Donostiako 74. Zinemaldia

Brad Pitt: «Filmak egitea oso garestia bihurtu da; zaila da dirua berreskuratzea»

David Ayerren 'Heart of The Beast' filma aurkeztu du Brad Pitt aktoreak Donostian. AEBetako armadako ofizial baten pertsonaia jokatu du bertan, eta zakur baten eta ofizialaren «biziraupen eta leialtasun» istorio gisa kokatu dute lana.

Brad Pitt aktorea, gaur, Donostiako 74. Zinemaldian. JUAN HERRERO / EFE
Brad Pitt aktorea, gaur, Donostiako 74. Zinemaldian. JUAN HERRERO / EFE
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko irailaren 23a
16:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo izarretako bat izan da, ezbairik gabe. Jendetza izan zuen zain igandean Donostiara heldu zenean, eta jendetza izan du zain gaur jaialdira ekarri duen filma aurkezterakoan. Brad Pitt aktorea (Shawnee, Oklahoma, AEB, 1963) duela hamazazpi urte etorri zen azkenengoz Zinemaldira, Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds (2009) filma aurkeztera orduan, eta, orduan bezala, soldaduen inguruko ekoizpen batek ekarri du aurten ere: David Ayerren Heart of The Beast filmak. Tarantinorenean naziak eta umore beltz azidoa ziren proposamena, eta Ayerren lanean, berriz, abentura eta drama modu epiko eta konbentzionalago batean uztartzen dira.

Hain justu, 2009tik hona egindako bidean, aktore lanetan segitu ez ezik, ekoizle lanetan ere hasi da Pitt —Plan B Entertainment du izena haren ekoiztetxeak—, eta horren inguruan galdetu diote lehenik; nola uste duen aldatu dela sektorea denbora tarte horretan. «Interesgarria da», esan du, eta onerantz egin duten gauzak bezainbeste aipatu ditu kezkak: «Streaminga sartu da, eta horrek aldaketa handiak eragin ditu. Aukera askoz gehiago daude antzezleentzat eta zuzendarientzat, eta horri esker talentu asko ari da garatzen; hori zoragarria da. Bestalde, ordea, filmak egitea oso garestia bihurtu da, eta zaila da filma egiteko jarritako dirua berreskuratzea». Ayerren filmaren ekoizleetako bat ere izan da aktorea, eta 40-60 milioi euro inguruko aurrekontua izan dutela zehaztu du. «Streaminga dagoenetik, gurea bezalako erdibideko film batentzat ere oso zaila da aurrekontua salmentetatik berreskuratzea».

«Gerratik bakerako trantsizioa arriskutsua da soldadu profesionalentzat. Zer egin behar da pertsonaia horiekin? Nik uste dut maitasuna erakutsi behar zaiela, erakutsi badagoela komunitate bat haien alde»

DAVID AYER Zinemagilea

James Belmont izeneko Indar Berezietako ofizial baten rola jokatu du Pittek Heart of The Beast filmean. 30 urte igaro ditu AEBetako armadako kide gisa, lehen lerroan borrokan, eta bere adiskide minarekin dago orain, Odin gerra txakurrarekin. Hegazkin istripu baten ostean, harrapatuta geratu dira Alaskako oihanean. Hori da filmaren abiapuntua, eta, indarkeriaz zein pertsonaiek orain izan dezaketen bakeaz edo bake faltaz baino gehiago, «leialtasunaz» hitz egin nahi zuela adierazi du zuzendariak. «Indarkeriaren inguruan menpekotasuna ere sortzen da, batez ere hainbeste ezagutu duzunean. Eta horrek eragina du ondorengo bake garaietan, ikasi behar duzulako nor zaren esperientzia bare horretan. James gerran aditua da, gerra zen haren eremu segurua, baina filmean orduko mamu horiek itzaltzeko egiten duen bidaia ikusten da». 

Gerrek eta tentsio geopolitikoak gora egin duten jokaleku batean, filmean bakearen aldeko mezuren bat gordetzen ote duten ere galdegin diete egileei, eta pertsonaiarengan jarri du arreta zuzendariak: «Filmean zera ikusten dugu, soldadu hauek gerraren ondoren nola saiatzen diren bere burua aurkitzen. Gerratik bakerako trantsizio hori gogorra eta arriskutsua da soldadu profesionalentzat, haien nortasunaren parte handi bat hori zelako. Zer egin behar da pertsonaia horiekin? Nik uste dut maitasuna erakutsi behar zaiela, erakutsi badagoela komunitate bat haien alde».

«Abentura eta sinpletasuna»

Ofizial ohiaz eta zakurraz aparte, bigarren mailako beste pare bat pertsonaia baino ez dira agertzen filmean, nahiko une laburretan, eta, beraz, Pitt eta zakurra bakarrik aritu ziren kasik filmaketa osoan. «Lokalizazioa zoragarria zen, ez genuen trailerrik, naturan galduta ibiltzen ginen, eta une oro piztia zoragarri horrekin kanpoan egotea guztiz esperientzia berezia izan zen», oroitu du aktoreak. Bien artean «iraupen istorio bat» kontatu zutela iruditzen zaio, eta hor du indarra filmak, Pitten irudiko. «Txakur militarretan aditua den jendea aritu zen gurekin, eta azpimarratu nahi dut beti adierazten ziguten hau: beti egongo direla irabaziak eta galerak, baina erronkak asko direnean beti heldu behar zaiola hurrena datorren elementu positiboari. Bizitzaren antzeko zerbait da biziraupena». 

Maitasun istorio bat ere ikusten du aktoreak filmean. «Eta pentsatzen dut, nola esan, hor denok berdinak garela, konektatzen gaituen hori dela garrantzitsua, eta gutxiago direla bereizten gaituzten gauzak». Albokoak zaintzeko deia ere egin du: «Hasi beharko genuke inguruan ditugunak maitatzen eta kontuan gehiago hartzen».

Olivia Hamilton ekoizlea ere izan da agerraldian, eta nabarmendu du sekula film batean gidoilari aritu gabeko idazle batena dela gidoia, Cameron Alexanderrena. Auzoko batek eman omen zion testua ekoizleari, eta berehala erabaki omen zuen filmatzen saiatuko zela. «Bi arrazoirengatik: abentura duelako eta sinpletasuna adierazten duelako. Hazi ahala, batek uste du gero eta konplikatuagoa izango dela bizitza, baina gero konturatzen zara sinpletasuna dela lortu beharrekoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA