Zinemagilea

Maria Aparicio: «Mundura sakonago lotzen gaituen horrek berez du balioa»

‘A veces me entra tristeza, otras veces rebelión’ filma aurkeztu du Maria Aparicio zinemagile argentinarrak Donostian. «Langileen mundua» zertan den galdetzen du lanak, eta zuzendari onenaren saria irabazi du Venezian.

Maria Aparicio zinemagilea, atzo, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Maria Aparicio zinemagilea, atzo, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Pelikula espontaneo bat da, eta hori oso zaila da zineman». Duela urtebete pasa, Madrilgo Reina Sofia museoan zegoen Maria Aparicio (Cordoba, Argentina, 1992) zinemagilea, egonaldi batean, aspalditik lantzen ari den film bat garatzen. Museoko arduradunek jakinarazi zioten baimena zuela han barruan nahi zuena filmatzeko, eta, lantzen ari zen filmerako oso aproposa iruditzen ez zitzaion arren, ez zuen aukera galdu nahi izan. «Oso modu azkarrean hasi nintzen pentsatzen zer idatz nezakeen museoan filmatzeko. Guk, lagun talde batek, batera egiten ditugu pelikulak hasieratik, oso lan eskema independente eta artisauekin normalean, eta hala izan da film honen kasuan ere».

Taldean egin arren, gidoia hark idatzi du eta zuzendu ere bai; A veces me entra tristeza, otras veces rebelión (Batzuetan tristura sartzen zait, bestetan matxinada) izena du, eta hil hasieran Venezian zuzendari onenaren saria irabazi ostean aurkeztu du Apariciok Donostiako 74. Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean.

Beka baten babesean Juan Bialet Masse katalanaren idatzi bat ikertzen ari den historialari bat (Dante, Roger Koza) eta etxera itzuli aurretik Espainian egun batzuk igarotzen ari den aktore bat (Eva, Eva Bianco), horiek dira filmeko protagonistak. Argentinarrak dira biak, eta Reina Sofia museoan ezustean elkar ezagutu ondotik, denbora bat hasiko dira igarotzen elkarrekin; paseatu egingo dute, bat egiten duten zenbait galderaren inguruan hitz egin. Bai Koza eta bai Bianco zinemagilearen eta bere taldearen hurbileko pertsonak dira, eta, Aparicioren esanetan, euren lan egiteko moduaren erakusle da haiekin egin izana filma. «Eva Bianco protagonista izan zen gure aurreko hainbat pelikulatan, eta, zehazki, pelikula honetako bere pertsonaia Las cosas indefinidas [2022] filmean egiten duen pertsonaia bera da, haren jarraipena. Museoan filmatzeko zer idatzi pentsatzen nenbilela, Eva Espainiatik igarotzekoa zela jakin nuen, Roger ere bai, eta kointzidentzia horiek gidoian lotzea erabaki nuen».

«Ezinezkoa da jakitea pelikula batek zenbateko erresonantzia izan dezakeen pertsona baten edo askoren bizitzetan, baina oso gauza garrantzitsua da. Are, garai politiko latz hauetan, izugarrizko zentzua du egitea maite dugun honetan tematzeak»

Atahualpa Yupanquiren Milonga del peón del campo kantutik hartutako lerro bati zor dio izenburua filmak. Nekazari baten egunerokoa eta estutasunak kontatzen ditu kantuak, eta gaur egungo testuinguru politikoak eragin dezakeen «atsekabe sentimendua» jaso dezakeela iruditzen zaio zinemagileari. «Oso ondo nora goazen ez jakitearen sentsazio bat dago, etorkizunaren ideia zatitu bat. Ezin dugu esan zoriontasunak ezaugarritzen duen garai bat denik hau. Larritasunak zeharkatzen duen orainaldi bat da gehiago, eta iruditzen zait, hain justu, zerbait desagertu bada, hori kantuan nekazariak aipatzen duen matxinadarako bulkada dela, zeinak forma asko har ditzakeen». 

Iraultzaz itsaso aurrean

Pelikularen erdigunean, bada eszena bat non bi pertsonaiek elkarrizketa luze bat izaten duten itsasoaren aurrean. Dante ikertzen ari den testua aurreko mende hasierakoa da, Bialet Masse Argentinara joan, eta hango langile jendearen inguruan idatzi zuena. Besteak beste, horri buruz ikertzeak zer zentzu duen galdetzen dio Evak Danteri. Ez ote duen gehiago balio orainaldiaz arduratzeak; ez ote dabilen bakoitza erabat bere airera gaur egun, ez ote den desagertu «zerbait komunaren parte» izatearen nozioa. «Zertarako hainbeste liburu, hainbeste ikerketa, hainbeste pelikula?», galdetzen dio zuzen. Eta jarraitu: «Zerbaitek huts egin du; Mileik irabazi du, genozidioak daude, heriotza, heriotza, heriotza bazter guztietan». Aparicio: «Elkarrizketa hori nik idatzi nuen arren, esan behar dut ez nagoela oso ados Evarekin». 

Pelikulak egitearen zentzuaz galdetzea «bizitzaren kuestionamenduaren barruan» doala iruditzen zaio hari. «Arteak, beste edozein giza ekintzak bezala, eragin egiten du bizi garen munduan, gauzen egoeran. Pelikulek, liburuek, kantuek, zientziak, kazetaritzak, hezkuntzak... Horiek guztiak bizi garen mundura sakonago lotzen gaituzten gauzak dira, eta horrek berez du balioa. Ezinezkoa da jakitea pelikula batek edo kantu batek zenbateko erresonantzia izan dezakeen pertsona baten edo askoren bizitzetan, baina oso gauza garrantzitsua da. Are, garai politiko hain latz hauetan, uste dut izugarrizko zentzua duela egitea maite dugun honetan tematzeak».

«Beti izan dugu interesa aukera narratiboekin eta zinemaren lengoaiarekin jolasteko. Eskala txikiago batean eta eskema independenteago batekin lan egiteak ematen dizu askatasun hori»

Itsaso aurreko elkarrizketa horrek elkarrengandik urruntzen ditu pertsonaiak, eta, haien arteko istorioaren norabidea bezala, aldatu egiten da pelikularena ere momentu horretan. Museoko liburutegitik atera, eta kalera jotzeko beharra sentitzen du Dantek. Kamera hartuta egiten du hori, eta munduko hainbat herrialdetatik Madrilera migratutako langileak elkarrizketatzen hasten da. «Hori idazketaren hasieratik egon zen», aipatu du zuzendariak. «Hasieratik jakin genuen pertsonaien arteko enkontru ia maitasunezko horrek albo batera egingo zuela momenturen batean, modu horretan leku egiteko pelikularen amaieran agertzen diren testigantzei. Kontua zen testigantza horiek azkena filmatu genituela, eta amaiera arte ez genuela jakin zer aterako zen hortik».

Pertsonaien artean gertatzen den «haustura edo tentsio hori» pelikularen formara eramatea izan zen ideia, Aparicioren esanetan. «Dante da elkarrizketa horietan kameraren atzean dagoena, baina kamera hortik aurrera bakar-bakarrik langile hauek enkoadratzen geratzen da». Filmean «esperimentatzeko» hartu duten askatasunaren parte ere ikusten du hautu hori zinemagileak. «Beti izan dugu interesa aukera narratiboekin eta zinemaren lengoaiarekin jolasteko. Eskala txikiago batean eta eskema independenteago batekin lan egiteak ematen dizu askatasun hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA