Protagonista asko izan ditu gaurko Euskal Zinemaren Gala Handiak, baina izenik nabarmenena Jose Ramon Soroiz Zinemira sariaren irabazlearena izan da. Txalo, biba eta ziztu artean jaso du garaikurra, eta, hori dela eta, luzaroan itxaron behar izan du hitza hartu aurretik. Eskerrak emateko eta egindako ibilbidea gogoratzeko modu gisa, hura protagonista izan deneko hiru film aukeratu ditu: Juan Miguel Gutierrezek zuzendutako Balantzatxoa (1977), Eneko Olasagasti eta Karlos Zabalaren Maité (1994) eta Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas (2025). Hiru filmetan bizi izandako momentuak oroitu ditu, eta hiruretako zuzendariei zein lantaldei eskaini die garaikurra: «Zuena da sari honen zati bat». Maspalomas jo du bere ibilbidearen gailurtzat : «Nire bizitza osoa laburbiltzen du». Kandido Uranga eta Zorion Egileor aktoreak izan ditu alboan.
Miren Gaztañaga eta Ane Gabarain aktoreek eraman dute gaualdiaren konpasa, orain euskaraz orain gaztelaniaz eginez, eta jende andana igoarazi dute Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara; batzuk sariak ematera igo dira, beste batzuk saritua aurkeztera, beste zenbait sariak ematen dituzten elkarteen ordezkari gisa, eta gutxi batzuk, jakina, garaikurrak jasotzera.
Soroiz oholtza igo aurretik, beste lau aitortza egin dituzte aurkezleek. Alauda Ruiz de Azuak gidoilari onenaren saria jaso du, Los Domingos pelikularako egindako lanagatik. «Industria honetan lehia kontu asko dago, baina bada elkartasunik ere. Horri egin nahi diot gorazarre. Zailtasunean laguntza handia ukan nuen Los Domingos filmean».
«Industria honetan lehia kontu asko dago, baina bada elkartasunik ere. Horri egin nahi diot gorazarre. Zailtasunean laguntza handia ukan nuen 'Los Domingos' filmean»
ALAUDA RUIZ DE AZUA Zinegilea
Euskadiko Filmategia Saria jaso du Ana Diezek, Ander eta Yul filmagatik. Duela 40 urte estreinatu zen Donostiako Zinemaldian, eta zaharberrituta heldu da aurten. «Lan hura zaharberrituta ikustea berriz jaiotzea bezalatsu da; filmaketan sentitutako emozio guztiak berriz sentitu ditut, baina ikus-entzule berrien aurrean. Garrantzitsua da garai hura ezagutu ez zutenek orduan zer gertatzen zen ikustea».
Distira saria Aitziber Garmendiarentzat izan da. Euskal Aktoreen Batasunak emandako saria da, eta gogobetez hartu du Garmendiak. «Sari hau nire sorterrira eramango dut, nire ametsak betetzen ikusi dituen herrira, Zaldibiara!». Iraia Elias aktorearen eskutik jaso du garaikurra Garmendiak. Hark lanbideak dituen «oztopoak» aipatu ditu, baina baita «opariak» ere.
Alberto Gastesiren txanda heldu da Garmendiaren atzetik. EITB Egile Berriak saria izan da harentzat, eta adiskide zein lankideak baina bereziki gurasoak izan ditu gogoan: «Inoiz ez dizuet nahikoa eskertu emandako laguntza. Maite zaituztet».
«Emakume izatea eta euskaraz egitea ez da erraza, baina hemen jarraitzen dugu. Emakume profesionalok ere euskal zinemaren parte gara eta geure historia kontatzen jarraitu nahi dugu, atzetik datozenentzat erreferente izan»
ITZIAR AIZPURU Aktorea
«Gurea, guretik, gurekin»
Eta izan da bestelako aitzatespenik ere gaualdian. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria omentzeko, haren ibilbide osoa laburbildu dute iruditan. Itziar Aizpuru aktoreak, berriz, euskal zinemaren aldarria egin du, bai eta emakumezko aktore profesionalena ere. «Emakume izatea eta euskaraz egitea ez da erraza, baina hemen jarraitzen dugu. Plataformetan, zinemetan, telebistan, nonahi. Emakume profesionalok ere euskal zinemaren parte gara eta geure historia kontatzen jarraitu nahi dugu, atzetik datozenentzat erreferente izan». Esandakoa laburbilduko lukeen lelo batekin eta oihu batekin amaitu du hitz-hartzea: «Gurea, guretik, gurekin. Gora emakume profesionalak eta gora euskal zinema».