Donostiako 74. Zinemaldia

Izuaren munstroa

Tony Vahlek Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemanian izandako suizidioen gaia jorratu du 'Krux' filmean. Benjamin Naishtatek 'Glaxo' erakutsi du, eta Amanda Kernellek, berriz, 'Garrat du váimmu'. Hiru lanak daude Urrezko Maskorra lortzeko lehian.

Tony Vahl (lehenengo ezkerretik) eta 'Krux' filmako taldea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Tony Vahl (lehenengo ezkerretik) eta 'Krux' filmako taldea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2026ko irailaren 20a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren Mundu Gerra amaierara iristen ari zela, eta aliatuek irabaziko zutela gero eta agerikoagoa zela, agintari naziek agindu bat eman zieten Alemaniako herritarrei: abereak hil, uztak erre eta beren buruaz beste egin behar zuten. Agindu horri ez zioten jaramonik egin batzuek, baina herri batzuetan, ordea, suizidio ugari izan ziren. Herrixka horietako batean girotu du Tony Vahl zinemagileak Krux bere opera prima. Gaur goizean aurkeztu du Sail Ofizialean, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da.

«Amonak kontatu zidan behin gorpuak ikusi zituela ibaian», azaldu du gaur prentsaren aurrean Vahlek. «Beldurrezko istorio bat iruditu zitzaidan, baina gero jakin nuen Alemania osoan gertatu zirela halakoak». Horrek bere buruari galdera batzuk egitera bultzatu zuen zinemagilea, eta baita ikerketa lan bat egitera ere. «Jakin nahi nuen zer gertatzen den herri baten arima kolektiboa erortzen denean».

Filmak aztertzen du nola eragin dezakeen beldurrak komunitate batean, eta nola beldur horren eraginez erabakitzeko ahalmenari uko egiten dioten komunitateko kide batzuek, gehiengoak dioenari segitzeko. «Niri alderdi psikologikoa interesatzen zitzaidan; zer den obedientzia eta zer den ezezagunaren izua».

«Niri alderdi psikologikoa interesatzen zitzaidan; zer den obedientzia eta zer den ezezagunaren izua»

TONY VAHLZinemagilea

Filma Alemaniako ipar-ekialdeko herrixka batean dago girotuta. Bertan emakumeak, haurrak eta gizon gutxi batzuk baino ez daude, eta alkateak behin eta berriro errepikatzen die naziak aliatuei gailenduko zaizkiela, eta kasurik ez egiteko azken horiek hegazkinetatik botatzen duten propagandari. Komunitate horretara, baina, izua iritsiko da ibaiak zenbait gorpu eramaten dituenean.

Zinemagileak gerra zuzenean ez erakusteko hautua egin du. «Ez zaizkit asko gustatzen gerra filmak», arrazoitu du. «Ez genuen leherketarik nahi, baina erakutsi nahi genuen nolako orbainak uzten dituen gerrak aurpegietan eta gorputzetan».

Krux-ek erakusten du, era berean, sinesmenek zer indar daukaten. Vahlek azaldu duenez, pertsonaia bakoitzak dauka bere erlijioa: «Alkatea nazia da; apaiza, katolikoa; bada sineskerietara gerturatzen den emakume bat. Uste dut gaur egun ere inportantea dela zerbaitetan sinestea, baina, gehiengoari jarraitzea hain erraza izanik, askoz inportanteagoa da ahots propio bat izatea».

Filma iraganean girotuta badago ere, beldurraren mekanismoak gaur egun ere indarrean daudela uste du zuzendariak: «Albiste faltsuak  hor ditugu, eta beldurra ere oso azkar zabaltzen da. Gure gizartearen parte da hori».

Prentsaurrekoan, Vahlekin batera, filmean parte hartu duten aktoreetako hiru izan dira: Frida-Lovisa Hamann, Clemens Schick eta Jella Haase. Azken horrek aitortu du gaur egungo beldurretatik heldu ziola bere pertsonaiari (Greta). «Denok ikusten dugu arriskuren bat, nahiz eta definituta ez egon. Izan daiteke faxismo berria, adimen artifiziala edo klima aldaketa. Baina beldurra unibertsala da, eta horren bitartez konektatu ahal izan dut nire pertsonaiarekin. Gauzatzen ez den arrisku baten aurreko ziurgabetasuna du Gretak». Hala ere, istorioak aurrera egin ahala, Gretaren pertsonaiak galderak egiten dizkio bere buruari, baina baita beste herrikideei ere. «Hizkuntza boterea da, eta, Greta galderak egiten hasten denean, botere hori berreskuratu eta bere ahotsa aurkitzen du».

Donostiako Zinemaldia. 'Glaxo'
Glaxo filmeko lan taldea, gaur, Kursaal kanpoaldean. GORKA RUBIO / FOKU

Traizio baten istorioa

Tony Vahlen filmak bezala, atzera begiratzen du Glaxo-k, Benjamin Naishtat zinemagileak Sail Ofizialean gaur aurkeztu duen filmak; Argentinaren iraganera, hain zuzen ere. Naishtatek traizio baten istorioa kontatzen du, denboran aurrera eta atzera egiten duen kontakizun batean. 1957an, Juan Domingo Peron agintetik kendu duen diktadura militarraren hasieran, polizia komisario bat (Marcelo Subiotto) Chivilcoyra iritsiko da emaztearekin batera (Lali Esposito). Emakumearekin liluratuko dira herriko lau gazte, eta horrek haien etorkizuna baldintzatuko du. 

Hernan Rosinok idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da Glaxo, baina Naishtatek azaldu du hura moldatzeko orduan «askatasunez» jokatu duela. «Nobelan ikuspuntu gehiagotatik kontatua dago istorioa, eta baita garai gehiagotan ere». Filma, berriz, 1957. eta 1984. urteetan dago girotua, eta sasoi batetik bestera egiten du jauzi.

Glaxo Argentinaren eta Brasilen arteko ekoizpena da, eta, Naishtatek adierazi duenez, Javier Mileiren gobernuak zinema babesteko estatu politikak desagerrarazi dituelako filmatu zuten Brasilen. «Kultura bat suntsitu dute, eta identitate bat, baina ez da inolako kultur eztabaidarik egon. Proposatu zezaketen beste kultur politika bat, baina halakorik ere ez da egon».

«Kultura bat suntsitu dute, eta identitate bat, baina ez da inolako kultur eztabaidarik egon. Proposatu zezaketen beste kultur politika bat, baina halakorik ere ez da egon»

BENJAMIN NAISHTAT Zinemagilea

Ildo berean, Rodrigo Teixeira ekoizle brasildarrak Hego Amerikako herrien arteko elkartasunaren aldeko mezua eman nahi izan du. «Herrialde lagunen zeregina da besteak erreskatatzea haiek arazoak dituztenean. Gaur egun Argentinan gertatzen ari dena guk ere bizi izan genuen gobernu negargarri batek dena suntsitu zuenean», azaldu du Jair Bolsonaroren presidente urteei erreferentzia eginez, eta gaineratu du: «Herrialde batek sufritzen duenean, gu laguntzera joango gara». 

Naishtatek eta Subiottok badakite zer den Donostiako Zinemaldian sarituak izatea. Zinemagileak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2018an, Rojo lanarekin —beste bi sari ere eskuratu zituen filmak—, eta Subiottok, berriz, aktore onenarentzako saria irabazi zuen 2023an, Puan-ekin —hori ere Naishtatek zuzendua, Maria Alcherekin batera—. Gaurko agerraldian biek eskertu dute Donostiako Zinemaldiak Latinoamerikako eta Argentinako zinema ezagutarazteko egiten duen lana, eta bereziki Jose Luis Rebordinos zuzendariak horretan izan duen zeregina azpimarratu dute. 

(ID_16463496) ESPAÑA FESTIVAL SAN SEBASTIÁN
Amanda Kernell zinemagilea (bigarrena eskuinetik), Garrat du váimmu filmeko aktoreekin. JUAN HERRERO / EFE

Elur orein artean

Arratsaldean, Garrat du váimmu / Brace Your Heart filmaren emanaldia hartu du Kursaaleko auditoriumak, Amanda Kernell zuzendari suediarra eta haren lantaldea bertan zirela, eta aretoan bildutako publikoaren txalo zaparrada jaso dute proiekzioaren amaieran. Hainbat film labur zuzendu ondotik, 2016an eman zuen Kernellek bere lehen lan luzea, Sami Blood, zeinak hainbat sari eskuratu zituen. Charter (2020) izan zuen bigarrena; Sundance jaialdian lehiatu zen filma, eta Suediaren ordezkari izendatu zuten Oscar sarietarako. Garrat du váimmu / Brace Your Heart Torontoko jaialdian estreinatu berri du, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehian erakutsi du orain Donostian.

Samieraz filmatua dago, eta istorioak Ejva du protagonista (Elli Sara Valkeapaa). Elur oreinen zaintzari lotutako komunitate txiki batean bizi da emakume gaztea, Eskandinaviako eremu menditsu eta izoztu batean, aitona-amonekin eta ahizparekin. Aita zenak elur-orein talde bat utzi dio oinordetzan, eta taldea aurrera ateratzeko komunitatearen laguntza beharko du, baita Heaika liderrarena ere (Andte Gaup-Juuso). Gizona Ejvarekin maiteminduko da, baina neskak haren lehengusu Nejla (Vincent Niia) izango du gogoko. Eta Heaikak, jeloskor, bortizki egingo dio eraso emakumeari. Dena atzean uztearen edo komunitatean bere lekuari eustearen artean erabaki beharko du Ejvak.

«Barkamenari eta sendatzeari buruz hitz egin nahi nuen», azaldu du zuzendariak emanaldiaren osteko agerraldian. «Nola sentitzen da bat halako komunitate txiki batean, non dena barkatu beharra dagoen? Halako drama bat gertatzen denean, zein dira alternatibak? Nola egin dena atzean ez uzteko? Horiek dira filmaren galdera nagusiak».

Elur oreinen zaintza sami herriaren kulturaren ardatzean dagoela ere azaldu du Kernellek, eta filma bizimodu hori daramaten herritarrei begirako «maitasun adierazpen bat» dela. «Ni samia naiz, eta, aitaren partetik, familiako hainbat belaunaldik zaindu izan dituzte elur oreinak». Errealitate hori ahalik eta modurik zintzoenean erakusten saiatu dela ere adierazi du zinemagileak: «Ahalegin handia egin dugu irudiak ez zitezen postal itxurakoak izan». Eta, alde horretatik, Sophia Olsson argazki zuzendariak egindako lana goraipatu du. «Dena oso erreala izatea nahi genuen, eta ikuslea geure mundura gonbidatu, pertsonaiekin batera arnasa har dezan».

Hain zuzen, paisaiek protagonismo handia dute filmean, baina Kernellek zehaztu du pertsonaiek sentitzen dutena erakusteko asmoz hautatu zituela. «Inguru hori izugarri ederra da, baina hainbat leku ez genituen grabatu, emozionalki zerbait gehitzen zuten irudiak soilik nahi genituelako. Paisaiek ere erakusten dute nola sentitzen diren pertsonaiak». Ingurune zabal eta elurtuek barnealdeetako plano labur eta intimoagoekin egiten dute kontrastea, zuzendariaren hitzetan «pertsonaien barne munduarekin lotzeko».

Hiru urte eman zituzten antzezleak hautatzeko prozesuan, eta egunerokoan oreinak zaintzen dituzten hainbat lagun ere badira aktore taldean. Rol nagusiak jokatu dituzten hiru antzezleentzat lehen film luzea izan da, eta haien lana ere txalotu du zuzendariak. «Zazpi aste eman genituen entseatzen, ia filmatzen bezainbeste denbora; hori ez da ohikoena izaten, baina hori izan da gakoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA