Jesse Eisenbergek 'The Debut' eman du Sail Ofizialean, bere ahotsa aurkitu duen emakume bati buruzko filma

Julianne Moore eta Paul GIamatti aktoreak dira zinemagileak zuzendu duen hirugarren filmaren protagonistak. Errealitatearekin zerikusirik ez duen mundu bat sortu duela adierazi du Eisenbergek.

Jesse Eisenberg, gaur, Kursaalean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jesse Eisenberg, gaur, Kursaalean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel lizarralde
2026ko irailaren 23a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jesse Eisenbergek (New York, 1983) XX. mendeko azken hamarkadan egin zituen lehen urratsak interpretazioan, New Jerseyko antzerki komunitarioaren barruan hain zuzen. «Ni uzkurra nintzen, oso lotsatia, eta han, antzerkiaren mundu hartan, besarkatu egiten ninduten, esaten zidaten zein polita nuen ilea... planeta berri batera iristen den estralurtar bat bezala ikusten nuen neure burua». Hain zuzen ere, bere ibilbidearen hastapenetako urte haiek gogoan izanda idatzi eta zuzendu du Eisenbergek The Debut, gaur Sail Ofizialera batu den lana.

Mona Friedman senarrarekin eta seme-alabekin bizi da, baina bere etxean inork ez dio erreparatzen; ikusezina bihurtu da ingurukoentzat. Senarrarekin eta beste bikote batekin afaltzera ateratzen denean ere, inork ez dio kasu handirik egiten. Baina Monak koruan abesten zuen txikitan, eta, aitzakia horrekin, antzezlan musikal baten hautaprobara aurkeztuko du bere burua. Eraikin baten atezainaren rola bete behar du, eta hari dagokion kantu bat abestuko du proban, baina ez zaio ondo aterako. Hala ere, azkenean beretzat izango da lana, eta entseguei ekin ondoren, obraren zuzendariak, Jerryk (Paul Giamatti), pertsonaian sakontzera, hura ezagutzera bultzatuko du Mona.

Sail Ofizialeko filmak aurkezteko agerraldi gehienetan, aktoreek eta ekoizleek lagunduta azaldu ohi dira zinemagileak, baina, gaurkoan, bakar-bakarrik izan da Eisenberg. Hark azaldu du bere asmoa izan dela «naturalismoa eta errealismoa» albo batera uztea filmean. «Mundu berri bat sortu nahi izan dut. Azkenean, Monaren ikuspegitik sortutako errealitate bat sortu dugu, gurearen antza ez duena».

Izan ere, zuzendariaren iritziz, emakume baten transformazioari buruzko filma da The Debut. «Artista baten jaiotzari buruzko film bat egin nahi nuen. Mona emakume ikusezina da, lasaia, eta ez du inor inguruan, baina, bat-batean, pertsonaia baten rola ematen diotenean, aldatu egiten da. Iratxo bat sortzen da bere barruan, izpiritu bat». Izpiritu horren jaiotzak pertsonaian arakatzera eramaten du Mona, eraikin bateko atezainak izan beharko lituzkeen pentsamenduak izatera. «Zer gertatzen da iratxo hori sentitzen duenean? Azkenik bere ahotsa aurkitzen duenean? Bada, urrunegi iristen da Mona, eta gero ikasi behar du ahots hori kudeatzen».

«Artista baten jaiotzari buruzko film bat egin nahi nuen. Mona emakume ikusezina da, lasaia, eta ez du inor inguruan, baina, bat-batean, pertsonaia baten rola ematen diotenean, aldatu egiten da. Iratxo bat sortzen da bere barruan»

JESSE EISENBERG Zinemaldia

Dramaren elementuak baditu ere, komedia bat da The Debut, eta hori nabaritu egin da gaur goizeko emanaldian. Une batean, Jerry zuzendariak Mona estutzen duenean haren pertsonaian sar dadin, txaloka hartu du publikoak eszena. Sekuentzia hori autobiografikoa dela aitortu du Eisenbergek: «Hori bera gertatu zitzaidan niri antzerki eskolan. Garai hartan antzezpen txarrak egiten nituen, txorakeriak. Eta, Julianneri bezala, oholtza gainean jarri eta oihuka hasi zitzaidan irakaslea. 'Zer gertatzen zaizu?', galdetu zidan, eta handik bost minutura garrasika eta negarrez hasi nintzen. Konturatu nintzen ordutik aurrera edozer gauza egin ahalko nuela». Eszena hori hain barruan zuenez, zazpi minutu baino ez zituen behar izan idazteko.

Julianne Moorerentzat idatzia

Eisenbergek ibilbide luzea egin du aktore lanetan, baina orain dela lau urte estreinatu zen zuzendari gisa, When You Finish Saving the World filmarekin. Obra hartan ere Julianne Moorek parte hartu zuen, eta, Eisenbergek azaldu duenez, «ahots berezi bat» atera zuen aktoreak filmaketan, eta hori akuilu izan zen gerora zuzendariarentzat The Debut idazteko. «Ahots hori buruan gorde, pertsonaia imajinatzen hasi, eta filma egiazkoa egin zen. Julianne ikusten nuen film honetan, eta harentzat idatzi nuen gidoia. Aktore batentzat idazten baduzu gidoi bat eta hark uko egiten badio parte hartzeari, arazo handi bat duzu. Zorionez, onartu zuen». 

Bi aktore nagusientzako hitz goxoak izan ditu Eisenbergek gaurko agerraldian. «Biak dira oso apalak, eta ez dute lantaldea behartzen beraiek nahi dutena egitera. Egorik ez dute. Haiek eroso egon zitezela nahi nuen, goza zezatela filmaketan, eta hala izan zen. Besarkatu egiten ninduten». 

Aktorea ere badenez, lanbideari buruzko gogoeta ere egin du zuzendariak: «Aktoreok leku onenetan egon nahi dugu, xarmantak izan eta txalo guztiak jaso. Nik banuen antzezleei buruzko irudi negatibo bat», aitortu du, baina segidan zera gaineratu du: «Filmaketan, ikusten nuen Julianne eszena bat entseatzen, bera bakarrik, eta prozesu emozional oso bat ari zen pasatzen. Eszena bat prestatzeko, sufritzen ari zen. Niri antzezleei buruzko irudia aldatzeko balio izan zidan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA