Donostiako 73. Zinemaldia

Jennifer Lawrence: «Aktoreon hitzak erretolika bihur daitezke; erantzuleengan jarri behar da arreta»

Aurtengo bigarren Donostia saria jasoko du gaur Jennifer Lawrence aktore eta ekoizleak. Bere azken lanetako bat ere aurkeztuko du: ‘Die, My Love’. Erditu ostean bizitzak gainez egiten dion emakume baten rola antzeztu du bertan, Robert Pattinsonen alboan.

Jennifer Lawrence, gaur, Donostiako 73. Zinemaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jennifer Lawrence, gaur, Donostiako 73. Zinemaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2025eko irailaren 26a
18:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohartarazpena egin dute Zinemaldiko antolatzaileek: «Agenda kontuengatik, eskatuko dizuegu pelikulari eta haren ibilbideari buruzko galderak soilik egiteko». Eta hala ere, gainditu egin du eremu hori Jennifer Lawrencen Donostia sariari buruzko prentsaurrekoak. Saria jasotzera ez ezik, Die, My Love filma aurkeztera ere heldu da aktorea jaialdira, eta film horren banatzaile den MUBI enpresaz galdetu nahi izan dio kazetari batek —enpresak Israelgo inbertsio funts batzuekin harremanak dituelakoan—. Ez diote utzi galdera amaitzen, eta, azkenean, zeharka, «mundua dagoen moduan egonda, etorkizunak izutzen ote duen» galderari erantzutean hitz egin du Palestinaz aktoreak. Deseroso agertu da, mesfidati aktoreen iritzien balioaz, baina zuzen erantzun du: «Gertatzen ari dena genozidio bat da, onartezina. Nahiago nuke zerbait esan ahalko banu, zerbait egin ahalko banu egoera konpontzeko. Baina halako galderak erantzutean aktoreon hitzak erretolika bihur daitezkeen beldur naiz. Erantzuleengan jarri behar da arreta, eta ez aktore eta artistengan, zeinak arte eta adierazpen askatasunaren alde egiten saiatzen diren».

Zinemaldia hasi zen egunean jaso zuen aurtengo lehen Donostia saria Esther Garcia ekoizleak, eta jaialdia itxi bezperan jasoko du 73. edizioko bigarren saria Lawrencek. Inoiz aitortza hori jaso duen pertsonarik gazteena da; ibilbide oparokoa, ordea: 2012an, Oscar sari bat irabazi zuen David O. Rusellek zuzendutako Silver Linings Playbook filmagatik, eta beste hiru bider ere egon da izendatuta. Besteak beste, American Hustle (2013), Joy (2015) eta Don't Look Up (2021) film arrakastatsuetako protagonista izan da, eta The Hunger Games (2012) trilogia entzutetsuan aritu da.

«Martin Scorsese izeneko zuzendari ezezagun batek deitu zidan, [Ariana Harwiczen] liburua irakurri zuela eta rol hori antzeztu beharko nukeela esanez. Esan nuen: ‘Barkatu!?’»

JENNIFER LAWRENCE Aktorea

Aktorea bakarrik ez, ekoizlea ere bada Lawrence. 2018an jarri zuen martxan Excellent Cadaver ekoiztetxea, eta hura izan da, Martin Scorseserekin batera, Lynne Ramsay zuzendariaren Die, My Love pelikula ekoitzi duena. Ariana Harwicz idazle argentinarraren Matate, amor (2012) nobelan dago oinarrituta filma, eta protagonistaren rola jokatu du bertan Lawrencek, Robert Pattinsonekin batera: Grace eta Jackson gorpuztu dituzte filmean, New Yorketik landa eremuko etxe bakartu batera lekualdatu den bikote gazte bat. Haur bat izango dute, eta, erditzeaz geroztik, bere burua topatu ezinda, gehiago idatzi ezinda, bere egunekin zer egin asmatu ezinda, zurrunbilo batean sartuko da Grace, Lawrencen pertsonaia.

Ironiaz kontatu du nola heldu zitzaion proiektua esku artera: «Martin Scorsese izeneko zuzendari ezezagun batek deitu zidan, [Harwiczen] liburua irakurri zuela eta rol hori antzeztu beharko nukeela esanez. Esan nuen: ‘Barkatu!?’. Justine [Ciarrocchi, ekoiztetxeko kidea] eta biok Lynne Ramsayrengan pentsatu genuen filma zuzentzeko, eta asko poztu ninduen haren baiezkoak».

Presioa eta energia

Filmean jokatzen duen pertsonaiaren inguruan, aktoreak aipatu du, hain justu, bere lehen semeaz erditu ostean irakurri zuela liburua, eta, bere egoera oso bestelakoa izanik —«zorionez, oso erdiondo ona izan nuen»—, pertsonaia «modu sakonago batean» ulertu ahal izan zuela. «Aurrerago, bigarren erdiondoa gogorra izan zen, eta, kuriosoa da, atzera begiratzen dut orain, eta pelikulan ageri den basoa nik neuk ere igaro izan banu bezala da».

Giro kaotikoa gailentzen da filmeko une askotan, eta «amek egunerokoan pairatu behar izaten duten lan zama handia» islatzen du horrek, Lawrenceren esanetan. «Kontua ez da ama bertsio bat edo beste bat, denetatik zein den hobea, baizik eta zer dakarren etxe bat zaintzeak, norbait hazteak. Zenbaterainokoa den presioa eta zenbat energia erabiltzen den, zeinen zaila den».

«Aktore hasiberriei esango nieke film asko ikusteko, ikasteko, castingetako probak egiteko, baina batez ere zinema ikusteko; hori da inportantea»

JENNIFER LAWRENCE Aktorea

Genero ikuspegi batetik Hollywoodeko akademia nola ikusten duen ere galdetu diote aktoreari, eta, labur, zinema munduak «emakume gehiago» behar dituela esan du: «Munduak aukera ematen digunean, onura ateratzen du: ikuspegi gehiago daude». AEBetako giro politikoa, berriz, zuzen kritikatu du: «Gure adierazpen askatasuna ataka batean dago, erasopean. Horregatik dute garrantzia halako jaialdiek, elkarren pelikulak ikusteak. Elkarren artean konektatuta gaude, eta enpatia eta askatasuna defendatu behar ditugu denentzat».

Donostia saria jasotzeak hunkitu egiten duela aitortu du —«ezustea izan da, eta ohorea»—, eta interpretazioaren munduan bidea urratu nahi dutenentzako aholkuez galdeginda, bestalde, ahal beste pelikula ikustea gomendatu du Lawrencek: «Hori esango nieke: film asko ikusteko, ikasteko, castingetako probak egiteko, baina batez ere zinema ikusteko; hori da inportantea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.