Kritikaren, ikusleen eta epaimahaiaren iritziak ez dira beti bat etortzen, baina hala gertatu da aurtengo jaialdian. Sail Ofizialean lehian izandako hamasei filmetatik faboritoen artean ageri zen Alauda Ruiz de Azua zuzendari bilbotarraren Los domingos, eta lan horrek eskuratu du Donostiako 73. Zinemaldiko Urrezko Maskorra; baita Euskal Zinemaren Irizar Saria ere. Jose Ramon Soroizek Maspalomas euskarazko lanean egindako interpretazioa ere laudatuenen artean egon da, eta euskal aktorearentzat izan da aktore nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra. Biek pozarren altxatu dituzte garaikurrak, Kursaalean egindako sari banaketa ekitaldian.
Klausurako moja bilakatu nahi duen 17 urteko neska bat du protagonista Los domingos-ek, eta asmo horrek familia bati nola eragiten dion kontatzen du. Blanca Soroak jokatu du gaztearen rola filmean, eta Patricia Lopez Arnaizek, Nagore Aranburuk eta Miguel Garcesek ere parte hartu dute aktore taldean. Ruiz de Azua esker oneko agertu da jaialdiarekin, «filma bertan estreinatzeko itxaroteagatik eta inoiz jasotako harrerarik politena» egiteagatik. Filmaren aurkezpenean azaldu zuen bere helburua izan zela pertsonaia guztiak eta haien ikuspuntuak ulertzen saiatzea, eta ideia horretan egin du azpimarra saria jasotzerakoan ere. «Zinema maite dut beti erakusten didalako beste leku batzuetatik begiratzen».
Hori baino lehen ere izan da oholtza gainean, Euskal Zinemaren Irizar Saria ere haren filmari eman baitzion atal horretako epaimahaiak, «gaiak sakontasunez eta modu konplexuan tratatzeagatik, sentsibilitate handiz, eta umorea bistatik kendu gabe gainera».
Euskal ekoizpenek ezohiko presentzia izan dute aurten Sail Ofizialean. Ruiz de Azuaren filmarekin batera, euskarazko hiru lan bildu ditu sailak: Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas, Asier Altunaren Karmele eta Koldo Almandozen Zeru ahoak —azken biak lehiaz kanpo erakutsi zituzten—. Eta sarietan ere antzeman da, Juan Antonio Bayona zinemagile katalana buru izan duen epaimahai ofizialak hala erabakita.
Interpretazioen arloan, antzezpen nagusiaren saria bi aktoreri ex aequo ematea erabaki du epaimahaiak. Zhao Xiaohong izan da lehena oholtzara igotzen, Qin Xiaoyuk zuzendutako Jianyu laide mama filmean egindako lanagatik garaikurra jasotzeko. Haren ondotik igo da Soroiz, eta txalo zaparrada eskaini diote Kursaalean bildutakoek. Jaialdiari eta epaimahaiari eskerrak eman ondotik, zuzendariei mintzatu zaie lehenik. «Milesker, Jose Mari, hain gidoi zoragarria idazteagatik, eta bioi, nitaz gogoratzeagatik eta Bixente pertsonaia aurrera ateratzen laguntzeagatik». Lantalde osoari ere esker ona azaldu dio. «50 urte eman ditut mundutxo honetan, eta Maspalomas izan da inork eman didan saririk handiena. Maite zaituztet, milesker!». Eta, familiari eskerrak eman ondotik, Legorreta sorterriari ere eskaini dio saria.
Palestinan Israel egiten ari den genozidioaren aurkako mezua oso presente egon da Donostiako 73. Zinemaldian. Alfonbra gorriaren aurretik igaro dira protestak, eta jaialdiak iraun bitartean fokuen argipean izan diren askok goratu dute ahotsa sarraskia geldiarazteko eskatzeko. Hala egin dute saria jasotzera oholtzara igotako hainbatek ere, soinean Genozidioa Stop zioen ikurra erakutsiz. Eta hitzez ere egin dute aldarri hori bai Ruiz de Azuak eta bai Soroizek ere.
Baita Jose Luis Guerin zinemagile katalanak ere, Epaimahaiaren Sari Berezia jasotzeko orduan. 2001. urtean, En construcciĂ³n filmagatik sari bera eraman zuen zinemagileak, eta Historias del buen valle dokumentalagatik eman diote orain. Filmeko protagonista diren Bartzelonako Vallbona auzoko bizilagunei eskaini die saria.
Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra Joachim Lafosse zinemagile belgikarrari eman diote, Six jours ce printemps-là filmagatik. Eta gidoi onenaren garaikurra ere harentzat izan da —Chloe Duponchelle eta Paul Ismaelekin partekatuta—.
Taldeko aktorerik onenaren saria, berriz, Camila Plaate antzezleari eman diote, Dolores Fonziren Belén filmean egindako interpretazioagatik. Eta argazki onenaren garaikurra Pau Estevek irabazi du, Alberto Rodriguezek zuzendutako Los tigres filmean egindako lanagatik.
Bayonarekin batera, epaile lanetan aritu dira Laura Carreira eta Gia Coppola zinemagileak, eta Zhou Dongyu, Lali Esposito, Mark Strong eta Anne-Dominique Toussaint aktoreak.
Beste sailetako sariak
Ofizialez bestelako sariak ere banatu dituzte ekitaldian. Los domingos saritzeaz gain, Marta Medinaren eta Enrique Lopez Lavigneren El Ăºltimo arrebato-ri aipamen berezia eman diote Euskal Zinemaren Irizar Sariko epaileek. Zuzendari Berriak ataleko irabazlea Emilie Thalund danimarkarraren Vaegtloes filma izan da. Baina euskarazko lan batek epaimahaiaren aipamen berezia ere eraman du: Irati Gorostidiren Aro berria filmak, hain zuzen.
Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Lucile Hadzihalilovicen La tour de glace filmak jaso du. Horizontes Latinos ataleko aitortza nagusia Simon Mesa Sotoren Un poeta filmak eraman du. Bi aipamen berezi ere banatu dituzte: Ana Cristina Barraganen La hiedra-rentzat, eta Daniel Hendlerren Un cabo suelto-rentzat.
Perlak sailean, berriz, publikoak erabakitzen du zein film saritu, eta Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarraren The Voice of Hind Rajab lanarentzat izan da aitortza. 6 urteko neskato palestinar baten eta haren senideen hilketa kontatzen du lanak, eta zirrara eragin zuen Viktoria Eugenia antzokian joan den asteazkeneko emanaldian bildutako ikusleen artean. Atal berean, Mailys Valladeren eta Liane-Cho Hanen Amélie et la métaphysique des tubes izendatu dute Europako ekoizpen onena.
Â
Sariak
Film onena: Los domingos (Alauda Ruiz de Azua).
Zuzendaririk onena: Joachim Lafosse (Six jours ce printemps-lĂ ).
Epaimahaiaren Sari Berezia: Historias del buen valle (Jose Luis Guerin).
Aktorerik onena: Jose Ramon Soroiz (Maspalomas) eta Zhao Xiaohong (Jianyu laide mama).
Taldeko aktorerik onena: Camila Plaate (Belén).
Gidoirik onena: Joachim Lafosse, Chloe Duponchelle eta Paul Ismael (Six jours ce printemps-lĂ ).
Argazkirik onena: Pau Esteve (Los tigres).
Zuzendari Berriak saria: Vaegtloes (Emilie Thalund).
Zabaltegi-Tabakalera saria: La tour de glace (Lucile Hadzihalilovic).
Horizontes Latinos saria: Un poeta (Simon Mesa Soto).
Otra Mirada saria: Las corrientes (Milagros Mumenthaler).
Culinary Zinema: Mam (Nan Feix).
Irizar saria: Los domingos (Alauda Ruiz de Azua).
Donostia Hiria publikoaren saria: The Voice of Hind Rajab (Kaouther Ben Hania).
Europako film onenarentzako Donostia Hiria publikoaren saria: Amélie et la métaphysique des tubes (Mailys Vallade).