Donostiako 74. Zinemaldia

Naomi Watts: «Zinema arte adierazpen gorenetako bat da»

Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBetara migratutako «pertsonaia konplexu» bat antzeztu ondotik itzuli da Naomi Watts Zinemaldira. Aurtengo bigarren Donostia saria jasoko du iluntzean, eta 'The Housewife' filma aurkeztuko dute. David Lynch izan du gogoan.

Naomi Watts aktorea, gaur, Donostiako 74. Zinemaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Naomi Watts aktorea, gaur, Donostiako 74. Zinemaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko irailaren 19a
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nire lana istorioak kontatzea da, eta izugarri gustatzen zait hori». Izar handiak datozenean, gerta daiteke azalkeria gailentzea, gertatu ohi da. Jarrera neurritsuaz eta ofizioarengan duen fedea bistan utzita azaldu da, ordea, Naomi Watts (Shoreham, Ingalaterra, 1986) prentsaren aurrera. «Bizitzen ari garen garai honetan, bereziki garrantzitsua da istorioak kontatzea, eta hori egiten duen arte adierazpen gorenetako bat da zinema», adierazi du. Aktore askori «inoiz iristen ez zaien aukera» berari David Lynchen eskutik heldu zitzaiola oroitu du; Mulholland Drive filmean izan zen, aurten duela 25 urte.

Ordutik hona, nazioartean sona duten zinemagile askorekin egin du lan Wattsek, eta interpretazio gogoangarriak egin ditu (The Ring, Easter Promises, Funny Games); bada, ibilbide hori aitortuko diote gaur Donostiako 74. Zinemaldian, edizioko bigarren Donostia saria emanda. «Gogor lan egin dut azken hamarkadetan, eta hunkituta eta oso esker oneko sentitzen naiz», adierazi du. Iluntzean jasoko du garaikurra, eta jarraian aurkeztuko dute Ben Shirinianen The Housewife filma, zuzendariaren lehen lan luzea; benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat da, zeinetan iragana desagerrarazi nahi duen emakume baten rola antzeztu duen Wattsek.

1964. urtea da, New Yorken. Naziekin aritutako norbait hirian dabilela jakin du The New York Times egunkariko kazetari gazte batek, eta susmagarri nagusiaren emaztearekin jarri da harremanetan. Hura da Wattsek jokatu duen pertsonaia, gerra krimenekin nahasitako norbait, eta, aktoreak kontatu duenez, «oso rol konplikatua» izan da antzezteko. «Ez nuen ezagutzen haren istorioa. Iragana erabat alboratzen eta bizitzan oso modu sinplean aurrera jarraitzen saiatu zen norbait izan zen. Shock egoeran geratu nintzen gidoia irakurtzean, eta, hasieran alde batera uztekotan ere egon nintzen arren, uste nuen beharrezkoa zela pertsonaia egitea, gogorarazteko non gauden gaur egun eta nola ari den gorrotoa hazten». Beste alde erakargarri bat ere bazuen pertsonaiak Wattsentzat: «giza psikea» arakatzeko aukera. «Oraingoan ez dut esango gozatu egin dudanik pertsonaiarena egiten, baina, aktore gisa, beti saiatzen naiz giza psikea ondo ulertzeko saiakera egiten».

«Batere zorterik gabe borrokan aritua nintzen; beraz, egunero-egunero platora agertu eta Lynchekin lan egitea zoragarria izan zen. Ez ditut ahazteko egun horiek»

NAOMI WATTSAktorea

Pertsonaia horren «bikoiztasunak» badu lotura bat Mulholland Drive filmean Wattsek jokatu zuen pertsonaiarekin, eta aktoreak presente izan ditu bai Lynch —iazko urtarrilean hil zen— eta bai bere ibilbidean mugarri argi bat ezarri zuen une hura ere. «Baziren hamar urte film batean rol bat lortu nahian ari nintzela. Ahal nituen lanak egiten nituen han-hemen, baina askotan atzera botatzen ninduten, ez nuelako nahikoa honetatik, edo gehiegi nuelako beste horretatik... Ez nengoen pozik, ez nuen energia onik hautaprobetara joaten nintzenean, baina Lynchek zerbait ikusi zuen nire geruza horietatik harago, elkarrizketa eder bat izan genuen, eta rol ikaragarri hori eman zigun [berari eta Laura Harringi]. Batere zorterik gabe borrokan aritua nintzen; beraz, egunero-egunero platora agertu eta Lynchekin lan egitea zoragarria izan zen. Ez ditut ahazteko egun horiek».

Adinkeriari aurre egiten

Film hari esker sartu zen Watts Hollywoodeko industrian, eta esan zioten bizi ibili beharko zuela bere lekua lortu nahi bazuen, lan aukerak amaitu egingo zitzaizkion-eta 40 urteak bete orduko. Gazte izateari utzi dioten zinema munduko emakumeentzat egoera hobetu egin dela iruditzen zaio. «Nik orain 50 urte oso luze ditut, eta hemen nago. Emakumeek beren istorioak islatuta ikusi behar dituzte. Bazegoen aldatu beharreko narratiba bat, eta eskertuta sentitzen naiz aldaketa horren parte txiki bat izateagatik».

Bere ibilbidean bi bider egon da Watts Oscar sarietarako izendatuta —Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 grams (2003) filmarekin eta J. A. Bayonaren The Impossible (2012) lanarekin—, eta ekoizpen handiak eta egile zinemako obrak tartekatu izan ditu. Peter Jackson, David Cronenberg, Clint Eastwood, Michael Haneke, Audrey Diwan, Noah Baumbach eta Rodrigo Garcia zinemagileekin egin du lan, besteak beste.

«Munduan gertatzen ari diren gauzengatik, beldur handiko garaia da, bistan da, adi-adi egon behar dugu. Hala ere, gure lana ez da erantzunak ematea, gure lana galderak egitea da»

NAOMI WATTSAktorea

Azken filmean Europatik AEBetara migratutako pertsonaia bat jokatu duela-eta, AEBetako egoera politikoaz eta, zehazki, migratzaileen aurkako jazarpenaz galdetu diote Wattsi, eta kezkatuta azaldu da: «Bizi dugun egoera zaila da, eta urduri nago horregatik, baina gauzak hobetuko diren itxaropena ere badut». The Housewife filmak, hain justu, zenbait galdera garrantzitsu proposatzen dituela iruditzen zaio aktoreari, eta hor jarri nahi izan du fokua: «Munduan gertatzen ari diren gauzengatik, beldur handiko garaia da, bistan da, adi-adi egon behar dugu. Hala ere, gure lana ez da erantzunak ematea, gure lana galderak egitea da: nola gertatu zen hau, norekin identifikatzen zara zinematik ateratzen zarenean, zer egin dezakegu filmean ikusten den hori berriro gertatu ez dadin».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA