berri. Handik gutxira Michi Panero ezagutzeko zorian egon zen gizonaren bizi-balantze existentziala abestu zuen.
Hamarkada bat geroago, beste behin karaokean kantu berbera eskatzen ari ginela ohartuta, mugikorra hartu eta gure txanda heldu artean Panero familiaz irakurri genuen blog batean eta bestean ere bai. Egia esan, kontuak ez zigun kantaldiak baino askoz gehiago iraun. Azken egunotara arte. Zast! Zauria efemeridearen eta Zinemaldiaren artean.
Eta zinema elkarlotutako gertakarien segida gisa ulertzen dugunez, animalia inpultsiboen antzera, El desencanto filma ikusteko antolatu genituen bizitzak.
Leopoldo Panero poeta hil ondoren bere senitartekoen memorietatik berreraikitako dokumentala ikustera gindoazen. Han azaldu ziren, banan-banan, Felicidad Blanc alarguna eta hiru semeak: Juan Luis, Michi eta Leopoldo Panero, familiaren mito epikoa desmantelatzen. Deslilurarik ez gure artean. Filma itsasoa baldin bada, argumentua bitsa besterik ez dela berretsi genuen.
«Baina hau fikzioa da?», galdetu zuen batek, «ez, tssst!» erantzun besteak, panerotarren berbaldien hipnositik irteteko beldurrez. Edukiaren ordenari buruz erakutsi digutenaren kontra, familia honen hitz jario ederraren deanbulazioak mesede egiten zion istorioari. Inteligentziaren espektakulua: bakarrizketak kamerari begira, hari narratiboen deribak, errepikapenak, gaien gainjartze etengabea... Errelatoaren egituraren deseraikuntza neurtu bat. Erakarpen-indar handiko pertsonaiekin, dudarik gabe.
Aretotik irten eta astiro ahozgoratu genituen lehenengo berbak. Ausardiaren inguruan hitz egin genuen. Jaime Chavarri madrildarra dela, eta zein argia zirudien Felicidad Blancek, eta garai bakoitzeko intimitatearen balioaz eztabaidatuz jarraitu zuen batek, familiarteko isiltasunez eta hiztegi zabalaren erotikari buruz besteak.
Suposatzen dut horregatik joaten garela zinemara. Ondoren munduarekin harremana berreskuratzeko. Inguratzen gaituenari begiratu eta edertasuna berreskuratzea baita geratzen zaigun keinu erakargarri bakarra. Eta inoiz mila bizitzatan amestuko genukeena baino dexente gehiago da hori.