Donostiako 74. Zinemaldia

Hildakoek sentitzen duten mina

Pablo Larrain zuzendari txiletarrak 'Mis muertos tristes' telesailaren moldaketa zinematografikoa aurkeztu du Sail Ofizialean, Mariana Enriquezen lau narraziotan oinarritua. Eta Maha Harada idazle japoniarrak bere lehen filma aurkeztu du: 'Muyou no hito'.

Pablo Larrain eta filmeko lau aktore izan dira gaurko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Pablo Larrain eta filmeko lau aktore izan dira gaurko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2026ko irailaren 21a
17:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesail bat Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da gaur aurrenekoz. Edo, jaialdiaren antolatzaileek zehaztu dutenez, telesail baten zinemarako moldaketa. Izan ere, Pablo Larrain zinemagile txiletarrak film luze baten formatuan aurkeztu du Sail Ofizialean Netflix plataformarentzat sortutako Mis muertos tristes lau ataleko telesaila. Mariana Enriquez argentinarraren izen bereko narrazioa eta beste hiru ipuin hartu dituzte oinarrian Larrainek eta Guillermo Calderon gidoigileak istorioa osatzeko; hildakoak entzun eta ikus ditzakeen emakume bat eta haren ingurukoak ditu protagonista.

Emak (Mercedes Moran) txikitatik du gaitasun bat: hildakoak ikusten eta entzuten ditu, eta haiekin ere komunikatzen da. Piedrabuenako etxe batean bizi da, etxebizitza bloke handiz inguratutako Buenos Airesko auzo batean. Amaren etxea zen hura, eta hara joan zen Ema hura zaintzera, baina hil zenean ere han segitu zuen bizitzen. Amak, edo amaren arimak han jarraitzen duelako, negar batean. Julie ilobaren (Carolina Alvarez) desagertzeak eta hiru neska neraberen hilketek auzoan eragina izango dute, bizietan nahiz hildakoetan.

«Gu, bizirik gaudenak, ohituta gaude hildakoen gainetik arrazoia izatera, haien jabeak izango bagina bezala. Baina Marianak atea irekitzen du zendutakoek pentsatzen dutena jakin dezagun. Eta pelikulak, edo telesailak, hildakoek sentitzen dutenaz hitz egiten du. Gugana datoz eskatzera ez ditzagula ahaztu», azaldu du Larrainek gaur, prentsaren aurrean eginiko agerraldian. Ondoan izan ditu Enriquez —telesailaren ekoizle exekutiboa da— eta filmeko aktoreak: Moran, Alvarez, Dolores Fonzi eta Alejandra Flechner. Fonzik berak azaldu du Ema «bizien eta hildakoen artean» bizi dela. «Baina hobeto konpontzen da hildakoekin».

Proiektuaren abiapuntua aspaldikoa da, orain dela urte batzuk Larrainek Enriquezen narrazio bat egokitu nahi izan baitzuen. Ideia hark ez zuen aurrera egin finantzaketarik ez zuelako lortu, baina handik denbora batera, idazleak berak argitaratu aurretik bidali zion zinemagileari Un lugar soleado para gente sombría ipuin liburua, eta orduan bai, Larrainek aurrera egin zuen. Enriquez: «Proposatu zidan hainbat ipuin uztartzea, eta egokia iruditu zitzaidan ideia. Beste testu bat da azken batean».

Larrainek azaldu duenez, Enriquezen ipuinetako hitzak bere horretan baino gehiago, giro jakin bat eraman nahi izan du telesailera. «Saiatu naiz narrazioak irakurtzen nituen bitartean sentitzen nuena kameraren aurrean jartzen; ez bakarrik istorio jakin bat, baizik eta atmosfera jakin bat». 

Telesaila filmatu duten auzoaz galdetuta, Larrainek azaldu du langile klasearentzako auzo ugari eraiki zirela XX. mendearen erdialdean Argentinan eta Txilen, baina gero abandonatuta gelditu zirela. «Horietako asko bisitatu nituen, baina eguzkia ezkutatzen zenean alde egin beharra zegoen, indarkeria mota batek baitu agintea horietan. Hirien eta gizartearen atzeko patioan dagoen jendea bizi da hor, eta horrek hainbat urtetako ahanzturarekin du zerikusia». Filmean agertzen diren bigarren mailako pertsonaia asko auzoan bertan bizi dira, Larrainek azaldu duenez.

«Saiatu naiz narrazioak irakurtzen nituen bitartean sentitzen nuena kameraren aurrean jartzen; ez bakarrik istorio jakin bat, baizik eta atmosfera jakin bat»

PABLO LARRAINZinemagilea

Enriquezek, berriz, adierazi du bere istorioek ez diotela egoera jakin bati erantzuten eta ez diotela erreparatzen Argentinaren koiuntura politikoari, «egiturazko arazo bat» delako hori, haren iritziz. «80ko hamarkadan, 70ekoan, 60koan, diktadurak bizi izan genituen. Eredu batek porrot egin zuen, eta ezin izan dugu hura ordezkatu. Argentinan behin eta berriro gertatzen da historian aurrez gertatutakoa, eta ezin da espiral horretatik irten».

Argentinaren egoera politikoaz ere hitz egin dute gaurko agerraldian, Javier Milei presidentearen izena aipatu gabe bada ere. Fonzik esan du herrialdearen egoera «negargarria» dela, eta gaineratu Argentinako zinema industrian ezinezkoa dela beste herrialde batzuetakoekin lankidetzan aritzea. «Zubi guztiak moztu dituzte, eta, gaur egun, plataformen mendekotasun erabatekoa dugu». Arazoa, oro har, kulturarena dela adierazi du aktoreak: «Diru laguntza guztiak desagerrarazi dituzte».

Larrainek, bestalde, salatu du Txileko agintariek ez dutela ezer esan Patricio Guzman dokumentalgilearen heriotzaren harira: «Haren figurari eta obrari muzin egin diote. Oso tristea da hori».

(ID_16467205) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-09-21, Donostia. Zinemaldia, Sail Ofiziala, Muyou no hiro / In My Father-s Roomfilmar...
Maha Harada (kamerari begira) eta filmaren ekoizleak, gaur Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Artearekin eta literaturarekin hizketan

Maha Harada idazle japoniarrak bere lehendabiziko filma aurkeztu du gaur Sail Ofizialean: Muyou no hito / In My Father's Room. Arte komisarioa ere bada Harada, eta, zuzendariak berak azaldu duenez, diziplina horri buruzkoak dira bere eleberrietako asko. Haradaren opera prima-n ere bere lekua du arteak; izan ere, museo batean Mark Rothkoren artelan bat zaintzeaz arduratzen den emakume bat du protagonista filmak. Egun batean, hil berri den aitak bidalitako pakete bat jasoko du: hark erabilitako gela irekitzeko giltza du barruan. Aitaren bizitzan eta hark poesiarekin izan zuen harremanean arakatzeko bidea irekiko dio horrek.

Haradak azaldu du literatura egitean irudiak izaten dituela buruan, eta horiek liburuetara eramaten saiatzen dela: «Askotan esaten didate nire liburuak irakurtzea film bat ikustea bezalakoa dela. Baina nik buruan ditudan irudiak eta irakurleak dituenak ez dira berdinak. Horregatik erabaki dut nik buruan dudan hori erakustea».

Zinemagileak azaldu duenez, eguneroko bizimoduko «kontu txikietan» jarri nahi izan du arreta. «Ahots indartsuen garai batean bizi gara, baina nik ahots apalei eman nahi nien garrantzia. Norbaitek garrasi egiten badu, belarriak estali behar dituzu. Baina pertsona batek belarrira zerbait xuxurlatzen badizu, hori bihotzera irits dakizuke. Pelikula hau horri buruzkoa da».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA