Donostiako 74. Zinemaldia

«Haiei mehatxu egitean, guztiok mehatxatzen gaituzte»

Zinemaren sektoreak elkartasuna erakutsi die Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrei, Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian. 'Naza' filma ondu izanagatik eta Palestinako genozidioa erakusteagatik jomugan ditu Israelgo Gobernuak.

Aitor Arregik zinemaren sektoreko 700 lagunek izenpetu duten manifestua irakurri du. JON URBE / FOKU
Aitor Arregik zinemaren sektoreko zazpiehun lagunek izenpetu duten manifestua irakurri du. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko irailaren 25a
20:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitor Arregi, Gorka Otxoa, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Maialen Beloki, Jose Luis Rebordinos, Jon Garaño, Eneko Sagardoi, Ramon Agirre, Javier Bardem, Esti Urresola, Rossy de Palma eta Mireia Gabilondo; haiek eta askoz gehiago dira: zazpirehunetik gora ziren eguerdian, eta litekeena da zerrenda luzatzen joan izana geroztik. Zinemaren sektorea osatzen duten aktore, zuzendari, antolatzaile, teknikari eta beste dira, eta denek ere bat egin dute Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrei babesa erakusteko eta Naza filmatu izanagatik jasotako mehatxuak salatzeko. Manifestu bat izenpetu dute horretarako, eta asko Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian elkartu dira, We are Naza too lelopean. «Gure babesa, elkartasun zintzoa eta esker ona senti ditzatela, errealitate hori zinemaren bidez erakusteko ausardia izateagatik», esan dute.

Euskal Zinemaren Gala Handiaren ostean egin zuten lehen erakustaldia, eta elkarretaratze baten bidez egin dute gaur indar erakustaldi horren bigarren saioa. Genozidioaren kontra eta adierazpen askatasunaren defentsan, manifestua irakurri dute lehendabizi. Datu asko eman dituzte tartean, gehienak Palestinan gertatzen ari den bidegabekeria «normalizatzen» ari dela erakuste aldera. «Israelgo armadak Gazako zerrendaren %60 baino gehiago kontrolatzen du dagoeneko, eta ia 1.300 pertsona hil dituzte azken su etenaz geroztik. Unicef erakundearen arabera, egunero hiltzen dute haur bat bere etxean edo eskolan». Gazaz haragokoak ere kontatu dituzte: «Kolonoek 1.200 eraso baino gehiago egin dituzte azken urteetan Zisjordanian, eta milaka biztanle behartu dituzte etxetik alde egitera».

Palestinako biktimengan ez ezik, jazarpen hori salatzen duten ahotsengan ere jarri du fokua We are Naza too kanpainak: «Israelek eta haren kolaboratzaileek isilarazten eta mehatxatzen dituzte». Eta horren adibidetzat jo dute Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagileen egoera. Haiek zuzenduriko filmak Israelgo armadako eta inteligentzia zerbitzuetako 24 kideren lekukotzak jasotzen ditu, eta funtzionario horien hitzetan azaltzen dira, hain justu, «nahita» eta «modu sistematikoan» egiten direla sarraski masiboak Palestinan. Filmak sona handia hartu du Veneziako Zinemaldian saria jasoz geroztik, eta Perlak sailean erakutsiko dute Donostiako Zinemaldian. «Politikariek eta hedabideek bultzatuta, bi zinemagileok heriotza mehatxu larriak jasan dituzte, eta horrek zuzenean egiten dio eraso sorkuntza eta adierazpen askatasunari», irakurri dute elkarretaratzean. Manifestuaren sinatzaileek adierazi dute ezin direla isilik geratu egoera ikusita: «Zinema sektorean lan egiten dugunok ezin dugu isilik geratu eta ez dugu isilik geratu nahi. Badakigu sortzaileak isilarazteko presioei eta saiakerei amore ematen zaien bakoitzean etorkizuneko sormen askatasunaren mugak birdefinitzen direla».

Sinatzaileek eskaera zuzena egin diote Israelgo estatuari: «Genozidioa berehala eten dezala eta erretira dadila lurralde okupatuetatik». NBEren ebazpenak betetzea ere galdegin diote. Bestalde, irmo azaldu dira bi zinemagileei ezarritako zentsurari dagokionez: «Haien lanari eraso egitea zinema sektore osoaren adierazpen askatasunari eraso egitea da. Haiei mehatxu egitean, guztiok mehatxatzen gaituzte».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA