Zinemagilea

Oskar Alegria: «Nik uste ametsetan egin dudala film hau, amets luze batean»

Jorge Oteizaren figura «desokupatu» nahian egin du Oskar Alegriak 'Hamalau gau' bere azken filma, eta iluntzean estreinatuko du, Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. Abisu eman du zuzendariak: «Ez da biopic baten arrastorik ere».

Oskar Alegria, Oteizaren 'Apostoluak' obraren ondoan, Altzuzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oskar Alegria, Jorge Oteizaren 'Apostoluak' obraren ondoan, Altzuzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Uharte
2026ko irailaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arantzazuko santutegiko frisoan diren hamalau apostoluen multiplikazio baten modura, hamalau gau erakutsi ditu bere azken filmean Oskar Alegriak (Iruñea, 1973). Hala nahita, Jorge Oteizaren oihartzunak dira nonahi, nahiz eta, paradoxikoki, edo ez, irudietan apenas ageri den oriotarraren obrarik. Hamalau gau izena jarri dio filmari, eta gaur emanen du aurrenekoz, Donostiako Zinemaldian, 21:30ean, Tabakaleran. 

Estreinaldirako lau egun falta direla, Irigibel hoteleko kafetegian jarri du hitzordua Alegriak, baina izen hori duten bi hotel daude Iruñerrian, Arrosadia auzoan bata eta Uharten bestea, eta, bezperan, dudak hartu du kazetaria, horregatik. Zinemagileak berehala argitu dio zalantza. «Uhartekoan», zehaztu dio aurrena, eta, segundo gutxira, zera erantsi, samur: «Oteiza inperiotik hurbilen dagoenean». Zalantza egitea ere. 

Bestela ere, hurbil sentitzen duzu Jorge Oteiza? 

Hurbil eta urrun. Eta hori da gustatzen zaidana: paradoxa. Oteiza bera paradoxaren erregea zen, eta kontraesanarena: kapaza zen une batean gauza bat erran, eta, minutu bat geroago, kontrakoa errateko. Eta fermuki eustekoa gero horri, e? Ez zituen arinkeriaz esaten ez bata, ez bertzea. Bestalde, niri Oteizarekin gertatzen zaidana da behar dudala batzuetan hurbildu, baina gero beti behar dudala distantzia hartu. Orain pelikula aurkezteko zorian nago, baina neure burua desoteizartu egin nahi dut gero. Ze beti ari gara Oteizaren figurari begira, hura luzatu nahian bezala…

Zergatik ez du transzendentzia galtzen?

Agorrezina eta besarkaezina delako, eta, gainera, badirelako hari buruzko gauza asko oraindik ikertu ez direnak; Oteizaren eta tauromakiaren arteko lotura, adibidez. Oteiza Manolete toreroaren zale amorratua zen, eta hitz egiten zuen haren geldotasunaz; artea ikusten zuen hor. Dena dela, niri Oteizaren figuratik gehien gustatzen zaidana da ate itxi bat dela. Zuk lor dezakezu ate bat irekitzea, baina gero beti-beti agertzen da beste bat atzean, eta hori, itxita. Misterioa handitu egiten da beti. 

«Gehien interesatzen zaidana da Oteiza arin eta emozionala; batez ere, Oteiza poeta»

Hori da berriz haren bueltan sortzeko egarria sortzen dizuna?

Bai. Gainera, azken lan honetan pixka bat digeritu dut Oteizaren artista sakona edo serioa. Orain, gehien interesatzen zaidana da Oteiza arin eta emozionala; batez ere, Oteiza poeta. Horrexegatik, pelikula honetan saiatu naiz Oteiza desokupatzen. 

Zer da Oteiza desokupatzea?

Hark geometrian eta eskulturetan erabiltzen duen formula bera zergatik ez dugu erabiliko bere figura erretratatzeko? Oteiza astuna izan daiteke, zama handiko artista bat, adibidez begiratzen badiogu triedroen batuketa delako diskurtsoari. Baina badugu diskurtso hori tarte batez kentzea, grabitatea kentzea, eta hor agertzen da Oteiza humano bat: negar egiten duena, irri egiten duena. Eta geratzen dena da maskararen atzeko Oteiza. 

Oteiza, 14 apostolu izeneko ikus-entzunezko pieza laburra eman zenuen iaz, oriotarrari buruzkoa hori ere. Lan horrek utzi zizun azken honi ekiteko amua?

Oinarria eman zidan. Euskal Telebistaren enkarguz eginak dira biak, baina oraingo honetan bereziki libre aritu naiz. Lehenbizikoan, hamalau apostoluko friso bat osatu genuen, hamalau pertsonarekin, hamalau maskararekin, eta hamalau kontzepturekin. Gauekin jokatu dugu orain. 

Eta preseski hamalau aldiz sartzen da gaua filmean, eta Oteizari buruzko narrazio bat, alderdi bat, edo are, detaile sorta bat erakutsi duzu haietako bakoitzean. Egitura hasieratik zenuen garbi?

Marjinak finkatzea gustatzen zait. Esateko bezala: «Hemendik ez zara aterako». Baina marjina edo arau horren barrenean libertatearekin mugitu naiz. 

«Zinema sartzen zait egunerokoan. Hala ez balitz igual ez nuke zinemarik egingo, eta film organikoak nahi ditut, ez mekanikoak»

Nola erabaki zenuen gauotan zer kontatu?

Inkontzientea izan da. Nik uste ametsetan egin dudala film hau, amets luze batean. Lehenbizi, konturatu nintzen zenbat gau grabatu ditudan bizitzan —niretzat, ukuilu batean gau bat grabatzea olinpoa da—, baina gehienak gordeta neuzkala, erabili gabe. Halaber, konturatu nintzen zer oteizarrak ziren; ez da zaila aitzakia edo lotura txikiak aurkitzea beti Oteizarekin. Gainera, pelikula batean lanean egoten naizen aldi oro, ni pelikula horretan bizi naiz. Adibidez: hartzen dut periodikoa, eta titular batean irakurtzen dut gizon bat aurkitu dutela, Elbeten, egurats gorrian ez-dakit-zenbat ordu eman eta gero. Eta burura datorkit nola frisoko apostoluek ere urteak eman zituzten egurats gorrian botata, eta pentsatzen dut: «Gizon hau behar dut pelikulan». 

Zinema sartzen zait egunerokoan, eta oso polita da hori. Halakorik gabe igual ez nuke zinemarik egingo. Film organikoak nahi ditut, ez mekanikoak. Unamunok esaten zuen: «Ez dadila sumatu mekanismoa, ezpada organismoa». Eta hori da. 

Gauak gau, zeure eta Iñar Sastre pianistaren arteko ariketa batek eusten dio filmari, hasi eta buka. Filmerako musika egiteko eskatu zenion, egin zezala Arantzazuko santutegiko organoarekin, baina proposamena ez zen nolanahikoa: hark ez zuen ikusiko irudirik, zuk deskribatuko zenizkion, ahoz. Eta hori guztia, musika zein zuon arteko elkarrizketa —off-eko ahotsa da—, jaso duzu filmean. Zer potentzia du formula horrek? 

Gero eta gehiago gogoetatzen ari naiz zailtasunak gainditzeari buruz. Bagenituen zailtasun batzuk epeari begira: garaiz ailegatu nahi nuen Zinemaldirako, eta, ohiko estrategiari jarraituz gero, alegia, lehenik irudi guztiak prestatu eta ondotik musikari bati enkargua eginda, ez nuen lortuko. Zera okurritu zitzaidan, Oteizaren estiloan oso: zergatik ez dugu musika are lehenagotik egiten? 

Irudiak grabatu gabe zenituen oraindik?

Batzuk baziren, baina beste asko ez; zirriborroak genituen. Batzuetan, elkarrizketan entzun daiteke Iñarri esaten diodala: «Agian hau ez da agertzen, baina egiozu musika badaezpada». Emaitzarekin oso pozik nago orain. Jada berandu nabil, baina, kredituak berriz egitekotan, zera jarriko dut: «Pelikularen arnasa: Iñar Sastre».

«Detaileek gehiago kontatzen dute Oteizari buruz Oteizaren biografiak baino»

Zure zinemagintzan arkeologia lanak daukan pisua uzten dute bistan zenbait eszenak: Oteizaren azken klera ageri denekoa da bat, haren kaier batean laino hitzari buruzko apunte batzuena beste bat. 

Maite dut gauzak lupaz ikustea. Oteizak esaten zuen: «Handia den guztia neurri txikian egina dut». Oteiza minimalista oso esanguratsua da niretzat. Haren estudioa altxorrez beteriko ganbara bat da. Egia da gu geu ere erromantizismoan erortzen garela eta mito bihurtzen ditugula gauzak, baina eder-ederra da hori guztia; ohar koaderno batean marrazturik utzi zuen eskuaren irudia, zer? Eta, gainera, laguntzen dute narrazioan. Haren betaurrekoak agertzen dira filmeko une batean, eta gero, aurrerago, agertuko dira beste nonbait, diferente, eta ikusleak esango du: «A, bai!». Bestalde, detaileek gehiago kontatzen dute Oteizari buruz Oteizaren biografiak baino. Eta ja bada garaia.

Zeren garaia? 

Azken finean, ni abantaila batekin ari naiz: Oteizaren biopica egina dago ja, Oteizari buruzko film bat ere bai. Nik ez dut kontatu behar Oriokoa zela, Sao Paulon irabazi zuela sari oso inportante bat. Ez dut zertan. Egin dezaket beste zerbait. Nire duda da, hori bai, ea kanpoan nola hartuko duten filma. 

Zer esan nahi duzu?

Ea nola hartuko duten atzerrian. Alemanian, adibidez, igual behar lukete nik eman ez dudan testuingurua?

Asko inporta zaizu? 

Ez askorik. Eta, nire harridurarako, baina baita nire pozerako ere, pelikula ja hautatua dago Mexikoko, Alemaniako eta Italiako jaialdi batzuetarako. Gure geografiako hiru lekutan emateko ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA